Komunitate zientifiko euskaldunaren aterpea

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2014/2015 ikasturte irekiera ekitaldia egin du Bilbon. Bertan, INGUMA datu-base berritua aurkeztu eta komunitate zientifiko euskaldun indartsu bat izateko elkarlanerako deia egin du. Karmele Artetxe Historian doktoreak euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko Euskal Unibertsitatea beharrezkoa dela azaldu du bere sarrera hitzaldian.

inguma1Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu baseak 14 urteko ibilbidea bete du, 2000n sortu zenetik. Goi mailako euskarazko produkzioa eta egile euskaldunak ezagutarazteko helburua duen proiektu dokumentalak produkzioa osotasunean biltzen du. Ahozko eta idatzizko produkzioaren datuak barneratzen joan da urtero eta egun, 1960tik gaur egun arteko 8.839 egile euskaldunen lanak sailkatuak ditu. Guztira, 36.400 erreferentzia ditu.

Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak, bere agerraldian azpimarratu du inoiz ez dela egon gaur egun baino ikertzaile eta zientzialari euskaldun gehiago, eta gaur berrituta aurkeztu den Inguma datu basea horren “froga argia” dela. Komunitate Zientifiko Euskaldunak irauteko eta garatzeko bi erronka dituela esan du Alegriak: alde batetik, aditu, ikerlari eta zientzialariak formatzera zuzendutako goi mailako euskarazko kalitatezko eskaintza, eta bestetik, aditu horiek harremanetan jartzeko guneak sortzea.

Bestalde, ekitaldia amaitzeko “Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak” hitzaldia eman du Karmele Artetxe doktore eta UPV/EHUko irakasleak. Epe labur-ertainera euskarazko produkzioak aurrera egin dezan, “lehen baino lehen” zenbait neurri hartzea komeni dela azpimarratu du.

“Hasteko, euskarazko produkzioaren ebaluazioa egiteko irizpideak garatzea eta ebaluazio agentzietan erabiltzea. Bestalde, ezinbestekoa da Euskal Unibertsitatea; ez dugu, baina behar dugu, besteak beste, euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko. Bata eta bestearen alde lan egiten dugun bitartean, ezinbestekoa da, ikasle, irakasle, ikertzaile eta profesional euskaldunen sarea indartzen jarraitzea”, azaldu du.

 

 

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Karmele Artetxe; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria; Miren Bego Urrutia, Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendaria eta Iñaki Alegria.

 

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

3 pentsamendu “Komunitate zientifiko euskaldunaren aterpea”-ri buruz

  • Norbaiti bururatzen al zaio artikuluak euskaraz ez egitea? Mirakulua balitz tratatzen duzue hau.

    • Diozun moduan, ez ginateke harritu behar norbaitek artikulu zientifiko bat euskaraz idazten duelako. Eta horrela da, euskaraz edozein jakintza-alorreko gaiak lantzen dituzten adituak, ikertzaileak eta profesionalak ditugu. Ez da mirakulu baina, aldiz, bada. Eta zergatik da horrela? Atzo Karmele Artetxek ikertzaileak adierazi zuen moduen, euskarazko produkzioa zientifikoa moteltzen doa. Azken urteotan bilakaera ezkorra izan du. Gutxiago argitaratzen da euskaraz, orokorrean eta zehatzago Euskal Herrian editatzen diren aldizkari askotan. Horietan, gaztelania da nagusi bertan parte hartzen duten egile asko euskaldunak diren arren.

      Egoera horren atzean, arrazoi asko daude, besteak beste adibidez euskaraz argitaratzen diren artikuluek ez direla aintzat hartzen balorazio agentzietan. Hau da, ikertzaile, irakasle zein adituen lanak baloratzen dituzten agentzietan. Hori dela eta, oso kasu bitxiak ditugu egun jasoak Inguma datu-basean. Esaterako, euskaraz tesia egin duten egileek baina soilik hori dute euskaraz. Ikerketa zabaltzeko eta komunikatzeko idatzitako artikulu guztiak bestelako hizkuntzetan egin dituztenak: gaztelaniaz eta ingelesez.

      Euskal Herriko ikertzaileek, adituek eta profesionalek euskaraz idazten dituzte artikuluak bai, baina hori egiten dutenek erabaki pertsonal bat hartu dute, erabakia ez baita instituzionala. Beraz bada mirakulua testuinguru honetan gure ikertzaileek euskaraz idazteko hautuarekin bat egitea. Eta erabaki horrek merezi du gure errekonozimendua osoa.

      • Ez du errekonozimendurik merezi. Zure hizkuntzan argitaratzea ez da inolako odisearik. Baina EHUn euskaraz ez argitaratzea euskararen egoeraren erantzule izatea da, saiatze hutsagatik kaleratuak izan beharko ziren inadaptatu hauek. 21. mendean gaudela!

        Errua batez ere doktoretza irakasleek dute, hauek dira beste hizkuntzetan argitaratzea uzten dietenak ikasleei. Ikasleari exigitu behar zaio eta hizkuntza eskakizuna edozein herrialde zibilizatutan egiten da.