Kazetariaren sudurra eta eskuak
Gertakaria non, kazetaria han; batekin eta bestearekin mintzatzea, jende interesgarria ezagutzea… Berez, horregatik da lan ederra kazetaritza. Ez idazteko plazeragatik. Idaztea gustatzen zaionari, beharbada, ez zaio hainbeste kostako orrialde bat idaztea informazio gutxirekin. Baina ongi idaztea ez da aski kazetari ona izateko: artikulua informazioz ongi janzten duena da kazetari ona. Eta, horretarako, informazio bila joan behar da; hots, erredakzio-gelatik atera behar da. Erredakzio-gelatik kanpo dabilen kazetariak ekarriko du kronika baterako materiala. Besteek ez.
Kronika, kazetaritzaren “genero-ama”, galbidean dagoela idatzi zuen Gorka Erostarbe kazetariak, duela zenbait egun, Twitterreko eztabaida batean. Bizkitartean, kronikak behar luke presentzia handiena egunkarietan, sail eta orri guztietan. Ohitu gara, ordea, “adierazpen-kazetaritzara”, prentsaurrekoen egutegiaren menpeko kazetaritzara. Maiz, artikulu osoa idazteko adina informazio ematen ez duten ustezko gertakari horien menpeko kazetaritzara. Erran nahi baita kazetaritza pobrera, kazetaritza aspergarrira (kazetariarentzat eta irakurlearentzat). Laster robotek egin ahal izango dituzten artikuluak sortzen dira adierazpen bildumekin. Kazetaritza mota hori nagusitzea mehatxu bat da kazetaritzarentzat eta kazetaritzatik bizi diren profesionalentzat.
Edozein albiste izan liteke kronikarako gai. Eta gai horiek ez daude erakundeen deialdietan. Bila joan behar da. Kanpora atera behar da. Eta kanpora ateratzen den kazetariak belarriak zorrotz eduki behar ditu, ahots asko entzun behar du. Baina dena ez da solasari lotua izan behar. Belarriak ez dira bakarrik hitzak entzuteko, baizik eta zaratak, soinuak, musika eta abar entzuteko ere. Entzumena bezala, kazetariak erne behar ditu begiak, sudurra eta ukipena. Bost zentzumenak kronikan agertuz, modu eraginkorrean transmititu dakioke irakurleari gertakari bateko giroa. Eta kazetariak ez du lehen pertsona erabili beharrik izango irakurleari errateko han izan dela bera.
Kanpora ateratzen den kazetariak bilatu behar ditu beste kazetariek ikusten ez dituzten ikuspegiak. Bazter bideetan ibiliz aurkituko ditu istorio bereziak, xehetasun originalak. Eta hori ezin dute robotek egin.