Komunikazioaren eta transmisioaren garrantzia

Komunikazioaren eta transmisioaren garrantzia –

Altsasun, 1936an, gehienak errepublikazaleak ziren; egon ziren, baina, falangean sartu zirenak ere. Alberto Barandiaran Amillano kazetari altsasuarrari amaginarrebak beraren anaia zaharrenarena izandako libreta bat eman zion; falangistekin gerra eginik Lemoaitzen hil zuten Luis Fernandez Arregirena zen. Falangista horren gerra-kronika da, batetik, berriki Susa argitaletxearekin plazaratutako Gurea falangista zen liburua; baina hori baino gehiago ere bada liburu horren azken kapituluan: aitortza ausart bezain eskergarria. Oso bakan gertatu dira horrelako aitortzak; milatik bederatziehun eta laurogeita hemeretzitan isildu egin baitira. Zer aitortu du, ba? Kazetariaren Pablo Amillano aitona falangista Altsasuko herritarren kontrako epaiketetan deklaratzen aritu zela, eta haren deklarazioak erabakigarri gertatu zirela zigor larriak ezartzeko. 

Komunikazioaren eta transmisioaren garrantziaFamilian orain arte inork ez omen du jakin. Lehengusu zaharrenek esaten omen zuten aitona “Francoren aldekoa” zela, baina besterik ez zietela azaldu etxean. Lehengusuren batek inoiz aipatua omen zuen Falangeren aldekoa zela aitona, baina “Falangeko inozoena”, ez zuelako inoiz erabili bere posizioa aberasteko edo karguren bat lortzeko. “Ondradua izan zen, muturreraino ondradua”.

Beno, bada, ez! Ricardo Urrizola Uhalde ikerlariak “Consejo de guerra: injusticia militar en Navarra (1936-40)” liburua argitaratu zuen 2017an, eta horretarako Errepublikaren alde aritutako ehunka pertsonaren aurkako gerra-kontseiluen dokumentazioa arakatu zuen, milaka orritako dokumentazioa. Zentratu zen lekuko, abokatu, fiskal eta epaileen babesarekin burutu zen errepublikazaleen aurkako errepresioan, eta hortik iritsi da jakitera Barandiaran lekukotasun erabakigarriak eman zituela bere aitonak hogeitaka altsasuarren aurka, eta beste lekukotasun batzuekin batera haiek axola handikoak izan zirela herrikide errepublikazaleak injustuki zigortuak izateko. 

Baina gauza bat da jakitera heltzea, eta bestea kontatzea, gorago esan dugun bezala. Eta hori ez da guztia. Zenbateraino zabalduko dira bi liburuok; bata, Ricardo Urrizola Uhalderena, eta bestea Alberto Barandiaran Amillanorena? Ikastetxeetan ez; argitaletxeek lan itzela egiten ez badute, oso zaila da. Batez ere, gazteengana heltzea. Sare sozial, plataforma digital, mugikor, eta tableten aro honetan, ikaragarri zaila da. Eta aldi berean, zein axola handikoa den; are gehiago, gurea bezalako herri baten, burujabe ez izaki.

Oraindik orain argitaratu den liburu horrek duela urte mordoxka irakurritako beste bat ekarri dit gogora: Iñaki Irasizabalen “Burua txoriz beterik” (Elkar, 2004). Alde batera, oso ezberdina da. Alberto Barandiaranen liburuan, gerraren atzeguardian egindako izugarrikeriak eta haien isiltzeak; Irasizabalen liburuan, aldiz, etxe barruko kontuak. Aita eta semearen arteko inkomunikazio arazoak; protagonistaren alaben eta senarren artekoak, hainbat gorabehera tarteko; eta, komunikazio kaskarraren ondoriozko banaketa mingarriak; eta, halere, badute zerbait amankomunean. Zer? Isiltasun eta komunikazio falta, barruko gauzak hurbilenekoei ez transmititzea.

“Burua txoriz beterik” liburuko protagonista semearekin bizi den gizon alargun bat da. Senar-emazteek hiru ume izan zituzten: bi alaba eta semea. Banatu egin ziren, eta banatu ondotik, istripuz hil zen emaztea. Semearekin bizi da. Bi alabak ezkonduak eta familiatuak dira, eta era berean, bananduak. 

Protagonistak ez daki ezer berarekin bizi den semeaz; ez dute komunikaziorik; eta zer da-eta, ustekabean, bere buruaz beste egiten du semeak. Hainbeste banaketa eta arrakala nolabait josteko amaiera oso bitxia du nobela laburrak, baina ez naiz espoilerra izango. Inkomunikazioa du ardatz. Idazlea ez da inkomunikazioaren arrazoietan enplegatzen; bakarrik erakutsi egiten ditu ondorioak.

Nobelatik egunerokora etorriz, guraso garenok badakigu zenbat kostatzen den seme-alabekin harremanak izatea. Haiek beren munduan bizi ohi dira eta gu geurean; seme-alabak errealitate digital-birtualean askoz barneratuago eta haien menpekoago; eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak betiere zailak izan badira, arrakala teknologiko-digitalarekin ez dira ez errazagoak!

Nola hobetu komunikazioa eta transmisioa? Kontua ez da errua eskolari botatzea, edo lagun-taldeari. Hezkuntza-sistemak dagoen bezala, ez duela aukera handirik uzten, esango dizute, eta arrazoi pixka bat izango dute.  Curriculuma ezartzean, estatuaren aldetik mugatua egoteak ez du lagunduko; hala eta guztiz ere, ikastetxeek ez al dezakete gehiago egin?

Familian -jakitun naiz era askotako familia unitateak daudela egun-, komunikazioa eta transmisioa zailak badira, ez da errazagoa belaunaldien arteko transmisio pertsonal eta politiko-kulturala. Izango al dute Ricardo Urrizola Uhalderen “Consejo de guerra:  injusticia militar en Navarra (1936-40)” liburuak, eta Alberto Barandiaran Amillanoren “Gurea falangista zen”-ek merezi duten zabalkundea? Gomendatuak dizkizuet.

Komunikazioaren eta transmisioaren garrantzia Komunikazioaren eta transmisioaren garrantzia Komunikazioaren eta transmisioaren garrantzia

Saiakera-idazlea