Kaiolatik ihes
Kaiolatik ihes –
Kukuak txantxangorrien habietan jartzen ditu bere arrautzak. Errun ostean, kukuak ez du bere kumea elikatzen eta hazten, txantxangorria arduratzen baita txitaz.
Ez dakit zenbat urteko biziraupena duten kukuek. Badakit gure etxeko txoriak 40 urtetik gora dituela, eta tamalez, gero eta euskara gutxiago abesten du. Hori salatzeko, ehunka lagunek Gasteizko kaleak hartu zituzten, Aldatu Gidoia Euskararen Alde lelopean. Eragile eta elkarte ugarik babestu zuten mobilizazioa, hala nola, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, eta Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak.
Argiak izan ziren mezuak, baita hartzaileak ere: Eusko Jaurlaritza eta EITB. Euskara ardatz duten politika irmoak eskatu zizkieten, beste behin. Horrez gain, bai euskara, bai euskal kultura, bai euskal sortzaileak zokoratzea deitoratu zuten Aldatu Gidoia mugimenduko babesleek. Halaber, audientzia-datuen morrontzatik askatzea aldarrikatu zuten.
Euskara biziraupen eta biziberritze fasean egonik, funtsezkoa da euskal telebista publikoa bidelagun izatea. Kolageno-zuntz sendoagoko agintariez gain, kontsumitzaileok ere hartu beharko genuke hausnarketarako tartea. Kalitate eskasa leporatu izan zaie maiz etxean ekoitzitako edukiei. Batzuetan horretarako arrazoik sendoak egonagatik, sarritan, ordea, bidegabeki eman diegu bizkarra saio ugariri.
Pantailen inbasio garaiotan, gainera, baditugu EITB Nahieran eta Primeran streaming plataformak, noiznahi eta nonahi kontsumi erabil ditzakegunak. Zorionez, inoiz baino hobeto prestaturiko antzezle, gidoilari eta ekoizleak ditugu, eta ETBk izan beharko luke sortzaile horien habia, ez kaiola. Munduko ekosistemaren parte sentiarazten gaituen habia, hemengoaz nahiz hangoaz informatuko gaituena, normalizaziorako bidean euskaraz hazi eta heziko gaituena, gure sortzaileei lanerako aukera duinak eskainiko dizkiena. Badago zer aldatu, badago zer hobetu; baina gidoi honetan guztioi dagokigu aktore izatea.
Eta ornitologia kontuak albo batera utzita, gainerakoan, betiko martxan jarraitzen dugu, txarra kenduta, ondo. Batetik, badakizue, eta bestetik, zer esate nahi duzue? Datozen egunetarako zer prestatu ez badakizue, Txoriene, Joseba Arguiñano Sukalerrian edo Sukaldarien liga ikus ditzakezue.