Kapitalismo sexuala
Kapitalismo sexuala
Liberalismoaren arabera, merkatuan orekatzen da ekonomia; esku ikustezin deritzon horrek gauzatzen du kontrola, Estatuaren rola gutxituz. Zoritxarrez, kontrol eza izaten da nagusi, zeren eta zenbat eta aberatsagoak direnak orduan eta diru gehiago pilatzen ari baitira (eta alderantziz). Sexuarekin berdina gertatzen dela diosku Javier Bilbaok Jotdown aldizkarian idatziriko Las ilusiorias promesas de la liberación sexual artikuluan.
Oso interesgarria da Bilbaok eginiko paralelismoa, askapen sexualak eta liberalismoak agindatuko paradisuak ez baitira bete. Sexuari dagokionez, “batzuek larrua joko dute askotan, beste batzuek, ostera, ez dute joko” ohartarazten digu Bilbaok eta hona paralelismoa: merkatuan oinarritutako ekonomian bezala eta muturrera eramanda, eskeintza onenak aukeratuak izaten dira besteak bazter batean ahantzita gera daitezen. Horri “kapitalismo sexuala” deitzen dio Bilbaok eta bete-betean asmatzen du, izan ere, jarrera kontsumistari jarraituz, “zenbat eta sexu harreman gehiago, orduan eta gizonago” legeak indarrean jarraitzen du gure inguruan. Bilbaok dioenez, “besteon begirunea ez galtzeko, sexu harreman bakoitza arrandiaz erakusteko beharra daukagu”.
Azken esaldia egi santua da, gizon- emakumeok sari sexual bihurtu baikara edo, hobe esanda, bilakatu baititugu. Matxismoak oso ondo adierazten du alde hau, halere, ez da sexualitateari buruz pentsakera hori duen bakarra, zeren eta oso hedatua baitago askatasun sexuala eta partaide aniztasuna loturik daudela, baita horrek zoriontsuago izatera bultzatzen gaituela ere. Errealitatea bestelakoa da, ordea.
Hor ditugu La que se avecina telesaioan azaltzen diren Judith eta Raquel pertsonaiak, batak nahiz besteak kontsumo eta sexuaren bidez euren bizitza hutsik dagoela ahanztarazi nahi dute menpekotasunik gabeko emakumearena jokatuz. Gizonen ikuspuntutik, joera hori ere aplika dakioke telesaioan agertzen den Amadori. Hori bai, hirurentzat dagoen irtenbide bakarra ohiko bikote bat izatea eta senidea osatzea ei da. Bilbaok aipatu bezala, ezkonduta dauden pertsonak urte gehiago eta osasun hobearekin bizi dira. Ez hori bakarrik, sexu-harreman gehiago dauzkate.
Dena den, matxismoarekin gertatzen den legez, “kapitalismo sexuala” deritzon honen funtsa ez da gaurko kontua. Bata zein bestea geure baloreetan ondo errotuta dago, zeintzuei gaurko kapitalismoak beste ikutu bat eman dien. Esaterako, pilatzeak arrakastatsu izatera garamatzala dioskute gaur indarrean dagoen eredu sexualak eta horretan eragina duen kontsumismoan oinarritutako kapitalismoak, eta horren ondorioz, kalitatea baino sexu-harremanen eta objektuen kopurua lehenesten dugu.
Era berean, biek askatasunaren definizio okerra dutelakoan nago, izan ere, aske izateak ez du esan nahi nahi dudan guztia egin dezakedala; baizik eta nork bere mugen onarpena, besteek ezarririko mugak errespetatzea eta ondokoa ez zapaltzea. Beste era batean esanda, neska batzuk gustuko ez ditudan heinean, beste neska batzuek ez nautela gustuko onartu beharrean nago. Osterantzean, askatasuna frustazio iturri bihurtuko da edo, are ankerrago, hilketak eta bortxaketak egiteko aitzaki merkea. Sinistu ala ez, arestian aipatutakoak ekonomirako ere balio du, zeren eta, Bilbaok aditzera ematen duenez, sexua eta ekonomia ereduak oso loturik baitaude.