KLASIKOEN IV. IRAKURRALDI ETENIK GABEA ETA OZENA
Duela hiru urte Axularren Gero, duela bi Mogelen Peru Abarca, iaz Jon Miranderen Haur besoetakoa eta aurten Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua _klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia_ betetzen ari garelako.
Zer irakurri erabakitzeko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dugu. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi, XX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu dugu. Hiru jauzi izan dira, _bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa_, euskal literaturaren historian barrena.
* Gero (1643)
* Peru Abarca (1802)
* Haur besoetakoa (1959)
* Hamaika pauso (1995)
Izan ere horixe zen lehendabiziko lau irakurketekin lortu nahi genuena: historia horren erakuskaritzat balio lezakeen hautaketa duin bat eskaintzea. Halatan, bada, gure ekimenaren “lehen aroa” betea dela esan dezakegu. Datorren urtean, irizpidez aldatu beharrean izango gara, ezinbestez.
Baliteke, orduan, XVI-XVII. mendera bueltatu eta berriz hastea; beste liburu batekin, noski. Baina, gerokoak geroko utzi, eta gatozen aurtengo irakurgaiaz hitz egitera; Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pausoz, alegia.
Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1995ean argitaratutako nobela bat _Hamaika pausoren kasua, hain zuzen_ klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartzen. Ramon Saizarbitoriaren liburua euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.