Komunismo anti-abertzaleaz

Komunismo anti-abertzaleaz –

Andoni Olariaga, ERRIAn.


Urtebete igaro da Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) alderdia sortu eta Estrategia Sozialista Berria izeneko dokumentu “birfundazionala” argitaratu zuenetik. Abenduaren 19an Berrian egindako elkarrizketa batean dokumentuak landutako ideiak berretsi zituen. Zer esaten zuen nazio auziaz? Zer ze eskalatan antolatu beharraz? Zer abertzaletasunaz? Zer borroken jerarkiaz? Feminismoaz? Borroken artikulazioaz? Herri honen zapalkuntzaz? Autodeterminazio eskubideaz?

Komunismo anti-abertzaleaz
Argazkia. FOKU / 2024-05-01, Bilbo. Maiatzaren 1a. Kontseilu Sozialistako manifestazioa.

 

Goazen puntuz puntu. Zein da aldaketa sozialerako eskala edo markoa? Euskal Herria ote da? Nazioartea? GKSren ustez, eskala nazionala “tranpa” burges bat da eta eskala nazionalek “eskaera nazional burges” bati (askapen nazionalari) erantzuten diote. Eskala nazionala tranpa bat denez, hori indargabetzeko antolatzera dei egiten du: “proletalgoa ikuspegi nazionalaren kontra eta internazionalismo proletarioaren alde etengabe hezteko eginbeharra dauka kontseilu nazionalak; proletalgoa, politikoki, ezin baitaiteke inola ere klase nazional bat izan”. Askatu behar dena ez da Euskal Herria; “langileen autodeterminazioa” baizik, EHKSko bozeramaleek elkarrizketa batean berriki esan bezala, Euskal Herriaren askapena “kolore aldaketa edo izen edo lurralde aldaketa huts” bat baino ez bailitzateke izango. “Gaur egun nahitaez eskala supraestatalean antolatu beharra dago ofentsiba-alderdi bateratu gisa. Gizarte burgesa erabat garatuta dagoen bloke horietan, egun ez dago nazio-estatu mailako iraultza politikoetarako inolako aukerarik.” Boterearen eskalak birkonfiguratu diren honetan, eskala handian eragiteko, eskala txikia eraldatuz hasi behar da, ordea, internazionalismoaren tradizio eraldatzaileak beti erakutsi digun bezala. Izan ere, botere neoliberal, patriarkal, arrazial eta nazio zapaltzailea lurraldetua eta konkretua da, eta lekuan leku forma desberdinak hartzen ditu; horri aurre egiteko errezetak ere, hortaz, ezaugarri berekoa behar du izan. “Mugimendu sozialistak” egindako aliantza guztiak (publiko egin berri duten Espainiar estatu mailako webgunea barne), gainera, ez al dira estatu mailakoak izaten ari?

Aurrekoak bigarren puntura narama. Nork du bere burua autodeterminatzeko eskubidea? Zein da askapen subjektua? Herriak? Pertsonak? Langileria? EHKSren testuak autodeterminazio eskubidearen inguruko gogoeta berri bat dakar, herrien autodeterminazio eskubidea desitxuratu eta esanahiz hustu egiten duena. Izan ere, herria beharrean, eskubidearen subjektu langile klasea bihurtzen da. De facto, beraz, herrien autodeterminazioa eskubidea ukatzen da, programa politiko baten gauzapenera baldintzatzen baita. Izan ere, herrien nazio eskubidea aitortzen da, bai, baina nazioarteko ordena sozialista lortu orduko egoera batera baldintzatuta.

Hirugarren puntua zapalkuntzen ezaugarritzearekin lotua dago; nola ulertzen ditu GKSk Euskal Herrian sufritzen ditugun zapalkuntzak? Jerarkia bat ote dago horien artean? Ba ote daude egiturazko eta bigarren mailako zapalkuntzak? GKSrentzat, bai, nabarmen gainera. Askapen nazioalaren aldeko borroka (edo feminismoa) “identitate fragmentarioen politikak” dira, eta “identitate-politikek klase subjektu proletarioa desegin dute”. Ez hori bakarrik, “zapalkuntza-forma horiek, modu konplexuan, burgesiaren boterea indartzeko balio dute”. Halaber, burgesiak “identitate politiko artifizial eta interklasistetan zatikatzen dute” langileria, “borroka horiek erreforma antzuari eta programa burgesari” lotuz. Zapalkuntzen erroa bat eta bakarra da GKSren ustez, “klase-gizartea eta ekoizpen burgesa, zeinei oraindik ere zapalkuntza horiek funtzionalak zaizkien”.

