Joxan Artze eta arrazionalismoaren kritika
Joxan Artze eta arrazionalismoaren kritika –
Aurreko artikuluan (zuzeu.eus/kultura/joxan-artzek-utzitako-altxorra) Artzeren ekarpen literarioaren atzean zegoen altxor espiritualaz aritu nintzen. Orain, bere pentsamenduan pixkatxo bat gehiago murgilduta, bere lanetan hainbatetan agertzen den auzi bati erreparatu nahi diot, arrazionalismoaren kritikaren auziari. Izan ere, oso interesgarria da, eta oso balioko fededunontzat, arrazionalismoa eta materialismoari egin zien kritika zorrotza.
Artzeren iritziz, mundu material honetatik harago joatea eragozten digun arrazionalismoari bete-betean eustea oztopoetan oztopo da espiritualtasun bidean. Olerki testuetatik kanpo, gai honi buruz jardun zuenean bere bizitza esperientziatik bertatik hitz egin zigun. Jainko bila hasi aurretiko bere gazte garaiaz ari zelarik zera esango zigun:
“Arrazoia harrotzen denean eta duen argia berarengatik baizik ez duela eta, arrazoiaz gaineko adimenaren zerbitzari izateari uko egiten dionean, bere kasa bakarrik geratzen denean, berehala irensten du arrazoipekoak arrazoiaz gainekoaren laguntzarik ez duenez. Ez dela eguzkirik, duen argia berea dela liokeen ilargia bezala zen (eta da) arrazionalismo ero hura. Ni ere horregatik, baina ez horregatik soilik ibili nintzen erlijioaren aurka. Baita ere nire nahikeriak betetzeko traba zegidalako hark, erlijiotik at biziz askea nintzela uste nuelako…” (Hamaika euskal literato eta Jainkoa, Gartzia Trujillo 2016: 835).
Nork bere burua mutilatzearen ondorioa da arrazionalismoa, diosku Joxan Artzek. Bere esanetan, arrazionalismoak berez ez du ezer txarrik. Arrazoiak arazo guzti-guztiak aska diezazkigukeela ziur gaudenean sortzen da arriskua. Zentzu honetan deritzo arriskutsu arrazionalismoari. Berean arrazionalismoa estuki lotua dago begi bistakoa baino ez onartzearekin.
Horren kontrara, bere bilaketa-bidean zerataz konturako da Artze, bihotzean badagoela zerbait azkengabea eta hortik datorkigula mugarik gabekoaren gosea. Askotan kontzientzia handiegirik gabe bada ere, modu batez edo bestez, behar hori hor izango da beti, erdi isilik agian, baina hor beti zain-esperoan. Gizakiok absoluturako dugun geurezko joera natural hori bi modutara bizi dezakegula esango du: guztia absolizatuz edo guztitzat edukiz, ala ezereza absolutizatuz eta guztitzat edukiz. Bere konbertsio aurreko urteetan mundu hau baino ez zuela zioen eta horregatik absolutizatu zuen berau. Bere urte horietan bizitakoari gerora hitzak jarri, ahotan hartu, eta zera esango digu:
“Arrazionalismoak uste zuen arrazoiz gainekoaren kontra joz, arrazoia nagusituko zela munduan, behingoz iritsiko zela zentzua mundura. Ez zen konturatu subkontzientea bakarrik uzten duenean, honek jan egiten duela arrazoia. Subkontzientea suprakontzienteak bakarrik oreka dezake. Ikusi besterik ez dugu, arrazionalismoaren mende dagoen mundu hau, nola daukan subkontzienteko kaosak hartuta. Hara orain dagoen nahasmendua: diru-gosearen aseezin suizidak sortutako gerrak, miseri beltzak…zentzugabekeria nagusitu da” (Hamaika euskal literato eta Jainkoa Gartzia Trujillo 2016: 836).
Absolutuarekiko gizakiaren harremanaz are sakonago jardungo du Artzek. Lerro hauek baina ez digute zehaztasun gehiagotan sartzeko bide ematen. Dena den, gera gaitezen esandakoarekin eta aprobetxa dezagun ideia hauetaz guztiez pixkatxo batez hausnartzeko. Izan ere, zer pentsaturik eman beharko ligukete sinestunoi. Erlijio barruan zein kanpo, gure kasuan kristautasunaren baitan zein kanpo, giro eta kultura berberan gaude denok murgilduta. Gure garaiko kulturan, errealitatearen gainean begirada hotz eta sobera zientifiko-teknikoa gailentzen da. Begirada-mota hau gure bizimodu eta molde ekonomikoekin dago hertsiki lotuta eta mundua eta errealitate osoa ikusteko modua baldintzatuko du. Munduak eta errealitateak bere misterioa galdu dute. Ezin ditugu gure kontzeptuak, gure neurketak, gure kalkuluak… alde batera utzi ezta unetxo batez ere. Hartara, errealitatearen isiltasuna jada ez zaigu mintzo. Hau da alderik alde gure bizitzak zeharkatzen dituen gure gaitz kulturala. Geure mundu-ikuskerak, gehienetan sinesgabe eta sinestunok elkarrekin partekatua, Jainkoarengandik urruntzen gaitu, bizitzaren misteriotik urruntzen gaituelako. Errebelazioa, nekez mintzo zaigu jada, ez bera berau mintzo ez zaigulako, ez, entzungo dion entzumena, ikusiko dion ikusmena jada ez direlako gai, nolabait-edo erdoiltzen utzi ditugulako.
Hein horretan, Artzeren arrazionalismoaren salaketa oso kontuan izan beharko genuke sinestunok. Bai ad intra, barrura begira, gure fede-bizipenak zin-zinez astindu gaitzan, bai, ad extra, kanpora begita, Berri Onaren gure hots egitean, eginkizun horretan asma dezagun gizaki ororen misterioarekiko joerarekin bat egiten.
I.
Ikusten den eguzki horrek
ikuskorrak diren gauzak ikusteko
argitzen dizkigu begiok.
Ikusten ez den Eguzkiak, berriz,
ikustezinak diren gauzak ikusteko
egiten argi,
argi egiten guri barruenetik!
Maite dugun arte
ez dugu ikusten,
ezin ikus,
ikus ez daitekeena…
Azkengabeki maite gaituena!
II.
Zure bila ibilli dira urduri
ene begiok,
galdu den bildotsarenak bailiren,
bila, bere amaren,
urduri eta luzaz
urrutiko bazterretan,
kanpoan zure bila:
itxurak itsututa,
kolorez lausoturik,
barru-barruko argiaren ikustetik,
dira ene begiok ibili.
Joxan Artze eta arrazionalismoaren kritika