Kolonoen aurpegi berria

Kolonoen aurpegi berria –

Negu gaua zorrotza, nahi baino gose gehiago eta ezin lo egin, beldurra baizen nagusi. Aspaldiko oroitzapena, urteak joan dira, eta asko, baina, horrelakoak beti daude gordeta, betirako baitira. Mendian bizi izandako  hainbat gertakizun -ez denak lasai eta zorionekoak- bizipen ugari ekartzen  dizkit burura. Jakina, ez dut pasadizorik mamituko, baina bai argitu nire lagunaren haserrea.

Nire laguna, beste euskaldun asko bezala, ez zegoen batere pozik hizkuntzarekin “goikoek” erakutsitako jarrera txepel eta eskasarekin, baina oso ongi zekien herritarren esku dagoela benetako agintaritza. Ez dut nolanahi ahaztuko -gaueko izarrak teilatu- bere ahots sendoari  entzundakoa: ”Ez gara konturatzen, baina euskarak dakarren euskal nortasuna da gure armarik zorrotz eta eraginkorrena”.

Nire lagunak zioen bezala, ez dirudi zalantzagarria denik, Euskal Herria izena, euskarari loturik doala eta hasiera batez hizkuntzak markatzen zuela Euskal Herriaren azalera. Lekuko jendearen  mintzaira izanik, mugak nekez izaten ahal ziren  finkoak, beraz,  hiztunen araberakoak ziren.

Lurraldetasuna dela eta, egia da, maila politikoa da agerian geratzen dena, baina hala ere, askoz sakonagoa den maila soziala gaineratu nahi nuke. Lehena ikusten da gehien, baina bestea sakonagoa dela uste dut.

Abertzaletasunaren lurralde helburu estrategikoa, maila politikoan eskatzen dena baino eskakizun zabalagoa da, denboran zehar, gizarte euskaldunak argi agertu du hori. Estatua osatzea baita abertzaletasunaren helburu politikoa, eta asmo horren  aurka, bi estatuen eraso bortitza etor daiteke, harrokeriaz gainezka, azken aste hauetan  bezala. Euskara suntsitu nahian dabilena ez baita demokrazia, beste zerbait da, kolonoak dira.

Urteak igaro ahala ikasi dugu, askok uste baino prozesu gogorragoa izaten ari dela. Kanpotik, bi estatuetatik asma zitezkeen erasoak jasan behar izana aski ez, eta barrutik ere, desadostasun  ugariak eta sakonak izaten ari dira.

Kolonoen aurpegi berria

Hainbeste ezadostasun nabarmen tartean izanik, nolabaiteko lotura  bilatu beharko bagenu, euskal abertzaletasunaren nahia eta autodeterminazio eskubidearen eskaera aipatuko nituzke.

Lurralde ikuspuntutik begiratuta, baieztapen horiek abertzale guztiek onartzen dutela  esango nuke, eta horrela ez egitekotan, euskal abertzalearen definizio berria beharko litzateke.

Hori dela eta, bitarteko urratsak ezin dute lurralde helburu estrategikoa nahita gorde, baztertu. Horrela, autonomia markoen lurraldetasunak bultzatuta, benetako marko “orokorra” ahazteko arriskua izan daitekeelako. Jakinik horixe dela estatuaren helburua.

Horrela gertatzen da. Estatuak nolabaiteko autonomia maila eskaintzen duenean, erakunde abertzaleak eskatzen duena baretu nahian, edo multzo horretako “beste talderen batek”, neurri apalagoko lurralde eskaera egingo balu, -Eusko Alderdi Jeltzaleak  Nafarroarekin egindakoa  kasu-.

Beraz, bi maila horietako helburuak batzen ez direnean, bien arteko lotura eraiki behar da, beharrezkoa izango  den herri sostengua lortzeko. Gaur egun ez da horrela baina horrela beharko da izan, nahiz bakarren batzuk ez duten “begi onez” ikusten.

Horrelako jarrera ezkor bezain harroa plazaratzen dutenen  aurrean, nahi nuke agertu, abertzaletasun guztietan bezala, asko direla erabiltzen diren  bideak, helburu horri eusteko. Euskarak, antzinako instituzioek, historiak, paisaiak, ohitura edo kirolak, denek lotura elementu gisara eragiten dute, eta batasun sentimendua sortzen eta indartzen lagundu.

