Arantzazutik zuzenean, Jorge Oteizak

Oteiza - Arantzazuko ApostoluakAltzuzako Oteiza museoak orain arte argitaragabeko irudi batzuk eman berri ditu ezagutzera; Jorge Oteiza berak Arantzazun grabatuak, 1968-1969 inguruan.

Soinurik gabeko jatorrizko irudietan, Oteizaren lan taldea ikusten da, Arantzazuko Apostoluen Frisoa eta Pietatea santutegiko fatxadan jartzen; garabia baten laguntzarekin eta fraideak adi-adi dituela. Luis Laorgarekin batera basilika berria eraikitzearen ardura izan zuen Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarra ere ageri da Oteiza museoko artxibategiko irudietan.

 

 

Jakina da 1954an, eraikina jada bukatua zela ekin ziola Oteiza apostoluak egiteari; eta urtebeteren buruan lanak bere horretan utzi behar izan zituela, Espainian indarrean zen nazional katolizismoak sormen askatasunari mugak jarri eta derrigortuta -hamabi apostolu beharrean, hamalau figura sortu zituen artista gipuzkoarrak-.

Honela zioen Elizaren erabakiak: “Komisio Pontifikal honek Arantzazuko santutegi berriaren egitasmoa zuhurtziaz aztertu du, eta horretarako liturgia, arkitektura eta arte apaingarrietan adituak diren artista eta ikerlariak galdekatu ditu. Arte sakratuaren begiramena, Egoitza Santuaren araberakoa, zaintzen duen Komisio Pontifikal hau, atsekabez, aurkeztutako egitasmoari oniritzia ukatu beharrean da. Ez da zalantzan jartzen proiektugileen asmo ona, baina bide modernistatik galdu direla ondorioztatzen da, eta ez dituztela kontutan hartu arte sakratuari dagokionean Egoitza Santuak dituen arau batzuk”.

Ondorioz, Oteizaren apostoluak 15 urtez egon ziren bide bazterrean etzanda, harik eta 1968an berriro lanari ekiteko baimenak lortu eta, bideoan ikusi ahal den moduan, proiektua burutzea lortu zuen arte.