«De facto, herrien autodeterminazioa eskubidea ukatu egiten da, programa politiko baten gauzapenera baldintzatzen baita»

Laburbilduz: erro edo egiturazko zapalkuntza bat eta bakarra dago. Horren azpitik edo ondoren, zapalkuntza “identitarioak” (nazioari, generoari, arrazari… lotuak). Identitate politika “artifizialak” albo batera utzi eta erroko benetako borrokara batzeko (langile askapenera) batzeko deia egiten du testuak. Finean, hegemonia bilatzen duten mugimendu feministaren eta nazio askapen mugimenduaren kontrako erlauntza teorikoa aurkezten da, burgestzat, interklasistatzat eta identitariotzat jotzen baitira horiek. Esplizituki esaten da, “programa feministari, nazionalistari eta abarri, finean, programa interklasistari eta politika erreformistei, fronte guztietan aurre” egin behar zaiela. Izan ere, GKSrentzat ideologia “burgesarekin lotzen dituen kontzientzia faltsua [feminismoak, nazionalismoak… hauspotua] apurtu beharra dago”. Ez al dira, finean, abertzaletasunaren eta feminismoaren kontra egin behar dela esaten ari?

Laugarrenik: zein da proposatzen duten estrategia politikoa edo bideorria? Boterea hartu, eraldatu, gainezkatu ala “suntsitu”? Eskuin muturrak higatzen ari dituen instituzio publikoak borrokatu? Politikaren lehen lerroan jendartearen eskubideak defendatu? GKSren ustez, boterearen forma guztiak “burgesiarenak” dira; berak eraikitzen dituen espazio “autonomoak” izan ezik. Hori hala izanik, ez da harritzekoa dokumentu birfundazionalak eraldaketa prozesu, egitura komunitario zein instituzional oro (eskolak, ikastolak, Osakidetza, garraioa, unibertsitateak… ulertu behar dugunez) suntsitzera dei egitea: “burgesiaren botere politikoa suntsitu beharra” baitago. “Ez dago komunismo zantzurik estatu burgesaren neutraltasuna defendatzen dutenen artean, ezta langile-klaseen interesak dinamika instituzionaletara bideratzeko beharra babesten dutenen artean ere.” Hori dela eta, aurre egin behar zaio “kapitalaren alderdiari, eta bereziki bere ezkerreko hegal sozialdemokratari”. Instituzio guztiak burgesiarenak badira, ordea, eta sistema bera goitik behera burgesa, ez ote dira ustezko instituzio libre horiek ere burgesiarenak? Halaber, boterea hartu gabe boterea eraldatzea ote da planteamendua?

«Politikaren baino erlijioaren antza handiagoa duen mundu ikuskera batean goxo. Nire galdera da: ba ote dago aurreko mundu ikuskera hori baino ikuspegi anti-marxistagorik?»

Bukatzeko, testuan zehar EHKSren (edo GKSren) mundu ikuskeraren gakoak azaltzen dira, txuribeltzean, beste mundu bati erabat oposatuta. Izan ere, dokumentuan aurkezten duen programari zimendu ideologiko itxia eta indartsua emateko, txuribeltzean pentsatutako mundu ikuskera erabat hertsia proposatzen du.  Zer ikuspegi du klaseaz? Zer arrazoiez eta emozioez? Nola ulertzen ditu euskal gizarteko mugimendu politikoak? Mugimendu sozialista iraultzailea da subjektua. Bere begirada arrazionala da, eta programa iraultzailea du oinarri. Hala, zentralismo demokratikoz (goitik beherako lidergotza) antolatutako alderdi komunista da langileria antolatzen duena (“klase unibertsal” bakarra). Helburua, egiturazko zapalkuntza benetakoarekin bukatu (“klase sistemaren zapalkuntza”). Horretarako, nazioarteko eskalan (“eskala supra-estatala) antolatzera deitzen du (“egun ez dago nazio-estatu mailako iraultza politikoetarako inolako aukerarik”), eskala nazionalaren kontra.

