Kike Amonarriz: “Gure lanean, kafemakina da estrategikoena”
48 urte bete zituen egunean bertan elkarrizketatu genuen tolosarra, eta telefonoko kilkerrak ez zuen atsedenik. Berak ere ez. Hitz eta pitz mundu guztiarekin, denentzat eta denekin zer esana duenetakoa da Kike Amonarriz. Ikusten da gustura dabilela telebistan azken urteetan lortu duenarekin, baina obsesio bat antzematen zaio hala ere: ingelesa ikasi nahi du kosta ahala kosta. Kaskagorra izaki, lortuko du, eta aurki ikusiko dugu ingelesen erregina Elizabeth bera baino hobekiago hitz egiten.
“Zorte handia daukat, zortziak laurden gutxiak arte lo egin baitezaket astegunetan. Oheak egin, dutxatu eta alaba zaharrenarekin eta gazteenarekin gosaltzen dut. Ordurako tartekoa eta emaztea joanak izaten dira. Azken bolada honetan, gainera, nahiko osasuntsu ari naiz gosaltzen: fruta pieza bat edo bi, zerealak esne erdigaingabetuaurekin, kafe pixkat bota eta… horrelaxe.
Gero autoa hartzen dut, zortzi t’erdietan eta Miramona etortzen naiz. Bolantean naizela, ingeleseko cdak entzuten ditut. Azken bi urte hauetan horretara jarrita nabil. Egun batean istripu bat edukiko dut horregatik.
Bederatziretan Miramona iritsi, eta lehenengo gauza emailak begiratu: erantzutekorik ba ote den eta horrelako gauzak. Bederatzi t’erdietan, lantaldearekin, kafe bat hartzen dugu. Hori Jabier Retegiri ikasi nion, enpresa eta lantalde batean lekurik imnportanteena kafe-makina zela, alegia, eta gurea bezalako lan batean, dudarik ez. Alde batetik informazio pertsonala, zer moduz gauden eta hori, baina bestetik baita profesionala ere: zer ikusi dugun, zer bururatu zaigun, zein asmo daukagun…
Hamarretatik ordubata t’erdiak bitartean, egunak dakarrenari egiten diot aurre. Asteazkenetan grabaketa, eta gainerakoetan edukiak begiratu, planak egin, gauza berriren bat prestatu… eta horrela.
Astelehenetan etxean, baina gainerakoan hemen bazkaltzen dut, ETBko kantinan. Ordubata t’erdietan. Beti. Langileontzat egiten duten menua bazkaldu, kafetxo bat hartu eta egoitzari bueltatxo bat ematen diogu taka-taka. Euririk egiten ez badu, behintzat. Lehen erre egiten nuen, orain ez. Eta gero, seiak arte, lanera berriro.
Seietan autoa hartu eta Tolosara.Han, astean bi egunez sei t’erdietatik zortzi t’erdietara ingelesera joaten naiz. Gainerako egunetan beti bada zerbait: ikastolako bileraren bat, etxeko lanak… Kirola asteburuetarako uzten dut.
Zortzi t’erdietan afaltzen dugu. Europarrak gara horretan gure etxean. Emaztea da sukaldean egiten duena, entsaladaren bat, tortillak, xerra, arrain apur bat… Eta postrerako gehienetan fruta eta noizean behin gazta. Ez zait komeni, baina izugarri gustatzen zait.
Ni pintxe oso ona naiz, bai sukaldean eta bai fregatzen. Eta gero, karta jokoan egiten dugu egunero etxeko bostok, behin mahaia bildu eta platerak garbitu ditugunean. Kakajalea deitzen da jokoa eta partida bat egiten dugu egunero.
Bederatzi t’erdietan Mihiluze ikusten dut. Gustatzen zait egindakoari etxean begiratzea.
Hamarretan, zaborrak atera, etxean txukuntzeko falta dena txukundu, eta ordenadorearen aurrean jartzen naiz, ordu t’erdi, bi orduko jornadatxoa: emailak erantzun, artikuluren bat idatzi… Eta ez badut lan handirik, tarte horretan irakurri egiten dut hamabiak aldera arte.
Hortik aurrera telebista apur bat ikusten dut, batek eta besteak egin duenaz ohartzeko, eta ordubata aldera, ohera.
Kitxo, horixe nire egun normal bat.”