Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira hausnarrean (II)

Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA II –

Nire aurreko artikuluan, Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA ETA ESTATUAREN liburuak iradoki zidan hausnarketa hizpidera ekarri nahi izan zuen. Gerora artikuluak zenbait erantzun ekarri zituen, ia guztiak Pako Suduperenak, erantzun oso interesgarri eta sakonak, eta zer pentsatu askorik eman zidatenak. Ez naiz ni kontu hauetakoak, baina, liburua irakurrita nuelarik, lerro horietara animatu nintzen, eta gero, gerokoak. Orain, liburuarenak berez bazter utzirik, erantzun trukaketa horiek gora-behera, piztu zitzaidan gai-txinparta bat hauspotu nahi dut orain: Nola gainditu nazioen edo kolektibitateen ikuspegi konstruktubista eta esentzialistaren arteko ikuspegi aurkakotuak?

Hasteko eta behin, aurrez, esan gabe doa bi polo horiez gain, euren artean tarteko ikuspegiak badaudela, gris jarraitu batean zehar kokatuz joan daitezkeenak, edo posizio hibridoak har ditzaketenak, neurri ezberdinez ikuspegi batetik eta bestetik hartzen dutenak…

Dena dela, hasierako argazki sinpletuegi hori ezin hobeto datorkit, ondorengo lerroetan egingo dudan proposamenaren zergatia justifikatu ahal izateko. Pixka bat sinpletuaz kontua hortaz, bi muturretako jarrerak geneuzkake; bateko, nazioaren ikuspegi esentzialista; besteko, ikuspegi konstruktibista. Lehenengoaren arabera, nazioa, edo dena delako kolektibitatea, ardatz batean, batzuetan, edo euren arteko konstelazio batean, oin harturik, izan, bada, izatasun objektibagarria handia, erdibidekoa, edo txikia izan. Konstruktibismoak, aldiz, eginean, elkarrekin egin ahal izate horretan jarriko du azpimarra guztia taldeari kontu egiteko orduan. Itxura batean, esentzialismoari estatikoegi iritzi diezaiokegu eta konstruktibismoari, aldiz, jariakorregi.

Nola gainditu muturreko bi arrisku horiek? Modu askoz, eta autore askoren eskutik egin genezake, beroiek politologoak, soziologoak zein filosofoak izan. Nire proposamena Xavier Zubiri filosofoaren hausnarketek iradokitakotik segituko da gehienbat, beraren ontologiak taldekotasunari buruz esan zuen horretatik.

Zubirik, zerbaiten errealitateaz galdegiten diogunean geure buruari, beti-beti bi plano, bi ekinbide ezartzen du aurrez; erreala den zerbait, gizabanakoa izan, gauza, gauzaki edo taldea izan, erreala den aldetik, bada, eta badugu berari buruz nolabait edo besteko esperientzia bat erreala den aldetik, eta, hortaz, aurren-aurreneko galdera “zer da?” izango da; bigarrenik, baden horren gainean, hau edo beste den horren gainean, zera segituko da, “nolako da?… zertan datza?” galderak.

Bada, hori aintzat hartuta, nazioaz, euskal nazioaz, geure buruari galdegiten diogunean, zer ote den hori, edo zertan datzan dena delako hori, geure buruari galdegiten diogunean, aurrez, bere bizipena jada, eta era ezin ukatuzkoan, izan, badugula aitortu behar dugu. Gerora hasiko gara horren gainean hau edo beste harako hura ote den geure buruari galdetzen.

Talde baten izaeraren auzia tematizatzen dugunean, badugu oso zubiritar diren bi kategoria aipatu bi dimentsioak ulertu eta artikulatzeko, hau da, “zer hori” eta “zer den hori” direlako bi geruza horiei kontu egiteko orduan, eta bi kategoria horiek zeintzuk eta “mentalitatea” (mens) eta “tradizioa” ditugu.

“Mentalitatea”, hasteko eta behin, hartze zabal baten baitan ematen da, eta,hortaz, bere zentzu zabal-zabalean ulertu behar dugu, hau da, bai zentzu intelektualean, bai askoz ere orohartzaileagoa den zentzu batean, eta bizitzeko modu-marko eta ulerpen-marko bat luzatzen dituena. Areago ere, mentalitate batek hartuta bizi den jende-talde bat, pentsatzeko eta bizitzeko modu “jaso” ez ezik, jasotako horren edukiaren eraginpean bizi da. Gure gizarte-dimentsioa, gure dimentsio soziala, ez da hutsean ematen, “mentalitate” horren baitan eta horren bitartez eman ahal izaten da beti. Guztizko funtzionalitatea du; hortik kanpo ezin besteekiko ezein harremanik sortu. Era “orohartzaile” eta “oroezartzaile” batean jarduten du espazio sozial-publikoan mentalitateak.

Bigarren kategoria “tradizioa” dugu. Berorrek “mentalitearen” dinamikotasunaren berri emango digu. Dena den, eta Zubiriren ikusian “tradizioa” kategoriaren nondik-norakoetan sartu aurrez, argi gera dadila ez dela inondik ere tradizionalismotik-edo uler litekeen tradizioaren ohiko adiera erabiltzen ari.

Tradizioak, bere jatorri etimologikoan, “ematea”, “entregatzea” eman nahi du aditzera. Gizakiak, espazio publikora jaioarazi denean, mentalitate bat jasotzen du, ez baina nolanahi, baizik-eta tradizioaren bitartez. Baina, eta hemen dator Zubiriren jauzia tradizio terminoarekikoan, tradizioak ez du soil-soil “transmititzea” esan nahi. Transmititutako hori “errealite” formapekoa da. Alde horretatik, “tradizioa” atzetik, iraganetik” datorrela pentsatu ohi dugu, baina hori ez da muinekoa, ez azkenburukoa. Lehenik eta behin, tradizioak dimentsio oinarritzailea (constituyente) du, eta, hein horretan, ez du zertan gauzak, egoera, diren direnean iraun behar direnik esan.

