Justizia akats

Justizia akats –

Justizia akats
Arg: Donald Tong

Aztoraturik ibili dira joan den astean muturreko zentroko tertuliakide eta iritzigileak Espainia aldean. Nonbait, alderdi guziek etakideei etekinak ematen dizkien lege baten alde bozkatu dute. Aho batez. Hura, antza, irakurri gabe.

Kalapita ederra ekarri du legeak. Kalapita, baina ez agerian gelditu delako politikariek beren lana ez dutela egiten; kalapita, baina ez guzien begi-bistan gelditu delako euskal presoei legea aplikatzeko tenorean justizia ez baizik eta mendekua izan dela eta dela irizpide nagusia; kalapita, baina ez ETA aitzakia hartuta zenbait politikarik demagogia higuingarriena egin dutelako.

Legeak etakideei etekinak ematen dizkiela erran dugu arestian. Etekin horiek, zehaztu dezagun, justiziarenak dira. Frantzian kondena bete badute, kondena hori aintzat har diezaietala Espainiako kartzelaldia kalkulatzeko momentuan. Nolanahi ere, epaileak protagonista diren honetan, polita da eta ezin adierazgarriagoa, Espainian justizia behingoz aplikatu izana akats baten, deskuido baten ondorio izan dela.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko urriaren 15ekoa]
Justizia akats

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude