Koldo Mitxelenari agurra

Koldo Mitxelenari agurra –

Koldo Mitxelena eraikina hilabete barru itxiko dute berritze lanak egiteko. Itxiera datarekin aurrera-atzera ibili ondoren, azkenean badugu egun zehatza: ekainaren 16a. Eta irekierarena ere: 2025 (printzipioz). Beraz, oposiziogile batzuen eta tesia data horren aurretik bukatzea espero dugun horientzako azken egunak ditugu Koldon. Bi urtez lantoki izandakoari agur esan behar diodanez, bada, nostalgia puntu bat sartu zait.

Koldo Mitxelenari agurra
Wikipedia

Faltan botako ditut nire ondoan esertzen den jende finkoa, hamaiketako deskantsuko kafetegia eta liburutegia irekitzeko bost minutu lehenago atean presioa egiten duten jubilatuak. Baina orain Koldo Mitxelenako espazioak dibertsifikatuko diren honetan, nire duda da, non utziko dute autoa udaltzainek eta ertzainek? Zer egingo dute?

Koldo Mitxelenak ikasten, irakurtzen, lan egiten, deskantsatzen, mugikorra kargatzen eta komuna erabiltzen duen jende mordoa biltzen du. Eta horrek nolabait armonia bat hausten duela uste du poliziak. Izan ere, eraikinaren inguruan patruilatzen, «ausaz» aukeratutako jendea gelditzen eta galdeketa «sinple» batzuk egiten pasatzen dute eguna.

Baten batek pentsatuko du lapurretak salatzen direla egunero eta horregatik daudela hor, dena delakoaren galera argitzeko detektibe lanak egiten. Bi urte hauetan ez dut halakorik bizi ez inguruan ez pertsonalki, ezta halakorik entzun ere ez. Kontua da, noizbait Carlos Santamaria liburutegira ere joan naizela, eta ezetz asmatu non abisatu didaten deskantsuan portatila nirekin ateratzeko lapurretak gertatzen ari zirelako? Eta ezetz asmatu non ez dagoen ertzainen auto bat liburutegiaren atean?

Koldo Mitxelenak gauza on asko ditu, baina hiriko biolentzia polizial arrazistaren fokuetako bat ere bada. Kalearen eta eraikinen erabilera publikoa ezin da administrazio-egoeraren, azal-kolorearen, praktikatzen den erlijioaren, kulturaren eta jatorriaren arabera desberdina izan, eta are gehiago, honek ez du inoiz poliziaren presentzia justifikatzen. Arrazializatuak jazartzea, profil etniko-arrazialagatik identifikatua izatea, beldurtzea eta beldurraren bidez kontrola eta boterea izateko modu bat da, hain zuzen, arrazializatutako populazioa kriminalizatzea.

Horregatik, utopikoa bada ere, 2025eko Koldo Mitxelena berriari eskatzen diot polizia-praktika horiek betiko desagertzeko, desagertu behar diren beste gauza askoren artean.

Irutxulorentzat egindako kolaborazioa

Koldo Mitxelenari agurra