Joseba Agirretxea: “Herri estrategia amankomun bat bagenu, Madrilen emango lituzke emaitzak”

Joseba Agirretxea

Abenduaren 20an Espainiako kongresurako hauteskundeak ditugula-eta, ZUZEU ere, kanpainan sartu eta gure herrian diren bi alderdi abertzale nagusietako kide bana gonbidatu dugu geurera; EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Joseba Agirretxea alde batetik, eta EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Onintza Enbeita bestetik.

Ikasketaz kazetariak ditugu biak, eta egun, Madrilen diputatu. Eskarmentua dute, eta biak ala biak, etorri onekoak dira. Ez dakigu batak ala besteak konbentzituko zaituen, irakurle, baina bakoitza berea edonoren aurrean defendatzeko prest dira Enbeita eta Agirretxea.

 

Joseba Agirretxea: "Herri estrategia amankomun bat bagenu, Madrilen emango lituzke emaitzak" (elk.)

1966an Ondarroan jaioa, aspaldi gipuzkoartutako Joseba Agirretxea da Gipuzkoako jeltzaleen Kongresurako zerrendaburua.

Jada zortzi urte daramatza Agirretxeak Madrilen diputatu, “eta hasieran gogorra bada ere, ohitu egin naiz -aitortu digunez-. Joan-etorrian gaude beti, gure helburua ez baita Madril. Zorionez, ordu betera dago”.

Kanpainan buru belarri sartuta, hara eta hona harrapatu du gizona ZUZEUk, nekatu samar; irratitik zetorrela eta gero Ordiziara joatekoa zela. Zereginak zeregin, egiteko genituen galdera guztiei erantzuteko tartea eskaini digu.

“Orain arte joan garen gauza berbera egitera, Euskadi defendatzera”, gaztigatu gaitu EAJ Madrilera zertara doan itaundu diogunean. “Euskaldunok ordezkaritza sendo bat eduki beharra dugu Madrilen, Euskadiri dagozkion gauzak erabakitzen diren lekuetan egon beharra dugulako; eta dudarik gabe, guk hala uste dugu, euskaldunon interes politiko, sozial eta ekonomikoak defendatzeko ordezkaritza politikorik hoberena Eusko Alderdi Jeltzaleak ematen duen bermea da”.

“Oraingoan uste dugu garaia iritsi dela estatus berri bat edukitzeko. Orain arte Gernikako Estatutuak emari luzea izan du -eskumen guztiak ez ditugunez exijitzen jarraituko dugun arren-, baina gainditu egin dugu. Behar beharrezkoa dugu harreman politiko berri bat Madrilekin, gure naziotasuna onartzen duena eta gure erabakitzeko eskubideari bide emango diona”.

Agirretxea eta Enbeitarekin izandako elkarrizketatan, burujabetza izan da kontzeptu errepikatuenetako bat, bakoitzak bere modura ulertzen badu ere.

«Ezin dugu inor behartu ezertan, herriak erabaki behar du zer nahi duen izan»

Hurrengo lau urtetarako, EAJk bi bide bateragarri izango ei ditu Madrilen, autogobernuaren defentsan. “Gure autogobernuaren defentsa ez dago kontrajarria guk marko politiko berri bat eskatzearekin”.

Ardatz nagusienetako bat kontzertu ekonomikoaren defentsa eta babesa izango dugu, iruditzen zaigulako zenbaitzuk ukitzeko asmoarekin etor daitezkeela. Eta lan didaktiko bat ere egin behar da, guretzat zer suposatzen duen azaltzeko, ez baita bakarrik erreminta ekonomiko bat. Autogobernuaren oinarrian dagoen elementu bat da, gure eskubide historikoetatik eratorria, eta geratzen zaigun gure subiranotasun jatorrizkoaren aztarnarik nagusiena; gure ongizatea bermatzen diguna, gure zerbitzuak, hezkuntza, bizitzeko modua. Guk kudeatzen dugulako guk jasotzen dugun dirua eta guk erabakitzen dugulako zeintzuk politika lehenetsi”.

“Gero, Madrili dagozkion beste eskumen batzuk aldarrikatu nahi ditugu, pentsioak, gizarte segurantza, trenak, kostak… eta bete ditzala dagozkionak. Abiadura Handiko Trenak, esaterako, azpiegitura bezala ardaztu egingo du gure nazioa, elementu estrategikoa da modernitatean eta Europan jarriko gaituena zuzenean. Bada Estatuari dagokio, eta exijituko diogu bete ditzala epeak”.

