Jubilatuok lubakitik

Jubilatuok lubakitik –

Maratoian 32. kilometrotik aurrera hasten dira komeriak.

Azken 11 kilometroak burutzeari murrua gainditzea deitzen zaio.

Jubilatzearekin edo erretreta hartzearekin antzeko zerbait gertatzen zaigu.

Badakigu gure bizitzaren azken zati edo laurdenean sartu garela.

Lasterketa utzi eta bazterrean geratu espektadore gisa, ala arnasa sakon hartu eta berriro ekin bideari eta helmugara (heriotzara) iritsi bitarte segi aurrera?

Horra gakoa!

Ni, jakina, osasuna lagun aurrera egiteko asmoz nabil iritzi hauek idazten.

Jubilatuok lubakitik
Arg: DMCA (Pxfuel)

Jubilatzeko garaietara iristen direnentzat bizitza duin bat izateko eskubidea izan da Ongizatearen Estatuaren aldarri nagusietako bat, egun kolokan dagoena. Nahikoa arrazoi jubilatuok ere borrokan jarraitzeko. Dena den, ondo bizitzeko adina izango bagenu ere, ezin gara goxo egotera mugatu, onenean ikusle huts eta txarrenean hutsaren hurrengo bihurturik. Azken hau da, nire uste apalean, benetako arrazoia zahartzaroan ere ez etsitzeko.

Hilaren lehen astelehenean, Oarsoaldeko jubilatuok elkarretaratzea edo batzarra egiten dugu Oreretako herriko plazan, eta ondoren manifestazioa herrian zehar. Aurreko pankartan herri eta auzoko jubilatuen elkarte guztien izenak agertzen dira. Deigarriena eta xelebreena, nire iduriko, Oiartzungoa: Gazte izanak. Oiartzunek badu, herri euskaldun petoek hizkuntzarekin jostatzeko duten ohitura. Alegia, Gaztaroa aspaldiko kontua dugu, zahartzaroan bizi gara, batzuk zahartritis-ak jota; besteak ez hainbeste, baina denok animoso!

2011ko maiatzaren 15ean gazte suminduek planto egin zuten hiriburuetako plazetan. Espainian, Grezian, Portugalen eta, batez ere, herrialde arabiarretan suminduen loraldia ezagutu genuen. Espainiar estatuan maiatza zen, udaberria, gerezien garaia, gizadiaren suspertze edo pizkunde garaia. Stephan Hessel bezalako adindu asko ausartu ziren gazte haiek kontseilatzera: «Borrokatu, guk ere gauza bera egin genuen galtzear ditugun eskubideak lortzeko. Ernegatu zaitezte! Bestela jai duzue!». Sinpatikoa 90 urtetik gorako aitonaren kontseilua; izan ere, «kontseiluak eman ez besterik, zer gehiago egin dezakete aiton-amonek?», zioten maltzurrek.

Bada, gu ere sumindu eta ernegatu gaitezke. Ez dugu onartzen hutsaren hurrengo bihurtzea. Gure pazientzia agortu daiteke, eta gure indar urriak baturik plazak ez ezik, kaleak ere dantzan jarri, botoa aldatzearekin mehatxu egin, eta dena hankaz gora jarri. Kontseiluak eman ez ezik, jardun, urteetan ikasitakoak berriro praktikan jarri. Hori egiten ari gara ia astelehenero, batez ere Bilbon.

Badaude neguko deitzen zaien kirol jarduerak. Gurea ere negukoa da, udaberri eta udarakoa, baita udazkenekoa ere, aspaldi atzean utzi genuelako. Eta jadanik batzuk negu gorrian eta besteak oraindik epelean, baina denok hotzez akabatzeko arriskuan, gurean ere ia gehiengoa diren emakume guztiekin batera planto egitea erabaki dugu.

Bai, gu ere, Imsersok antolatzen dituen Benidormeko azken dantzaldi trakets eta ezinduetan gure indar urriak xahutzeaz gain, borrokatu gaitezke.

«Iraultza ala hil!» edo «Aberria ala hil!» oihu egiten genuen gazteak ginen garaian, orain «Duintasuna ala hil», behialako haiek baino askoz gizatiarragoa den aldarria! Heriotzatik gertuago egonik, duintasunez bizitzea izan baitaiteke azken aukera.

Lagun batek galdetu dit: «Gogoratzen al haiz hasi eta bukatu arte segidan hitz egiten genian garaiaz?». A ze atarramentua, hizketan hasi, eta izen batekin trabatzeak sortzen duen urduritasuna. Arazo guztia hori balitz, gaitz erdi! Aspaldiko kontuak (hori ere, adinaren seinale), haurtzaroko bihurrikeriak, nerabezaroko txolinkeriak edo gaztaroko ustezko balentriak, horiek guztiak detaile guztiekin gogoratzea; eta duela lau egun bizi izandakoak, ordea, lauso edo ezin gogoratzeak sortzen digun estutasunak ez dira bi pezetakoak. Horregatik izango da, halaber, «memoriak atzetik aurrera» idatziz gogoratzen direla.

Aitortu behar dut kimika kontuetan guztiz ezjakina naizela. Alabaina, oraindik ezezagunarekiko kuriositatea eta jakin-mina galdu ez dudanez , BERRIAko Argi Aldia zutabean argitaratzen dituzten gaiak arretaz eta plazer handiz irakurtzen ditut. Marian Iriartek idatzitako Egoera fisikoak izenburuko artikuluak zer pentsatu eman dit: «Denbora luzeak igarotzen utziz gero, beira solidoa isuri egiten da likidoek egiten duten antzera, eta horrexegatik, leihoetako beheko aldean dagoen beira zatia lodiagoa da goiko aldean dagoena baino». Gure larruari gauza bera gertatzen zaio. Denboraren poderioz, azal lisoa eta lerdena zenak beherantz egiten du, zimurtuz eta lodituz. Horrek itxuraldatzen gaitu. Alabaina, benetako garrantzia, gure gihar eta zainen malgutasunean datza, eta batez ere bihotz motorraren egoeran. Eta jakina, buruarenean…

Simone de Beauvoirren Emakume hautsia berrirakurri dut. Bere garaian gustura irakurri nuela gogoratzen dut. Alabaina, ez dut oroitzapen garbirik zer nolako burutazioak sortu zizkidan. Oraingoan, zahartzaroak berez dakarren gainbeherarekin eta, batez ere, heriotzari aurrez aurre begiratzearekin egin dut topo.

Izan ere, ez da berdina gazte zarelarik heriotza zure jarduerari atxikitako kontingente edo zoritxarrari lotutako auzi bezala begi-bistatzea (esate baterako, pareta bat eskalatzean istripua izatearen balizko arriskua aintzat hartzea, baita borrokaren zurrunbiloan hila suertatzea ere), eta ezinbesteko edo saihestu ezinezko akabera antzematea: sexu grinaren apaltzeak dakarren bizimodu gazi-geza, indar fisikoaren beherakadak sortzen dizun besteekiko mendekotasuna, enteleguaren lausotzeak dakarren munduarekiko isolamendua, bakardadeari izua izatea… horrek guztiak sortzen digun desanparoa.

Jubilatuok lubakitik
Jubilatuok lubakitik
Jubilatuok lubakitik
Joxe Iriarte Bikila

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude