Kontrolik gabeko obsesioak
Kontrolik gabeko obsesioak –
Valentziako sutea gertatu zenean, beldur-obsesio berri bat desblokeatu nuen: suteak. Bertan, hamar lagun hil ziren eta beste hainbeste artatu behar izan zituzten, denok irudietan ikusi genituen bi etxebizitza eraikin kiskali zirenean. Valentziakoa gertatu baino egun batzuk lehenago, gainera, otsailaren 19an, Parte Zaharrean beste sute bat gehitu zen zerrendara. Otsailetik aurrera, beraz, Donostian bertan praktikara eraman nezakeen kezka-ardura berria puri-purian nuen: den denari, une oro, su usaina hartuko nion, bere garaian, gas usaina nonahi antzematen nuenean bezalaxe.
Obsesioek dute zerbait oso interesgarria, eta da zerbaitetan oharmena jartzen denean, bat-batean, hori nonahi agertzen dela. Parte Zaharreko kasuan, ordea, ez da norbanakoaren lana bere beldur berriak elikatzeko kasuak bilatzea, zeren eta behin fokua hor jarrita, emaitzak kezkagarriak dira: hiru urtetan (2021-2023), ostalaritza establezimenduetan soilik, udalak hamahiru sute zenbatu ditu. Hau da, bi-hiru hilabetero, sute bat.
Ni, ez naizela Parte Zaharrean bizi eta obsesio eta beldurrerako joera naturala dudan honek, haien kezkarekin bat egiten dut. Auzoko ostalaritza saturazioa begi bistakoa da, bai, baina gainera, hotzean pentsatzen baduzu, bertako etxebizitza askok egurrezko egitura dute, eta haien azpian, ostalarien lurraldean, kontrolik gabeko hiri paralelo mugagabe zenbakaitz bat dago.
Ardura, beldurra, obsesioa sortzen da, zerbait hori errepikatuko dela pentsatzen denean, sute bat etxe azpian izateko aukerak gutxi ez direnean.
Ez al zaio inori gertatu, poteoan, pertsianak itxita zituen establezimendu bateko koxkan eserita egotea, eta halakoan, norbaitek jaikitzeko eskatzea? Eta presaka jaikitzeko eskatu dizun langileak pertsiana irekitzean, hor esertzea erabaki duzunean imajinatuko ez zenukeen lokal bat egotea? Batzuetan edariak ateratzen dituzte hortik, besteetan jaki izoztuak, eta gutxitan, baina badira kasuak, janari berotua. Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak emango ez duen ostalaritza lokalen kopurua (ezin duelako jakin edo nahi ez duelako), ezezaguna da, eta gehienak lizentziarik eta kontrolik gabe daramate haien jarduera osagarria. Hartu ditu udalak kontuan maiatzaren 14an aurkeztu zuen Parte Zaharreko Arrisku Planean? Horri guztiari gehitu behar zaio publikoari irekita dauden ostalaritza establezimenduen kopurua. Bakoitza bere sukalde, frijigailu, parrilla, labe, erauzgailu, aireztatze aparatu, musika eta telebista ekipo eta beste hainbeste gailu elektrikorekin.
Bizilagunek kezka berbera konpartitzen dutenean, arazoa uste baina larriagoa da. Izan ere, ardura, beldurra, obsesioa sortzen da, zerbait hori errepikatuko dela pentsatzen denean, sute bat etxe azpian izateko aukerak gutxi ez direnean. Baita ere, horren gaineko kontrolik ez dagoela uste denean. Eta sentsazioa da, eta ez soilik Parte Zaharrean, udalak ez duela ostalaritzako establezimenduen, lokalen, tximinien eta abarren gaineko kontrolik. Eta beraz, segurtasun planak hankamotz gelditzen dira, izan ere, nola kontrolatu ezagutzen ez dena?