Gertakari guztizkoa dugu gure gizarte-dimentsiorako, halako moldez, non bere baitan tradizio guztiek “tradere” dimentsio bat duten. Hain justu “Tradere” kategoria dugu, tradizioaren mami oinarritzailea edo sortzailearen (constituyente) berri ematen diguna. Alabaina, “constituyente” (oinarritzailea) izateaz gain, ondo-ondoan eta eskuz esku, badu bigarren dimentsio bat; “constitutiva” delakoa (oinarri-emailea). Modu batez edo bestez, dena delako moduz, jarraitzera bultzatzen duelako, oinarritzen jarraitzera bultzatzen duelako, diogu oinarri-emailea dela. Horregatik Zubiriren “traditioa” jarraikorra da (continuativa).

Eta ”continuativa” izateak ez dakar ezinbestez berekin “lehengo berean” edota “orain artean bezala” iraun behar duenik. Etorkizunerantz bultzatzen gaitu, gaudeneko oinarri horretatik, baina gerorantz, eta horregatik “prospectiva” ere bada.

Hirugarren eta azken dimentsio hau oso aintzat hartu beharrekoa da. Izanez ere, dimentsio hirugarren honek uxatzen du zeharo hizpide dugun “traditioaren” ulerpen tradizionalista oro. Traditioaren dimentsio prospektiba tarteko, tradizioak, bere edukiari bainago, bere baitan eduki daukan horri bainoago, berorretan oin harturik zabaltzen dituen ezin konta ahala aukeren sortari dagokio. Hortaz, are, itxura guztiz, tradizioz jasotako edukia erabat bestelakotzen-edo dugunean, are jauzi horrelakoetan ere, tradizioaren dimentsio prospektiboak ahalbideratua izan da.

Orain, bukatze aldera, gurera etorrita, noan zer edo zer esatera “euskal” delako horretaz, edo “euskal nazioaz”, aipatutako Zubiriren kategoria hauen harira. “Euskal” delako horren tematizazioa egiteko guztiz egokia deritzot “euskararen” gainean azpimarra jartzeari. Izanez ere, euskara, hizkuntza bat den aldetik, eta hortaz besteekiko, eta kolektibitatearekiko, harremantze baliabideetan baliabide dugun aldetik, berorretan ikus dezakegu guztiz eta garden-gardenki islatuak aipatu kategoria horiek guztiak.

Euskara egun bada, ezer egin gabe, berorren aldeko kanpotiko hautu egin bainoago, berez badugun, baden ezin ukatuzko zerbait dugu. Berorretara jaioak dira ama hizkuntza duten zenbait eta zenbait, edo berorretan txiki-txikitandik heziak izan diren horiek guztiak. Are euskal hiztun izan ez, eta hortaz euskaldunen komunitatetik kanpo dauden euskotar horiek guztiak, euskararen mundua auzo-errealite eragile duten aldetik, horren eraginpean daude halaber. Izatezko, berezko, errealitatea dugu hortaz euskara, norbanakotasuna gainditzen du, eta gure aurretik eta gure gainetik dago. Talderako, taldearen baitako bizikidetzarako, baliabideetan baliabide dugu, komunikazio tresna hutsa ez ezik, gizartekideekiko harreman-loturan muin-muineko gizarte-osagaia ere geneukake. Euskaren kontuan, tokiko hizkuntza bizia den aldetik, “traditioz” era oinarritzailean (constituyente) jasotako talde oinordekotza zabal eta baztergabe horren baitan hizkuntza geneukake muinekoena eta orohartzaileena. Hein horretan, bere dimentsio oinarritzailea ezin ukatuzkoa da eta begi-bistakoa. Oinarri emailea denik ere nork uka; hizkuntza bizi-bizia da, eta bere egoera minorizatua tarteko ere, benetako hiztun-espazioak zabaltzen dituena, eta hiztunen praktika erreal horien bitartez edo eraginez euskal “habitus”-ari bide ematen diona. Eta gerora begira zer?, prospektiboki zer esan?. Euskara etorkizunean hau edo beste izan gure komunitaterako, indartu edo ahuldu, hizkuntza molde gisa gutxi-asko bere horretan iraun edo, aldiz, linguistikoki nabarmen bestelakotua izan, izango den, edo izankizun den hori euskarak egun zabaltzen duen humus “posibilitante” ezinbesteko horren erasanez soil-soilik izan ahal izango da. Areago ere, imajina ahal izango bagenu euskararik gabeko etorkizuneko euskal komunitate bat, edo kasu honetan “post euskal komunitate” bat, guztiz erdaraduna, berori, betidaniko guztiz erdaldun den beste komunitate baten aldean, kasurako Kantabriaren aldean, bereizgarria izango litzateke modu batez edo bestez, “traditio” guztiz ezberdin batetik eratorria den aldetik.

Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira hausnarrean (II)

Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira hausnarrean (II)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira hausnarrean (II)”-ri buruz

  • Bukaera irakurrita, Igor, Txillardegi etorri zait gogora: Euskal Herri erdaldunduaren paradigmatzat Errioxa jotzen zuen hark. Erdi Arora arte, eskualde batzuetan behinik behin euskalduna izana…; egun, pilota aldetik agian

  • Hobeto esanda, Erdi Aroa amaitu arte edo