Kanpainaren unerik erabakigarriena
Kanpainaren unerik erabakigarriena –
Ebrotik behera ur ederrak baino ur uherrak izan dira nagusi. Ebrotik gora, gardenxeago. Kanpainak unerik erabakigarriena bizi du. Udalerri askotan EAJ eta EH Bilduren arteko lehia oso estu dator.
Populazioaren gehiengoak kanpainari bizkar eman badio ere, Arabako udalerrien etorkizuna hurrengo orduetan erabakiko da. Joan den igandean emandako datuen arabera (iturria: EiTB focus), zalantzan dauden herritarrak asko dira oraindik —Araban %20 inguru, Gasteizen %17—. Bada horiek erabakiko dute ia dena. Zeren arabera? Analista gehienentzat galdera horren erantzuna misterio bat da. Izan liteke “Urlia gustukoagoa dudalako”, “Sandiak begirune zintzoagoa duelako”, edo kontrara: “Berendia aguantatzen ez dudalako”. Batek daki. Garbi dagoena da, erabaki horren azpian —ohartuki ala ohartu gabe—herritar horien balio-sistema dagoela, munduari begiratzeko modua.
Azken orduko erabaki horren ondorioz gauza asko alda daitezke. Esaterako, lurraldeko lau udalerri nagusien alkatetza. Gasteizen, Laudion, Amurrion eta Agurainen zerrendarik bozkatuena oso boto gutxiren bueltan egongo da. Udalerri horietan EAJ eta EH Bilduren arteko norgehiagoka bizi-bizi dago. Kanpaina amaitzeko falta diren orduetan hautagaiek mingainak dezente zorroztu edota findu beharko dute, profil hain ideologizatua ez daukan herritar horren botoa eskuratzeko.
Zenbat ordezkari
Trebiñuko udalerriak kontuan hartuta, igande honetan Araban 53 alkate, 447 zinegotzi eta 51 batzarkide aukeratuko dira. Herriaren ordezkari izango dira hurrengo lau urteetan, 2027ra arte. Haien esku izanen da, neurri batean bederen, gure etorkizuna, gure ongizatea, gure ingurumena, gure baso eta mendien defentsa, baita gure adinekoen zaintza ere. Gure komunitatea, azken batean. Haiei eskatuko zaizkie gero kontuak. Baita ardurak ere. Arabako zazpi kuadrilletan, 253.326 pertsonak dute boto emateko eskubidea. Zortzigarren kuadrillan, Trebiñun, 1.500 inguru.
Azken zundaketek iragarri dutena betetzen bada, Ramiro Gonzalezek buru duen hautagaitzak erraz irabaziko lituzke foru hauteskundeak (2019ko emaitzak hobetuz). Bere atzetik EH Bildu letorke (batzarkide nahiz boto kopuruan gora eginda). Atzerago, eta hurrenkera horretan, PSE-EE, PP eta Elkarrekin (kasu guztietan duela lau urteko batzarkide kopurua zertxobait jaitsiz edo mantenduz). Ez dirudi Vox talde ultraeskuindarrak Arabako instituzioetan sarbide izango duenik. Inkesta nahiz analista gehienek uste dute EAJ eta PSE-EEren arteko ituna berriro ere ikusiko dugula Arabako Diputazioan.
“Berrehundik gora alkate izan ditu Gasteizek azken mendeetan, denak gizonak”
Lurraldeko udalerri askotan hauteskunde egunaren osteko aliantzek erabakiko dute herriko alkatearen makila noren esku geratuko den. Arabako hiriburuan, Beatriz Artolazabal jeltzalea izango al da alkate berria? Edo EH Bilduko Rocio Viterok sorpresa emango al du? Gogoratu behar da, 2019ko inkestek Maider Etxebarria hautagai sozialistari aparteko emaitzarik eman ez arren, bigarren tokian geratu zela Gorka Urtaranen atzetik. 2019an lehen lau hautagaien arteko botoen aldea oso urria izan zen: 6.147 boto baino ez. Gorka Urtaranek 28.241 boto izan zituen (%23,6); Maider Etxebarriak, 25.524 (%21,3); Miren Larrionek, 24.529 (%20,5) eta Leticia Comeronek 22.094 (%18,5). Etxebarria da errepikatzen duen hautagai bakarra. Beste hirurak —arrazoi oso desberdinak direla medio— gaur egun ez daude aktibo politikagintzan. Gasteizen inkestek beheranzko joera ematen diete PSE-EEri eta Elkarrekin koalizioari. Arabako hiriburuan PPk zertxobait gora egin lezake, neurri handi batean Ciudadanoseko boto-emaileei esker.
Demoskopia, baina, ez da zientzia zehatza. Herritarren iritzia ezagutzeko —baita bideratzeko ere— teknika bat da. Batzuetan asmatzen du. Besteetan ez. Inkestak zuhurrak izan daitezke. Edo makurrak, interesatuak. Inkestetan “sukaldeko lana” ezinbestekoa omen da emaitzak behar bezala iragartzeko. Azkenaldi honetan, baina, sukaldariak baino iturginak antzeman dira prospektiba soziologikoen enpresetan; iritzi publikoaren urak honantz edo harantz artifizialki bideratzeko maisu-maistra diren profesionalak. Orain gerrilla demoskopikoa esaten zaio horri. Igandean jakingo dugu asmatu duten edo ez.
Emakumeak
Azken sei mendeetan, Arabako hiriburuak 200dik gora alkate izan ditu. Den-denak gizonak izan dira. Inoiz ez du emakume batek aginte makila izan Gasteizen. Inoiz ez. Datorren hilean desoreka historiko ikaragarri hori aldatuko da, ordezkaritza lortzeko aukera duten alderdi guztietako zerrendaburuak emakumeak baitira.
