Koherentzia
Koherentzia
Harriek betidanik izan dute pisua gure (euskal) gizartean; harriak bizkarrera jasotzea kirol bilakatu genuen, atera kontuak! Orain, ordea, altxatzea gehiegi izango litzatekeelakoan edo, mugitzearekin konformatzen gara.
Koherentea omen da ETAk armak utzi eta gero, oraindik ere (posible bada) zentzugabeagoa den sakabanaketa salatzea. Koherentea omen da urtean behingo manifara joatea, gutxienez, kontzientzia militantea lasaitzeko. Koherentea omen da, inkoherentzia, zentzugabekeria eta inmobilismoa harrikatzea. Koherentea omen da hankazpiko harri txintxorrak oin gogor dun zapatekin zanpatzea.
Koherentea. Hitz hori runrunka darabilt azken egunotan, lagun arteko eztabaida ugaritan izan baitut hizketagai. Guk harriak mugitu nahi genituen eta Katalunian arroka mugitu dute. Koherentziak ez omen zuen balio irabazteko.
Kontraesanen militante naizen aldetik, ezin, orain, koherentziaren apologia egiten hasi. Dena den, inoiz saiatzen naiz nire printzipio irmo, betiko eta aldaezinei kasu egiten. Koherenteki joan izan naiz azken urteetan Bilboko manifestaziora; nire erretorika eta diskurtso hezurmamituak okatu ostean praktika politikoa egikaritzera edo.
Jakin nai nuke Espainiako presidenteak dispertsioa justifikatzean ba ote duen kontraesanik –argi baitago koherentzia behintzat ezetz–. Demokraziaren (balio unibertsalaren eta demosaren) aitzakiapean giza eskubideak urratzea inkoherenteaz gain, mendeku gosedun politika (anti)demokratikoa baita.
Larunbatean Bilbora eta Baionara joandako milaka pertsonen kale-hartzea (euskal) gizartearen haserrearen irudi grafiko bat baino ez zen. Izan ere, El Correok esandakoaren kontrara, larunbateko manifestazioa ez zen EH Bilduren indar erakustaldi bat izan; kolore ezberdinetako alderdien gainetik kalera atera ziren herritarren harriak bultzatzeko nahia baizik. H(e)arriak mugitzeko izerdia botatzea beharrezkoa da. H(e)arriak mugitzeko kaleak hartzea funtsezkoa behar luke izan. Koherentea.
Erabaki koherenteetan ez bezala, kontraesankorretan aurkako arrazoiak behar dute egon. Erraza da koherentea izatea, balio unibertsalak (giza eskubideak) alde dituzunean. Kontraesanak sortzeko diskurtso baten ordez bi eraiki behar dituzu; eta sakabanaketaren aferan presoa ez ezik ingurua zigortzeko nahiak, kontrako diskurtso baten partez, mendekua justifikatzeko argudiaketa sortzea dakar.
Beraz, beharrezkoak dira kontraesanak iraultza pertsonal-politikoetan, baina beti ere, bi diskurtsoren eraikuntza horrek nolabaiteko fundamentu bat duenean. Bestela, aukeran, hobe koherente izan; arrokak mugitzeko balio izan badu, akaso, harriak ere mugituko ditu.
Sakabanaketa justifikatzeko diskurtsoaren inkoherentziak ez du kontraesanik behar bakar-bakarrik desegiteko. Ea hurrengo urtean koherenteki ez dugun urtarrileko manifa (dagoeneko kasik errutina bihurtu den horretara) joan beharrik izaten.
.