Katalunia eta lotsagorritzeko 4 arrazoi
Katalunia eta lotsagorritzeko 4 arrazoi –
Bai, kataluniarrak badoaz. Erabakia aldez aurretik hartu dute, urriaren 1etik bertatik, eta atzera ezina da. Inkestek diotena diotela garaipen usaina darie kataluniarrei. Baina euskaldunok zer? Zer ari gara behelaino artean? Hona hemen kataluniarrekin alderatuta lotsagorritzeko 4 arrazoi.
1- Enpatearen bila
Kataluniarrak goleadaz irabaztera doazen bitartean euskaldunok enpatearen bila ari gara. Eta kronometroari begira. Proiekturik batere gabe eta alderdi subiranisten arteko talkan, beti.
2- Urkullu sekretuan
Katalunian prozesu demokratikoak abian jarri dituzte, herritarrak eta gizarte eragileak prozesuan engaiatuz. Eztabaidatuz eta etorkizun den subiranotasunari zimendu sendoak eraikiz. EAEn aldiz, Urkulluk bilera sekretuak egiten ditu, bilateralitatea eskatzeko eta (Espainiako) konstituzioaren erreforma adosteko. Zuria eta beltza.
3- Rajoyren makulu
Ikaragarria da, nola babesten eta eusten duen Rajoyren gobernua EAJk, Kongresuan aurrekontu popularrak babestuz. Are harrigarriagoa euskal abertzale zenbaitek nola justifikatzen duen hau, kupoaren ibilbide motzeko argudio posibilisten izenean.
4- Ezker abertzalea egonean txaloka
Ezker abertzalea kataluniari begira dago. Uneoro. Txaloka. Eta Euskal Herriko agendatik kanpo geratu da, ordea. Oposizio hutsalera alboratua. Arnaldo Otegi nahikoa zela uste zutenak, oker ziren. David Fernandez aditu talde batean gonbidatu izateak independentziara hurbiltzen gaituela uste zutenak ere bai.
Sua beroa eta izotza hotza den bezalaxe.
.
“Baina euskaldunok zer?”
Euskaldunok ere joango ginateke. Arazoa EHn gehiengoa euskalduna ez dela da, espainola edo frantsesa baino.
Edozein herrik daki bere sustraia hizkuntza dela, eta horregatik katalanek beraien hizkuntza jarri dute besteen gainetik azken hamarkadetan (bai, gainetik, eta ez batera hemen “saiatzen” ari diren bezala). Katalunian, Katalanek katalanez hitz egiten dute, espainolek espainolez. Hemen gauza bera gertatzen da. ETB1eko ikuslegoa independentziaren aldekoa da, ETB2koa, ez (espainolek bakarrik deitzen diote Hegoalderi “norte”).
Askapenaren bidea gure hizkuntza defendatzean datza. Euskara gabe ez dago “Euskal” Herririk. Horren sinplea da. Ez saiatu beste aitzakiarik bilatzen.
Ah, eta zure lehen puntuan bai EAJ eta bai EH Bildu subiranistak direla ulertzera ematen duzu. EAJ espainolen morroi bezala oso ondo bizi dira, ez dakit non ikusten duzun subiranistak direla. Eta EH Bilduren kasuan, bai, subiranistak dira, baino nire iritziz Espainia ez den beste estatu bat sortu nahi dute, ez Euskal Herri independente bat.
Katalanek aspaldian galdu zuten bere galdeketa plebiszitarioa eta orain bide desberdinetatik, aukeran dituzten hauteskunde legal batzuk ekidinez,gauzatuko ez den proposamen bat aldarrikatzen digute. Beraz, por goleada irabaztera doazela pentsatzen dutenek (edota esaten dutenek horrela pentsatzen dutela) politika zienzia-fikzio-fantasia egiten ari dira abertzale xaloek sikotropikoki flipatu egin dezaten.
Urkulluk oso ondo egiten du Euskadiko jendeari ondo etorriko zaizkion gauza batzuk itunduz Rajoy espainolarekin. Ez dakit ze obsesio duten zenbait ustezko abertzaleek Espainiako politikan esku sartu behar dugula ez dakit noren kaltetan. Espainolek beren gehiengoa dute euskaldunok gure dugun bezala eta niri euskal abertzale bezala interesatzen zait espainolengandik zer lortu dezakegun.
Ezker abertzaleak sua piztu nahi du baina hemen belarra oso bustia dago azken hamarkadetan emandako etengabeko promesak direla merio. “Independentzia dator” hitza hainbeste astindu eta gero (gogoratu dezagun Arnaldo Otegik 99an independentzia urtebetean zetorrela esan zuela) orain jendeak ez du sinisten. Eta gainera badakusa Katalunian gertatu daitekeen hondamendia.
Subiranismoa kontzeptu espainol mimetiko bat besterik ez da, subirano-erregetik datorrena, eta absolutismo monarkiko eta jakobinoaren zorduna gainera. Horrelakoek pentsatzen dute inor baino abertzaleagoak direla, espainol kloniko batzuk diren bitartean.