Txuribeltzeko munduaren beste aldean, noski, sozialdemokrazia legoke. Ez du begirada arrazionala, “irrazionala” eta are emozionala baizik. Programa iraultzailearen ordez, programa erabat erreformista (“eskematismo taktikoa”) planteatzen du. Bozka gehiengo instituzionala bilatzen duen “alderdi hegemonista masazkoa” da, finean, “burgesiaren alderdia” (EH Bilduk). Langileria baino, “interklasismo burgesa” proposatuko luke, egiturazko zapalkuntzak eta klasea baino “identitate politiko artifizialak” (feminismoa, nazio askapen borroka) artikulatzeko. Horretarako, “agortua dagoen”  “eskala erregionalean” (Euskal Herrian) eragitea proposatzen du, bere programa “burges” antzua (prozesu independentista) aurrera eramateko asmoz.

«Ez al dira, finean, abertzaletasunaren eta feminismoaren kontra egin behar dela esaten ari?»

Horrela, bata bestearen kontra, dialektikaren arrastorik gabe, politikaren baino erlijioaren antza handiagoa duen mundu ikuskera baten aurrean aurkitzen gara. Nire galdera da: ba ote dago aurreko mundu ikuskera hori baino ikuspegi anti-marxistagorik?

Irudipena daukat, bere burua berritzaile eta apurtzailetzat daukan mugimendu batek, komunismoaren eskema eta ideia zaharrak errepikatu baino ez dituela egiten. Hainbat zentzutan. Burujabetzaren terminotan planteatzen ez diren borrokak, neoliberalismoaren aurrean antzuak dira. Izan ere, emantzipazio egitasmo ororen (nazio, klase, genero, langileria -produktibo eta erreproduktibo-…) abiapuntua egoera konkretuaren analisi eta praktika konkretua da. Marxismoen, feminismoen, askapen mugimenduen zein teoria dekolonialen artean elkarrizketa da behar dena, ez goitik beherako teologia kristaua. Emantzipazio borrokak elkar elikatzeko eta artikulatzeko baitaude, ez elkarri zangotrabatzeko.

Komunismo anti-abertzaleaz  Komunismo anti-abertzaleaz  Komunismo anti-abertzaleaz  Komunismo anti-abertzaleaz  Komunismo anti-abertzaleaz  Komunismo anti-abertzaleaz  Komunismo anti-abertzaleaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

27 pentsamendu “Komunismo anti-abertzaleaz”-ri buruz

  • EHBilduk ezkerra eta independentziaren aldeko borroka alde batera utzi dituenean sortu da indarrez GKS, ezkerreko diskurtso zorrotz(egi), baina Europaz mozorrotutako espainiarzaletasun batekin.
    Atzo arratsaldean ERNAIkoak izandako gaztez josita dago GKS. Ez dizue zer pentsatua ematen?

  • Duela 1.200 urte (824 urtea) autodeterminatu ginen, herriak autodeterminatzen diren modu bakarrean, jardunez.

    Nabarrako zuzenbidean oinarritutako herri-ekintzaren oinarria ezartzeko gure antolaketa-prozesua ez ezagutzeak, baskoia edo pirenaikoa ere deiturikoa, akulturaziora eraman gaitu, non herri honen esentzia herrialdetik kanpoko kultura politikoek ordezkatu duten, izan ginen herri gisa desintegratuta amaitzeko haztegia, eta horren arrastoak, gaur egun, biziberritzeko itxura ez duten txingarrak dira, sostengu ideologiko, politiko eta historikorik ez izateagatik.

  • Mikel Haranburu 2024-12-26 14:26

    Langile klasea, langile klasea… eta alfer-klasea non kokatzen gaituzte, burgesak baino burgesago burgesian? “Proletalgoan”?
    Lanaz askatzea ez al da iraultzailea, zeinahi den gure beste askapen ingurunea (hizkuntza, herria, kultura, ekologia, feminismoa, antolaketa politikoak…)?

  • Ados nago Andoni Olariagaren tesi nagusiarekin. GKS-EHKS gazte mugimendu berri hau anti abertzalea dela.

    Nik uste dut badagoela Herri Abertzale bat Euskal Herriko lurraldeetan bizi den herritarren gehiengo sozialaren pultsioa edo jasotzen duena eta bere osaeran soldatapeko langileak edo ta koperatibistak oro har eta kategoria guztietako enpresariak atxekitzen direnak .

    Nik uste dut Herri Abertzaleak Euskal herriko jendarteko gehiengoaren “general intelekt”a edo osatzen duela , non eta balore berdinzaleak- humanistak gailentzen diren.

