Joseba Sarrionandiak, adiskidearen egoskortasunaz
Joseba Sarrionandiak, adiskidearen egoskortasunaz –
Orain dela gutxi idatzi zidan Hasierrek mezu bat, nire poesiaren antologian ez zelako “Sorterriko Koplak” agertzen, “justu nire hileta egunerako eskatuta dudan kantua”, esaten zidan…
Horrelaxe hasten da Hasier Etxeberria adiskidearen omenaldirako Joseba Sarrionandiak idatzi eta bere ahotsetik entzun genuen testua:
.
Erantzun nion neure hiletan espero nuela bera, nahi zuena abesteko. Ez nuen uste hilko zenik, ekinean bizi zelako. Aspalditik ari zen borroka desesperatuan minbiziarekin, baina beste borroka guztiak utzi gabe. Egunean-egunean irakurtzen, lagunekin gozatzeko jaten, ahal zuena idazten, ausardiaz ematen iritziak honetaz eta hartaz…
Nirekin ere borroka batean ari zen; nahi ninduen atera telebistan edo interneten, jakin arren nire odolaren kontrakoa zela guzti hori. Proposamen bitxien ondoren esaten zidan, “aurrez ezagutzen diat hireĀ erantzuna, baina hik ere ezagutzen duk nire egoskorkeria”.
Hala ere, estimatzen nuen Hasierren egoskorkeria. Egoskortasuna behar da horrenbeste lan egiteko; helduen euskalduntzean, “Karramarroaren Azternak” ETBn, “Arrainak ura baino”, Euskaldunon Egunkarian, “Eulien bazka”, Sautrelan, “Alua mundua” edo ZUZEU. Gainera, Sautrela esaten da, hitz bakarrean, baina zenbat sautrela egin zituen?
Egoskortasunaz gainera beste balio estimagarri asko behar da halako beharrean tematzeko. Imaginazioa, ausardia, antolatzeko gaitasuna, umorea, pazientzia eta, batez ere, euskal gauzekiko, euskal gauzarekiko maitasun itzela. “Inork ez zidak eskertuko, baina oso harro nagok”, esaten zuen; Sautrelagatik, ZUZEUgatik eta beste gauza askorengatik.
Oso oker zegoen horretan, inork ez diola eskertuko esaten. Borrokan ibili beharko zuen, oztopoak izango zituen, baina seguru nago askok eman dizkiotela eskerrak bizirik zegoen artean, eta seguru milioiek eskertuko dizkiotela geroan, eginda utzi dituenak.
Horixe da nik orain esan nahi dudana, Hasier, eskerrik asko!