Euskarak dakarren nortasuna dela eta -nire lagunaren esaldia berreskuratuz- argitu nahi dut, euskararen egoera aztertuz asko idazten dela, eta baliteke gehienak mesederako izatea. Baino nire ustez, bihotza eta maitasunean oinarritzen dugunean euskarak galdutakoa berreskuratzeko, oker, oso oker gabiltza.

Egoera honi aurre egiteko ez da aski herriak bere nazio hizkuntza zaharra mirestea, iragarki baikor eta alaitsuak aski ez diren bezala. Nik ez dut uste, herria “jo eta su” abiatuko denik, jatorrizko hizkuntza berea duelako soilik, hizkuntza hortaz jabetzera. Nik ez dut uste.

Euskaldunak, -hiztun ez direnak barne- Euskal Herria osatzen dugun guztiok mugiarazteko arrazoiak, ezin izan liteke hizkuntzaren zahartasun edo edertasuna. Jendeak “ikusi” egin behar du, euskaldunak zertarako duen euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik euskaldun askoren bozak, erabiltzen diren  euskarari erasotzeko.

Inork ez dezake uka, herri bati hizkuntza ordezkatzean, arrotz-prozesuan sartzen dela, eta hizkuntza komunitatea osatzen duen jendeari, bere elementurik funtsezkoena aldatzean, kide izatea ere aldatu egiten zaiola. Hizkuntzaren bidez beste herri baten partaide egiten baita.

Nire lagunak ez zuen arrazoirik falta, gaur ere, lehen bezala, Madrildik heltzen diren inbertsioak “kamusten” dute gure hizkuntzaren aldeko zorroztasuna. Egia latza.

Hor kolonizazioaren aurpegi berria.

Kolonoen aurpegi berria

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

4 pentsamendu “Kolonoen aurpegi berria”-ri buruz

  • Nahiz eta ez dutan beti dela ulertzen,hausnartze lan bat inportantea hasi duzu Josu baina iduritzen zait bide erdian uzten gaituzula dudan eta konklusiorik gabe. Eta ez da erreportxu bat ene aldetik. Eratzen badugu abertzaletasuna euskara beste oinarri edo helburu baten gainean, lurraldetasunaren atxikimenduaren gainean adibidez, beste herri bat lortuko dugu. Bestetik euskara berez bakarrik ez da eragingarri nahikoa izanen gutiengo tipi batentzat baizik. Gaurko gizakiak gehiago espero du. Izan ere euskararen amodioa zibilizazio baten amodioa zen, zibilizazio hori desagertu egin da, beste batean bizi gara eta horrek ezinbestez histen du euskararen amodioa ainitzengan artifiziala bihurtzeraino. Arrazoi duzu Josu ordu da pentsatzen hastea nor garen, zer nahi dugun zuzen hizkuntzarekin batera.

  • Bai,horrela da, kolonoen aurpegia aldatu egin da, orain ez da hain zuria

  • Herri kolonizatua izatetik herri birkolonizatua izaterako bidean gauden unean, gero eta gutxiago “herri” gara, nahiz eta apur batzuk euskaraz zoroen moduan jardun. Kopuruei dagokienez atzerako kontaketan sartuak gaude.

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-07-18 16:33

    Guztiz ados, Josu. Errealitate berriak onartzeari buruz iristen zaizkigun “sirena kantuen” aurrean erne egon behar da. Egia da gure mundu-ikuskera bizi dugun munduko errealitate aldakorretara egokitu behar dugula, baina betiere gure nortasun linguistiko eta historikoaren ezaugarriak galdu gabe. Horri dagokionez, ondo dator gogoratzea Albert Memmik ezkertar kolonizatzaileaz dioskuna: “Ezkertar kolonizatzaileak ez du bere herrikideen taldekoa izan nahi; baina, era berean, bere etorkizunaz eta kolonizatuen zoriaz bat egiten ez daki, ezinezkoa baitzaio”.