    Halaber uste dut bagaudela nolabaiteko inpasse historiko batean, hamarkadetako frankismo gogor bat jasan ostean , estatu espainoleko bide autonomikoaren blokeoaren aurrean eta matxinada armatuaren porrota eta itxieraren ostean.Ados nago orohar Joseba Zulaikak orain berri publikatu duen tesi horrekin.

    Herri abertzalearen kontra jotzen duen gazte mugimendu sektario ta negatibo hau ulertzeko uste dut inportantea dela ulertzea ze gertatu den gaztetetxeetan-ikastetxeetan azkeneko 30 ta piko urteetan. Bereziki 80 hamarkada erdialdeko gogorretatik aurrera.

    Tamalez gehiegi luzatu zen gatazka armatuaren faseak utzi ditu zenbait gazte kultura deitoragarri, GKS-EHKSko hauek abanderatzen dituztenak.Arrigarria bai, baina gertatzen ari da.

    Halere ziurtasuna daukat gazte mugimendu berri baten taupada eraikitzaileak jendartearekiko eta bestelako belaundaldiekiko elkartasunez gailenduko dela eta egikarituko dela ,fenomeno anti abertzale hau gaindituaz edo eta ertzean utziaz.

    Ni zahartzarotik gertu nabil eta oso ilusionatua nago ezker abertzale historikoarekin.

    Iruditzen zait txapela kentzekoa dela azkeneko 20 urteetan egin duten aldaketa prozesua. Inpresionantea, arrakatsua..

    Ikusten dut Ezker Abetzale historikoa bestelako sektore zabalekin eta antolakundeekin nolabaiteko estrategia eta eraldaketa egingarri bat eskaintzen ari dira Euskal Herriaren askatasuna lortzeko.

    Zabala, dinamikoa, graduala, inteligentea,nazioartekoa. Egingarria diot nahiko era intiutiboan , kontuan hartuta nazioarteko krisitzar ta garai aldaketaren transizio korapilatsu ta harriskuz betetako hau.

    Euskal herriaren alde , herri abertzalearen alde, bestelako mundu bat posible baita.Etsi gabe. Esperantza disziplina bat baita .

  • Batzuek langile klasea jartzen dute beti eta egoera guztietan beste guztiaren gainetik, eta langilearen borrokarako oztopo deritzotena etsaitzat daukate. Adibidez, abertzaletasuna.

    Badira euskalduntasuna beti eta egoera guztietan beste guztiaren gainetik jartzen dutenak, eta kaltegarri deritzote borroka horretan zatiketa eragin dezaketen aldarrikapen sozialak, feminismoa…

    Feminismoa beste ororen gainetik beti eta egoera guztietan jartzen dutenak ere badira, eta abertzaletasuna alde batera utzi eta alderdi espainolista bati botoa eman diezaiokete, bertakoak baino feministagoak direla baderitzote.

    Etabar, etabar, etabar…

    Baina zer zentzu dauka tabernari batek “en castellano” esaten dizunean, langile izaera nabarmentzea? Zer zentzu, bortxatzailearen izaera euskalduna goresteak? Zer zentzu guardia zibil baten konplize sentitzeak emakumea delako?

  • Langile klasea? Zer da langile klasea? Esate baterako beren lan orduak egin ondoren jatorrizko herrira doazen horiek hango alorrak zaintzera, dirua galduz eta atsedena eta denbora, senideei zerbait eskaintzeko eta kultura Maite duten horiek , Edo kontsumo orduan bizi diren gazte sozialista horiek, sekula ere gurasoei etxean eta herrian lagundu ez dieten horiek, babukeriak baino ez dioten alfer saldo horiek.

  • Nere ustez gazte mugimendu berri horretan gaztetxeetan azken hamarkadatan garatu diren kultura txarrenen eta antisozialen erreproduzitzaile deitoragarriak dira.

    Nabarmentzen dira frakasatu eskolarrak , familia arazoak dituztenak , erasotzaile-jazartzaile perfileko dexente-batzuk eta bestalde babesten dituzten guraso askok politikoki nahiko motzak somatzen ditut, inkapazak ezta autokritika edo azterketa minimo baterako, gaztetxero edo izandako guai dexente arduragabeak,…enfin , emaitza- deribada… ba horrelako mugimendu anti abertzale-soziala politikoki ergela iruditzen zaidana, etabar.

