Kataluniarrek bozkatu egingo dute, eta zer?

Kataluniarrek Kataluniarrek irailaren 27an bozkatuko dute, bai. Azaroaren 9an ere bozkatu zuten, baina ez zen simulakro bat besterik izan. Gu baino gehiago hurbildu dira independentziara, gu baino hobeto ulertzen dute elkar… eta zer? Ez dugu euskaldunok inbidiarik izateko arrazoirik. Izan ere, kataluniarrek ez duten makina bat gauza ditugu guk, eta jakin behar genuke horiei dagokien balioa ematen:

Diskrezioa

Nahi lukete kataluniar entzutetsu, zaratatsuek gure diskrezioa izan, itzalpetik, eta inor konturatu gabe, hariak pixkanaka pixkanaka pixkanaka pixkanaka mugitzeko gaitasun hori. Zarata eta informazio uholdearen garaiotan, zuhurtziaren artea baino baliagarriagorik ez dago.

Goenkale (oraingoz)

Joan dira Maria Luisa eta abarrak, baina 2016ra arte bada ere, historiako telesail luzeenetakoa den Goenkale dugu oraindik. Ez dago gidoilari kataluniarrik herri txiki batean gertatzen diren horrenbeste istorio asmatzek gai denik. Zorionekoak gu!

Athletic

Bartzelonak irabaziko ditu ligak, txanpionzak, kopak… Baina ez dute inoiz izango kataluniarrek soilik osatutako kirol talderik. Euskaldunok harro egoteko futbol taldea dugu guk, zazpi lurraldeetatik jokalariak ekartzen dituena. Partidu bat bera ere ez dute irabazten, ez… eta zer?

Atez atekoa

Euskaldunok aurreratuta goaz zaborren kudeaketaren gaian, eta baita eztabaidari dagokionean ere. Katalunian ere izango da hori martxan jarri duen herriren bat, baina egunkariak orriz eta orriz josten ez dituzten artean, zabor artean itoko dira laster.

Aurreskua

Ikusi duzue inoiz Sardana (kataluniako dantza tipikoa) baino gauza aspergarriagorik? Guk trukean, aurreskua, arin-arina eta beste hamaika ditugu. Gainera, gaur bertan Zuzeun argitaratu duten bideoan ikusten denez, balio du arte martzialetarako ere!

Argi izango duzu dagoeneko: hau guztiarekin, nork behar du autodeterminazioa edo independentzia?