Kontseilua: «Osasun Itunean euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea erdigunean izan behar da»
Osasun Itunean euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea erdigunean izan behar da –
- Eusko Jaurlaritzak Osasun Sistemari buruzko Herri Ituna lortzeko prozesua abiatu du, eta bertan parte hartuko duten eragileei eskaera egin die Kontseiluak.
- Egun, Osakidetza euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzetik urrun dagoela azaldu du Kontseiluak.
- Osasungintzako profesionalei euskararen ezagutza eskatzearen aurkako diskurtsoen gorakadaz ohartarazi du.
Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Ituna lortzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak deituriko lehen bilera egingo den honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak dei egin nahi die bertan parte hartuko duten eragileei –alderdi politiko, sindikatu zein osasun arloko erakunde–, eta, bereziki, Jaurlaritzari berari, itun sozial horretan euskaldunen hizkuntza-eskubideen bermea har dezatela aintzat eta jar dezatela erdigunean.
Herritarrei osasun zerbitzu egokiak berdintasunez jasotzeko aukera bermatzea oinarrizkoa da justizia soziala eta gizarte kohesioa gauzatuko badira. Eta, jakina, osasun arta egokia izan dadin ezinbestekoa da herritarra ardazten den hizkuntzan eskaintzea; euskaraz ardazten diren herritarrek euskaraz jasotzea. Hain zuzen ere, asko dira osasun zerbitzua norberaren lehen hizkuntzan jasotzeak sendatze prozesuetan, eta, orokorrean, osasuntsu bizitzean duen garrantzia erakusten duten ikerketak eta horixe azpimarratzen duten osasun arloko profesional eta adituak. Norbera ardazten den hizkuntzan aritzea komunikazio gaitasunarekin eta ongizate emozionalarekin estuki lotuta dago, eta komunikazio ona eta testuinguru emozional egokia osasun arta egokiaren zutoinak dira. Funtsean, kalitatezko osasun zerbitzuaren ezinbesteko oinarri bat da.
Zoritxarrez, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza-eskubideak, osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera, bermatzetik. Gabezia nabarmena da. Gainera, azken boladan, Osakidetzan lan egiteko aukera-berdintasunaren aitzakian euskaldunen hizkuntza-eskubideak, osasun arta egokirako berdintasuna, gutxiesten duten diskurtsoen indartzea ari gara ikusten. Ohartarazi nahi dugu Osakidetzaren, osasun zerbitzu publikoaren xedea eta egitekoa, eta bertako langile guztiena, osasun arta egokia ematea dela. Eta, arestian aipatu bezala, horren oinarrietakoa dela norbera ardazten den hizkuntzan jasotzea zerbitzua.
Hori guztia dela eta, Osakidetza bide onean jartzeko helburuz batuko diren eragile horiei denei, eta duen arduragatik, bereziki, Eusko Jaurlaritzari, galdegiten diogu konpondu beharreko gabezia nagusien artean jar dezatela hizkuntza-eskubideen bermea; eta, konpondu beharreko osterantzeko gabeziekin bezala, osatu dezatela epe hurbilean irtenbideak aurkitzeko bide-orria. Indar berezia egin dezatela mediku, erizain eta, oro har, osasun arloko profesional euskaldunen formazioan, bai abiaburuko ikasteketan, bai formakuntza iraunkorraren bidez.
2024ko irailaren 5a
Kontseilua: «Osasun Itunean euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea erdigunean izan behar da»