Alderdi abertzaleen artean eman daitezkeen adostasunak direla-eta, Madrilen EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlanaz ere itaundu diegu Agirretxea zein Enbeitari.

«Herri estrategia komun bat balego hemen, Madrilen izango lituzke bere emaitzak»

Abenduaren 20ko hauteskundeek, aurreikuspenen arabera, orain arteko bipartidismoa apurtuko dute, betiko PP eta PSOEz gain Ciudadanos eta Podemos alderdiak indartsu sartuko baitira Kongresuan –“Guztia ikuskizun dago, ez baitakigu zer gertatuko den”, dio Agirretxeak zuhurtziaz-. Eta horrek jokaleku berri bat ekarriko du -gehiengo absoluturik gabekoa- baita inoiz erabakigarria izan den alderdi jeltzalearentzat ere. “EAJ ez dago Madrilen bertako gobernuarengan eragingo duenaren arabera, euskaldunon ordezkaritzak han ere egon behar duelako baino. Eta egingo dugu egin beharrekoa gure aldarria eta eskubideak azalduak izan daitezen”.

Agirretxearen aburuz, “ez da gure lehentasuna nor dagoen, eta bai zein dagoen prest gure proiektua eztabaidatzeko eta adosteko”. Eta norbaitek jeltzaleen babesa beharko balu presidente izendatua izateko? “Buelta emango nioke galderari, elkarrizketaren ondoren baitatoz adostasunak, ez aurretik. Batek onartuko balu EAJk mahai gainean jartzen dituen elementuak… nazio izaera onartzea, alde bikotasuna onartzea eta herri honek duen erabakitzeko eskubideari bide ematea… gero gerokoak. Oso balizkoa iruditzen zait”.

Hurrengo legegintzaldian euskal gatazka konponbidean jartzeko pausuak emango diren ere galdetu diegu EAJ eta EH Bilduko ordezkariei; hala nahiko lukete, biek ala biek.

«Erabakia hartua badu, zeri itxaroten dago ETA bere burua bukatutzat emateko»

EAJko kidea agurtu baino lehen, aurreikuspenen arabera bere alderdiak Kongresuan izango dituen ordezkari guztiak gizonezkoak izango direla adierazi diogu Agirretxeari. “Guztiz koiunturala da”, adierazi digu, orain lau urteko Gipuzkoako zerrendaburua Arantza Tapia izan zela gogorarazita. “Emakumearen presentzia geroz eta handiagoa izan behar da, Eusko Jaurlaritza ikusterik besterik ez dago; guretzat parekidetasuna eta berdintasuna oso garrantzitsuak dira. Alderdiko gizon eta emakumeek erabaki dituzten zerrendei baino, berdintasun politikak dauden ala ez begiratu behar da”.

Askok egun hauteskunde kanpainak baliagarriak ote diren zalantzan jartzen duten honetan, Coca-Cola ahotan hartu eta metafora bitxia eman digu Agirretxeak, ziztuan beste ekitaldi batera joan baino lehen.“Kanpainak asko aldatu dira, atzera gehiegi joan gabe. Orain hamabost urte dena zen mitin, kartel eta karabana; egun, twitter eta youtubeko bideo. Inork ez du jada, handienak ere, belodromoa betetzen. Beharbada lehen gizartearekin harreman zuzen-zuzena zegoen, ez zegoelako besterik. Eta ez diot hura hobea zenik, gizartea aldatu egin dela baino, eta gizartearekin batera politika egiteko modua”.

“Coca-Colak behar du publizitaterik? Ez, baina egingo ez balu mundu guztia konturatuko litzateke. Kasu honetan, ez dakit jada zerbaitetarako balio duten, baina inor ez da ausartzen kanpaina ez egitera”.

EAJ eta EH Bilduko ordezkari banarekin berba egiteko aukera Kataluniako prozesuari iritzi diotena galdetzeko ere baliatu nahi izan dugu.

«Espainiar gobernuak benda jarri bai, baina ez du Katalunian ezer konponduko erremedioak ez badira politikoak»

Joseba Agirretxea

zuzeutb

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Joseba Agirretxea: “Herri estrategia amankomun bat bagenu, Madrilen emango lituzke emaitzak””-ri buruz