Kanpainan gertatzen dena kanpainan geratzen da
Kanpainan gertatzen dena kanpainan geratzen da
EAJ eta PSE-EEren arteko harremanak apur bat bitxiak dira. EAEko udal eta foru aldundietan ezkonduta baleude bezala jokatzen dute: gobernua, aurrekontua eta sailak partekatzen dituzte, ezkonduek hipoteka, kotxea eta bizilagun-komunitateko zorrak partekatzen dituzten bezala. Legezko eztei bat izan da, zeremonia eta guzti, eta kontratu bat sinatu dute: gobernu-programa bat. Bikote barea dirudite: burrunba eta maitasun keinu handirik egin gabe konpontzen dira, aspalditik bikotearekin konformatzen den bikoteetan bezala. Gauza jakina da merkatua gaizki dagoela, goxo bizi garela eta oposizioan hotzak ebakitzen duela.
Eusko Jaurlaritzan harremana bestelakoa da, liberalagoa. De facto ezkonduta baleude bezala jokatzen dute: pisua, denbora, dirua, baliabideak eta gorputza pertsona bakar batekin partekatu arren, kuadrillako lagunei esaten diete ezkongabe daudela eta nahi dutena egin dezaketela. Bikoteen neurriko harremana da, kanpotik noizbait neurria hartu behar zaiona. Hauteskunde kanpaina aukera ona da. Hauteskunde kanpainak despedidak bezalakoak dira: errealitatea eta oinarrizko gizarte-arauak bertan behera geratzen dira eta nork bere alde onena edo makurrena agerian uzten du gogoa berotzen diotenean. Ez dago arriskurik: bihar hipotesi bat baino ez da.
Gaur hasi da kanpaina. EAJk eta PSE-EEk behin eta berriz errepikatuko digute ezkongabe daudela eta edozeinekin nahi dutena egin dezaketela. Martxoan, EAJk argi esan zion Pedro Sánchezi ez zuela bere gobernua bai ala babestuko, are gutxiago Ciudadanosekin gobernatzeko asmoa bazuen. PSE-EE haserretu zen baina Gasteizen EAJri barkatu berri dio. Gaurtik aurrera, PSE-EEren haserrea behin eta berriz entzungo dugu baina denok dakigu despedidetan bikoteari buruz itzelak esaten direla, baina PSE-EEk jakin badakiela EAJk bere abenturak baditu ere, ez duela amorante hoberik aurkituko.
PD: Argazkia hemetik atera dut