[Kafe Aleak] Fly Shit “Arnas bakoitzeko ernetzen”

[Kafe Aleak] Fly Shit “Arnas bakoitzeko ernetzen” –

[Kafe Aleak] Fly Shit "Arnas bakoitzeko ernetzen"

.

Fly Shit 

“Arnas bakoitzeko ernetzen (Autoekoizpena, 2010)

.

[Kafe Aleak] Fly Shit "Arnas bakoitzeko ernetzen"Disko baten inguruan idazteko proposamena egin zidatenean Bad Brains, Jingo de Lunch, Dead Kennedys… izan ziren burura etorri zitzaizkidan lehenengo taldeak, niretzat izan zuten (eta duten) garrantziagatik. Gero pentsatu nuen, hori eta gehiago merezi duten arren, banda ikaragarri horiei buruz asko idatzi izan dela eta ez dugula aintzat hartzen etxean duguna, bertako taldeak oharkabean joaten zaizkigula. Orduan, hemengo eszenari begiratuta ezin nituen ahantzi BAP!! mitikoak (guretzat BAP BRAINS!!), hainbeste une gogoangarri eman/ematen/emango dizkigutenak. Kontua da azkenean XXI. mendeko BAP!! direnen alde egin nuela… Fly Shit!! hardcore-punka, euskaraz, soinu propioz, nahiz eta batzuetan RKL, BAP!! eta abar ekartzen duten gogora… zuzenekoetan Bad Brainsen I Against I jo ohi dute (berdin-berdin gainera), BAP!!-en Ametsak eta Poison Idea taldearen bat (Fly Shitek bigarren CDan euskaraz grabatu zuena).

Hirugarren lana aukeratu dut, baina arrazoi berberengatik aukera nezakeen bigarrena. Biak ala biak darabilzkit behin eta berriz jogailuan. Gaur egungo 80ko HC-eko disko gutxirekin gertatu zait honelakorik… Zinc madrildarren Divagando, eta Godfarts katalanen Messed Up Minds izenekoarekin.

Do It Yourself filosofiari lotuta dihardu Fly Shitek, Creative Commons lizentziarekin, hitz konprometituak, arrazoizko prezioak, aurkezpen landuak, Bergarako gaztetxean modu aktiboan hartzen dute parte… eta gainera hemengoak dira. Verbal Assaultek abesten zuen moduan, “more than music”, hardcorea ez da abiadura hutsa!!!

Arnas bakoitzeko ernetzen du izenburu diskoak, eta Hitz zorabiatuak kantuak ematen dio hasiera, zoritxarrez oso garaikidea epaitegi frankista itzultzen ari den honetan… inork zalantzan jarri bazuen demokrazian ideia guztiak defenda zitezkeela… gaur egun denok omen gara TERRORISTAK!!! Ondoren, Errua, askoz bizkorragoa eta biribilagoa, erritmo-aldaketa ugarirekin, etxeko marka. Ez dira jolasean ari, melodia polita salaketaz betea. Gogoan daukat grabatu aurretik kontzertuetatik ateratzean lapazorri baten moduan itsasten zitzaidala. Badaezpadakoak… Rich Kids on LSD euskaraz? Ederra!! Arnas bakoitzeko ernetzen nerbioa baretzen, baina intentsitatea galdu gabe. Horren ondotik, Loratu, Angiolilloren olerki batean oinarritua. Arrasaten (oker ez banago) Espainiako Lehen ministro Canovas del Castillo hil zuen anarkista italiarra zen Angiolillo. Oso erritmo jostagarri eta hardcorea dauka. Ontzi galdua, batzuetan lasaia, besteetan bizkorragoa… erritmo uholdea. Azken aldarria, azkarrenetako bat, ia crust izateraino. Amaitzeko Desterratuak, argi uzteko beren lurra abandonatzen dutenak ez direla emigratzaileak, baizik eta estraditatuak. Azken batean, oso ongi gastatutako dirua!!

Descendentsek kantatzen duen moduan, “thanks for the way you play!”. Anderrek (gitarra-jotzaileak) komentatu berri dit Osto (baxu-jotzailea) aita izan dela eta tarte batez taldea utziko duela. Bere lekua Anderren anaiak beteko du, jadanik existitzen ez den Supercools taldean aritutakoa (bai disko ona bertsioekin osatu zuten hura!!). Zein emankor izan den Bergara (Andoain eta Laudio ere bai) HC bandei dagokienez… adi egon Rotten Teeangers taldeari ere.

Rober Robador (1970, Sestao) Musikazalea

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Fly Shit “Arnas bakoitzeko ernetzen”