  • Gazteen leku zabalak- Euskararen leku zabalak bai, gaztetxeak ez ( Hemen dago landu beharreko irtenbide
    kultur- iraultzailea herri abertzalearen – euskararen etorkizun hobe baterako)

  • “Komunismo “anti abertzalerik ez; abertzaletasun herri zale zabal eta anitza bai.( Sozialismoa idei on bat iruditzen zait arazoen konponketarako eta bizitza hobe baterako).

    Eraikuntza, seguritatea, elkartasun intersekzionala, kultura,administrazioarekin elkarlana,zerbitzu sozial -kultural kalitatezkoak,eraldaketa.Poliziaren eraldaketa murrizketa desmilitaziorantz.

    Konfrontazio ergelarik ez; eraikuntza da borroka.Elkarbizitza jendartezale eraldatzailea ,berdintasunerat.

    Euskara normalizatu gogoz, pasioz ta inteligentziaz gaztelera ta frantsesa maitatuz ere bai.

    Gazteriaren alde , babestu eta lagundu.

    Beraien autonomiaren alde .Beraiengatik, gugatik, denon hobekuntzagatik.

  • Mikel Haranburu 2024-12-31 11:58

    Gazteen zereginikk behinena heldu bilakatzea da. Gainerakoa literatura.

  • Mikel Haranburu 2024-12-31 12:02

    “Euskara normalizatu gogoz, pasioz ta inteligentziaz gaztelera ta frantsesa maitatuz ere bai”.
    Mezu hauek arriskugarriak dira, estakuru mozorrotuak ez badira. Onginahiz emanak, baina tranpatiak: Okzitanierak ere maitatuz, Fabla ere maitatuz, Katalana ere maitatuz? Ala soilik geurearen ordezkapenaren subjektu diren horiek?
    Ala hizkuntza guztiak maitatzen ditugu, ala bat bera ere ez.

  • Nahiko ados Jonbirekin.

    Aldaketak ene ustez eredu berri bat sustatuko duten herri ta auzo guztietako gazte asanblada eta euskalgintza berriaren elkarekintzaz etorriko da gaindituko duena GKS_EHKS, antibakunak ta horrelako fenomeno negatiboak herriarentzako ta abertzaletasunarentzat.

    Hezkuntza sistema ta kirol sistemari dagokionez aldaketa errazago etorriko direla sumatzen det eta herri ta auzoetan ziur kultur eremutik , euskaratik etorriko direla (musika , bertsolaritza, arteak…).Nerbio nagusia euskara , gure hizkuntza nazionala.

  • Gure lehen arazo soziala gure arazo nazionala da.
    Behin hori prozesatuta, iparra berreskuratuko genuke eta horren arabera jokatuko genuke.
    Subiranotasunik ez duen herri batek, herri hori ez da gai arazoak konpontzeko, subiranotasun falta hori baita arazo nagusia.

  • Celaco mania gazte hauen aurka! Joe… Baina çuetaco norbaitequin sartu dira?
    Ez direla aberçale… Eta? Normala da! Erabat ulergarria!
    Euscalçaindiari, Berriari, EHUri, eta halaco cicare ciquinei amen eguiten derauçuten denec, aberçaleago othe çarete? Bai? Bai cera!!! Hypocrita hutsac!!!

  • Hipokresia? Beno, beno , mesedez…ez duzu ezer ere ulertu Alexandre. Eraso , ergelkeri eta eskema zahar frakasatu, ortodoxo ta sektarioen aurrean euskal aberriarekiko – herriarekiko- euskarrekiko maitasuna eta eraikuntza soziala.Gazteak izan edo helduak izan.

  • Hauec euren battaliac daduzcate, eurec hauthatzen dituzten etsaien aurka. Eta jassotzen dute ere egurra. Ez da dohainecoa ere euren ekimbidea. Bainan ikasten ari dira.

    Espainiaco Frente Obreroarequin, edo bere buruçagui Roberto Vaquerorequin eduqui dituzte eurenac. Azquenecoa orainche bertacoa, non Vaqueroc haien aurka video bat publicatzen duen, haiec bere aurpeguia jarri dutelaco afficha batean.

    Ni ez nathor bat Muguimendu Socialistarequin, ia ecertan; eta aguercen direnean jendearen aurrean, euren buruzagien caretoac eta euren itchurac, ba joe… gazte alaiac ez dirudite, ez! Ait ledite euren aurpheguia alai!

