Joxerramon Bengoetxeak UPV/EHUko errektore izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du
Joxerramon Bengoetxea –
Honako oharra zabaldu dute Bengoetxearen hautagaitza babesten duten EHUko kideek.
Joxerramon Bengoetxea Caballero irakasle eta akademiko aintzatetsiak ofizialki iragarri du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore kargurako hautagaitza. Unibertsitateko hauteskundeak urte honen amaieran izango dira, eta berea da orain arteko lehen hautagaitza ofizial eta bakarra. Bere hautagaitza proiektu kooperatibo, parte-hartzaile eta anitz gisa aurkeztu du, eta baita elkarguneetara irekitako proposamen gisa ere.
.
Ibilbidea
Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidean doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean, Zuzenbidearen Filosofian katedraduna UPV/EHUn eta Honoris Causa doktorea Helsinkiko Unibertsitatean. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbide profesionala du, eta Europako Zuzenbidean aditu nagusietako bat da. Horrek Stanford, Oxford, Helsinki eta Kansaiko unibertsitate ezagunetara eraman du irakasle gonbidatu gisa. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria (2010) Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorrean, eta Jesus Maria de Leizaola Saria (2021) euskal autogobernuari buruz egindako lanarengatik. Bengoetxeak kudeaketan ere eskarmentu handia du, bai unibertsitatean (Zuzendari eta koordinatzailea izan da EHUgunen, 2011-2021 eta Oñatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuan, 2005-2007), bai erakunde publikoetan (Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, 1998-2001). Gainera, kargu garrantzitsuak izan ditu Europako erakundeetan, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiko letradua izan baita (1993-1998; 2001-2004), gaur egun Europar Batasuneko Justizia Auzitegia dena.
Taldea eta proiektua
Hauteskunde garrantzitsuak dira ate joka ditugunak; izan ere, USLOK bultzatutako araualdaketaren ondoren, hautatutako errektoreak 6 urteko agintaldia izango du. Bengoetxeak adierazi duenez, ilusioz ekiten dio proiektu honi, unibertsitatekomunitatearen bultzada jaso duelako”, eta “unibertsitatearen norabideari buruzko oinarrizko adostasunak berreskuratzeko unea” dela deritzo.
Ikasturte berriaren hasieran iragarriko du lagunduko dion errektoretza-taldea, “talde plurala, anitza eta konprometitua, proiektu akademiko eta sozial berritua duena’, eta irailetik aurrera entzute-erronda bati ekingo diola aurreratu du, asmoa baita “programa elkarlanean eta era horizontalean diseinatzea komunitate osoaren artean”. Helburu nagusia da erakundea zuzentzea berrikuntzan, parte-hartzean, hezkuntza- eta ikerketa bikaintasunean eta gizarte-konpromisoan oinarritutako ikuspegiarekin.
Konpromisoa eta balioak
Hautagaitza honen abiapuntua unibertsitateari buruzko goi-mailako eztabaida baten beharra da, euskal unibertsitate publikoren norabideari, zereginari eta ekarpenari buruz, gizarteari egiten dion ekarpenari buruz, eta, ondorioz, merezi duen finantzaketari buruz. UPV/EHUK eta bere komunitate osoak bultzada berri bat behar du, bere ezagutza eta talentu guztia erronka garaikideen zerbitzura jartzeko, erronka horiek ez baitira gutxi. Zentzu horretan, Bengoetxeak unibertsitatearen, gizartearen eta lurraldearen arteko lotura estutu nahi du, gai estrategikoei dagokien azterketa bateratuaren bidez. Unibertsitate-proiektu publiko berritzaile eta integratzailea, irekia eta konprometitua euskal gizartearekin eta unibertsitate-komunitatearekin berarekin, eta berdintasuna, errespetua, bizikidetza edo zaintza bezalako balioetan oinarritua. Jendea zaintzen duen unibertsitatea. Bere jendea zaintzen duen unibertsitatea.