Araba, baina, ez da hiriburuan amaitzen, gasteiztarrek (sarritan) kontrakoa uste badute ere. Kuartangon ere, bai edo bai, emakume bat izango dute alkatetzan, aurkezten diren zerrendaburu guztiak andrazkoak baitira. Eta aurreikuspenak betetzen badira, 15 udalerri baino gehiagotan emakume bat egon daiteke agintean. Igandeko emaitzek argituko digute inkognita. Hala ere, alkate guztietatik erdia baino gutxiago izango dira. 2019ko hauteskundeetan 53 alkateetatik 39 gizon izan ziren eta 14 emakume. Mugarri hori gaindituko al da igande honetan? Hala ematen du.
Esfera publikoan emakumeek izan duten presentzia nabarmena kanpainaren ezaugarri handienetako bat izan da. Agian garrantzitsuena. Bestela, kanpainak ez ditu bazterrak gehiegi nahastu (aparteko azterketa mereziko luke kanpoko harrabotsak; hozkia ematen du). Etxean, alderdiek ez dituzte herritarrak gehiegi mobilizatu. Tokitan gelditu dira aspaldiko kanpaina jendetsu eta sutsu haiek. Historiarako geratu dira Mendizorrotza kiroldegiko mitin bero haiek, zigarroen keaz, ondokoen izerdiz eta sutsuenen txalo zaparradez blaitutako ekitaldi euforiko haiek. Garaiak aldatu dira. Mudatu ez den gauza bakarra kanpoko izarren presentzia edo lehorreratzea izan da. Estatuko buruzagi nagusienen etorrera ikusi dugu, berriro ere. Orain azkarragoa da dena. Aise etorri eta aise joan. Telebistetako fokoekin batera ilundu da haien itzala. Gero ikusiko dugu euskal esaera zaharrek diotena betetzen den edo ez. Honelakoetan gure arbasoek garbi zeukaten epaia: berbak aixiek eroaten deuz. Zuhurrenek hauxe zioten: gehiegizko hitz-jarioa ur bitsetan doa. Izango da beste hau dioenik ere: hitzetan eder, eginetan lander.
“Herritarrak ez dira asko mobilizatu, tokitan gelditu dira aspaldiko kanpaina jendetsuak”
Kanpaina nola joan den aztertuta, zenbait inkognita argitu beharko dira. Hauek, esaterako: nola geldituko da EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estu hori? Osakidetzako egoeraren gainbeherak faktura pasako al dio EAJri? Rocio Viterok, hautagai nahiko ezezaguna izanda, lortuko al du EH Bilduk duela lau urte izandako emaitzak gainditzea? Maider Etxebarriak mobilizatuko al ditu zalantzati dauden boto-emaile sozialista horiek? Ainhoa Domaikak, Ciudadanoseko botoak bereganatzeaz gain, gorantz egingo al du? Eta Elkarrekin koalizioak inkestek iragartzen dioten gainbeherari buelta emango al dio?
Abstentzioa gako
Hauteskunde gaua igarota, abstentzioak ez du —normalean— aparteko analisirik merezi. Azken inkesten arabera, datorren igandean abstentzioak gora egingo du. %38aren bueltan kokatuko da Araban. 2019an %34,7koa izan zen. Abstentzioak asko adierazten du, ordea: herritarrek sistema politikoarekiko duten konfiantza maila eta parte-hartze politikorako gogoa, besteak beste. Bestetik, ahaztu egiten zaigu, gure artean bizi, zergak ordaindu, baina jatorri atzerritarra duten pertsona askok —biztanleriaren %10 baino gehiagok— ez dutela boto emateko eskubiderik. Horrexek ere zer pentsa eman beharko luke. Pertsona horiek botoa emango balute, ordezkaritza politikoa aldatuko litzateke?
Abstentzioa berdina al da auzune aberats edo pobreetan? Bada ez. Duela lau urte, Gasteizen abstentzioa %36,7koa izan zen. Bada auzune umiletan —Eharin, Abetxukun, Zaramagan eta Alde Zaharrean, esaterako— abstentzioa %40tik gorakoa izan zen. Lehenengo hiruretan PSE izan zen nagusi. Azkenengoan, EH Bildu. Auzune aberatsetan, berriz, abstentzioa dezente txikiagoa izan zen. Mendizorrotzean, %32,3koa eta Zabalgunean, %31,5ekoa. Bietan PP izan zen lehen indarra. Auzo gazteenetan, —Zabalgana, Salburua eta Aretxabaleta-Gardelegi— EH Bildu nagusi izan zen. Lehenengo bietan abstentzioa handia izan zen (%39,2koa eta %38,6koa hurrenez hurren). Hirugarrenean, berriz, dezente txikiagoa (%27,9koa). Gasteizko auzo gehienetan EAJ izan zen nagusi. Bertan abstentzioaren portaera oso desberdina izan zen.
Kanpaina honetan osasuna ardatz eta zaintzak eztabaidaren erdian ibili dira. Igandeko emaitzek argituko digute kalean sumatzen den haserrea hautestontzietan islatzen den edo ez. Amaitu baino lehen hona hemen Arabako Medikuen Elkargoko presidente, Maeztuko sendagile naturista eta faxistek 1936an fusilatu zuten Isaac Puente osagile maitatu eta pentsalari anarkistak egindako gogoeta: “Osasuna, askatasuna bezala, norberak erdietsi behar du”.
…
ALEArentzat egindako kolaborazioa