Kantu bat gara, baina zein?

Kantu bat gara, baina zein? –

Amets Aranguren Arrietak Nafarroako Hitzan.

Egiten duguna, jaten duguna edota irakurtzen duguna garela diote. Jon Maiarendako, aldiz, kantu bat gara. Eta izenburu horren pean argitaratu du bertsio disko bat bertsolariak. Aurkezteko, “kontzertu bat baino gehiago” den emanaldia prestatu du, eta herriz herri dabil horrekin. Diskoak biltzen dituen kantuak kantu mitikoak dira, duela 30 urtetik hona gure herrian arrastoa utzi dutenetakoak, Maiaren letrekin eginak denak.

https://nafarroa.hitza.eus/2022/05/06/iritzia-kantu-bat-gara-baina-zein/
Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Aitortu behar dut espektatiba ez handiegiekin joan naizela Gaiarre antzokira, lagun batzuek azken orduan sarrera batzuk sobran zituztela. Besaulkian eseri orduko entzuten ziren hor fondoan Silvio Rodriguez, Laboa, Itoiz, Kortatu… eta giro horretan ikusi ditut bat-batean elkarrekin Jagoba Arrasate eta Pello Reparaz. Badakizue, ospetsuen artean denek ezagutzen dute elkar, nahiz eta kanpotik zaila izaten den lotura batzuk noiz-non-nola eman diren asmatzea. “Ama Extremadura, aita Zamoratik…” hasi da entzuten bozgorailuetatik, Maiak 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusian botatako bertso famatu hura. Publikoak lagundu dio grabaketari azken puntuaren errepikapena kantatzen. Lau musikariren laguntzaz atera da Maia oholtzara: txeloa, akordeoia, teklatua eta perkusioa.

Gustatzen zait kantu bat izatearen ideia, entzuten duguna eta kantatzen duguna ere bai baikara nire ustez. Beste kontu bat da zein kantu garen. Maiaren emanaldiak eskaintzen du bere letrekin eginiko kantuen bertsio bilduma bat, bere ahotik emana. Kantatu ditu Negu Gorriak, Pirritx eta Porrotx, Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Gari… Kai Nakairen abestirik ez. Zaila da hain estilo diferenteetako kantak disko edo emanaldi batean bildu eta denak ongi kantatzea, oso zaila. Lagun arteko zerbait izan zitekeen, modu informal batean erakustekoa, baina ez dakit Gaiarre bezalako antzoki bat den holako zerbaitendako aproposena. Emakumezko batek ez lioke bere buruari holako zerbait egitea permitituko sekula. Eta, segur aski, publikoak emakumezko horri ere ez.

Emanaldia berezia izanen zela aipatu du bertsolariak hasieran. Gonbidatu batzuk izan ditu: Itzaltzuko Amane, Jagoba Arrasate, Pello Reparaz (hemen ulertu dut lehengoa) eta Amets Arzallus. Zer da kantu bat? galderari erantzutera igo dira. Bakoitza beretik.

Epikatik eraikitako diskurtsoa heldu da publikoarengana, oro har. Hunkiturik atera da jende asko. Ez dakit ni naizen emanaldia askorik ulertu ez duen bakarra edo zer, baina ez naiz eroso egon. Han egon ez zen lagun batekin sentitu nuena partekatu dut, eta hunkigarrismoaz mintzatu zait; ez dakit zein puntutaraino eraiki dezakegun herri hau hortik. Diskurtso eta forma (nire ustez) anakroniko bati tiraka eraikitakoaren manifestazioa ikusi dut, hunkigarrismo hori oinarri. Formaren eta edukiaren artean orekarik ez bada, edukiaren alde egiten dutenetakoa naiz, baina hemen horrek ere ezin izan dio heldu besteari. Nik ere kantu bat izan nahi dut, baina ez hori.

Kantu bat gara, baina zein?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.