    Bainan cerbait ari dira eguiten saiatzen. Gustuco ala ez, eurec euren rolloan aurrera darraite. Animo!

    Eta Frente Obreroco españolazo sasicume haien aurrean, ba gureac defenditu behar ditugu hortz guztiequin.

    Aupa çuec!!!

    Eta muxu pila!!!

  • “Frente Obrero” espainiarraren antz handia dute mugimendu sozialistako antiabertzaleak. Bere sektarismo, eta ortodoxia ergelan ,herriaren – abertzaletasunaren kontrakotasunean.

  • Alexanderren hitzetan aurkitzen da gure gabezien arrazoietako bat. “Bainan cerbait ari dira eguiten saiatzen.”

    Besteek egiten dutenaz kexu gutxiago eta guri dagokigunaz gehiago egingo bagenu gauzak zeharo desberdinak liratezke. Baina, herri honek, nazio hitza gehienetan handi baitzaio, egun ez du anbizio profil nahikorik. Buruzagitza argirik ezta ere. Kapital humanoa eskas eta utzikeria edonon. Erretako militanteen eta kexatien aberri bihurtu gara. Indarrak guztiz sakabanatuta ditugu eta, gainera, XXI. mendeko gazteen idealismoa kapitalizatzen ez dugu jakin. Zein da gaur Euskal Herriaren alde egin duzuen ekintza nabarmenena? Abertzaletasuna zombie bat da, ber denboran hilik eta bizirik dagoen fenomeno bat.

    Herri txikiek handi amestu behar dute.

  • Benat Castorene 2024-12-31 19:10

    Milesker Eneko, abertzalei buruzko zure diagnostikoa iparraldeari doakio nahikoa ongi.
    Iduritzen zait herri tipiek errealitatea ezagutu eta “onartu” behar dutela: gero horren araberako ideal eder eta anbiziosa pentsatu behar dute (ez amestu ordea!) eta estrategia bat serio pentsatu oraiko errealitatetik idealera, gure momentuko indarrak beti kontuan hartuz eta ez desbideratzeko begiak idealari buruz beti finkatuak atxikiz.
    Barkatu maisu aire mintzatzeagatik, SWen pentsamendua interpretatzen saiatzen ari naiz eta.
    Azken gauza bat: gure iparraldean “ametsa” da eroso bizitzeko amarru politikoki zuzena.
    Urte berri on denei.

  • “Zerbait egitea” kontrakoa bada ,erratua bada , ba…ezin ametitu.

    Errespetu guztiarekin Eneko baina zelako azterketa zonbia abertzaletasunaz daukazuna.

    Nik esperantzarako zantzu eta aktibismo asko somatzen ditut ta Jonbirekin bat eginaz Zulaikaren ” impasse” egoera hostorikoaren traza hartzen diot egoerari.

    Baina gazte ta heldu potentzia handia bor bor , hegoaldean ,baita iparraldean ere bai.

  • Mikel Haranburu 2024-12-31 20:29

    “Vascos por el mundo”; horixe da gaur egungo gazte askoren ametsa edo egitasmo politikoa.

  • Mila esker, Benat, zure hitzengatik. Pentsatzea, beraz, amestu ordez. Nigatik ados. Baina beti ere, zuk diozunari jarraituz, pentsatu den hori egikaritzea, estrategia ongi garatu bat jarraituz. Baina, zer esan dezake buruak soin-adarrak lo badabiltza edo kordinazio aldetik eskas? Sinergiak bilatzeko ahaleginik egin ezean ezer lortu gabe hustuko ditugu indarrak, baina oro bere txokoan goxo-goxo.

    Eneritz, bai, zombie bat da abertzaletasuna egun. Aktibismoa baden arren ezin daiteke esan aktibismo hori aski abertzalea denik edo aberri/nazio eraikuntzaren alde egiten duenik. Gure “alderdiek”, daukaten errepresentazio guztia gorabehera, ez dute benetako aurrerapausorik eman nahi, kuota galduko dutenaren beldurrez. Posnazionalismotik hurbilago daude egun, dirudienez, fraseologia gordetzen duten arren. Baterako bultzarik ez da. Daukagun asktibismoa, bestetik, espontaneitatearen zantzu bat da, hainbat arlotakoa izan daitekeena, baina ez dago ongi integraturik eta horrekin, gure egoeran, ez goaz inora. Eta hau jendeak egiten duen esfortzu guztiak errespetatuz dinot nik baita ere, baina ez gaude nahikoa egiten ari edo gaizki egiten gabiltza, dirudienez.

  • Nihilismoa ez da inoiz oso estimulantea izan. Subjetibitatean dago gakoa ene ustez bataila eraginkortasunez emateko.Objetibitatezko osagai bikain asko ditugularik arlo politiko, ekonomiko, hizkuntzako eta komunitarioan.

    Arriskuz betetako garaiak , aldaketako garaiak, erabakitzeko eskubidearean disputa nazioarteko eta nazioko baldintzak disputan. Euskal abertzaletasunaren loratze berri bat eraikitzen.

  • Benat Castorene 2025-01-01 12:00

    Nik behar diozut eskerrik asko erran Eneko. Hori bera zuen espero nuen erreakzioa. Izan ere errezetatu dizudana, nik uste, egia garrantzizkoa bada ere teorikoa gelditzen da
    “[…]soin-adarrak lo badabiltza[…]” edo “[…]kordinazio aldetik eskas[…]” geratzen bagara. Eta diozun bezala “Sinergiak bilatzeko ahaleginik egin ezean ezer lortu gabe hustuko ditugu indarrak, baina oro bere txokoan goxo-goxo”.
    Zure komentarioa komentatzeko, zure galderari erantzuteko artikulu bat idazten saiatu behar nuke. Ene iturriak errebisatu ondoren haatik astakeriak ez erraiteko.
    SWek “L’enracinement” programa politikoan proposatu zion De Gaulle generalari estrategia alternatibo bat zeina populua bera moralki edukatzean eta protagonista nagusi jartzean baitzetzan, bai erresistentzia armatuan bai herria berreraikitzean. De Gaullek ez zion kasurik egin zeren epe labur kontatzen ahal baitzuen aliatuen indar armatuaren gainean eta, kalitate altuko militar eta politikari burgesa izanki, badaezpadaere, populua ez zukeen sobera ahaldundu nahi gerorako.
    Bistan da garaiak eta egoerak desberdinak direla. Baina kasu bietan populu baten biziraupenaz tratatzen ari gara.
    Animo

  • Eskerrik asko zuri, Benat. Aipatzen duzun artikulua idaztekotan espero dut merezi duen hedapena izan dezala, zurea bezalako ahots zentzudunak behar baititu herri honek egun. Halaber, aipatzen duzularik, irakurtzeke dut zure SWen “Askatasunaren erroak” itzulpena. Espero dut laster hari heltzeko beta izatea; orduan, aipatzen duzunaren gaineko funtsezko iritzi bat emanen ahalko dizut.

    Adeitasunez,

    Eneko.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2025-01-07 00:04

    Jatorrizko dokumentua ez dut irakurri. Baina Andonik idatzi diguna irakurrita, nire gaztetako EMK eta LKI eta antzeko alderdien ideiak datozkit burura. Laburtuta, “egin dezagun iraultza munduan, Euskal Herria aintzat hartu gabe”. Militante haiek mundua konpondu nahi zuten, baina Euskal Herriaren nortasunari eta baldintzei erreparatu gabe. Honela bukatu zuten alderdi haiek guztiek, zokoratuta, inork aintzat hartzen ez zituela.
    Mundua etxetik hasita askatu behar da. Gure kasuan, Euskal Herritik. Gaur egun, zoritxarrez, ez gara geure buruaren jabe, Madril eta Parisen menpe bizi gara. Hortaz, ezin ditugu Euskal Herriaren arazo nagusiak konpondu. Egun dugun subiranotasun maila eskasa da; beraz, ezin dugu geure aberastasuna behar bezala administratu eta ezin ditugu nahi ditugun legeak finkatu, horretarako parlamenturik ere ez dugulako. Hiru administraziotan zatituta gaude; beraz, gure indarrak sakabanatuta daude. Hauek dira gure arazo nagusiak; gainerakoak, horren ondorioz sortzen direnak dira: euskara eta euskal kultura indarra galtzen ari dira, komunikabide nagusiek kanpoko ikuspegia saltzen digute eta abar.
    Onargarria iruditzen al zaigu norbaitek auzoa konpontzen jardutea bere etxea eta familia abandonatuta dituelarik? Ez, lehen konpromiso etxekoekin duela esanen genioke. Kritika bera merezi du mundua konpondu nahi duenak Euskal Herria alboratuta.

  • ZETAK, bai ; GKS-EHKS, ez eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude