Jon Sarasuarenen harira, Segurolaren bectsolariak
Jon Sarasuarenen harira, Segurolaren bectsolariak –
Interesgarriak oso Jon Sarasuak Donostian eman berri duen hitzaldiarenak, gerora Amagoia Mujikak “Jon Sarasua: «Marko ideologiko jakina dago txapelketan, eta pobrea» izenburuko artikuluan jasoko eta iruzkinduko zituenak. Sarasuak han botatakoek ezin esan egiatik asko, nahikotxo, ez zutenik. Beroiekin, guztiz ados egon edo ez, erdi ados, edo are kontra egonda ere, Sarasuak potolo den zerbaiten zuztarra ukitu duela bistan da, ondo ukitu ere, azkar batean harrotutako hautsak horien seinale garbia.
Bertsolaritzan banda-zabalera zehatz bat dagoela esaten digu Sarasuak, espektro bat, baina ez nolanahikoa, ez, deigarriki estua den espektro bat, eta oso estua delako, hain justu, hartzen du ahotan banda-zabaleraren kontua. Gaiarekin, mintzagaiarekin dago lotuta banda-zabalera, alegia, zertaz mintzo gaitezkeen eta zertaz ez, zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez bertsolaritzan, eta hori ez ezik, baita, “hitz egingarri” den horren baitan, nondik nora, zer terminotan, edo zein zedarriren barrutian hitz egin daitekeen ere.
Bertsolaritzako banda-zabalerari dagokionean, hiru geruza dituela esango digu Sarasuak. Lehenengo geruza maila ideologikoari dagokio, hau da, zer banda ideologikon barrena mugitu behar garen zehaztuko lukeena; bigarrena osagaiei dagokie, “zer” ideologiko orokor horrek zein mintzagai zehatz ezberdini ematen dien bide, hau da, gaiak zeintzuk diren zehaztuko lukeena. Hirugarren geruza bestelako ideiei legokieke, aurrez ondo zehazturiko markoa tarteko ere, badago lekurik berorren baitan norbere mikroideiak ager daitezen, marko zedarriak hautsi gabe ere, nork beretik kanta dezan. Eta azken eta hirugarren geruza honetan jartzen du Sarasuak duen itxaropen txikia, eta guztia; izanez ere, aukera hor egonda ere, badirudi bertsogintzak maizenean uko egin ohi diola bigarren geruzatik hirugarrenerako jauzi egiteari.
Iñaki Segurolaren zenbait adierazpen ere tartekatzen dira Sarasuaren hausnarketan. Bada, Sarasua batere aho-bizarrik gabe mintzo bazaigu ere, eta aitortu beharko litzaiokeen zintzotasuna eta ausardia inondik ere gutxietsi gabe, are gordinago ere mintzo zitzagun Segurola. Sarasuak dioskuna nola edo hala bazigun esana aurrez Segurolak:
“Usteen esanera dabil bectsolari ez-gurea (uste potoloetan poto eginez behin eta berriro), eta noizbehinka ezusteren bat erakusten du; hustea atzendu zaiona. Betekada espiritual batetik oka eginez bezala ari da” (I.SEGUROLA, Sed quia sua, 17).
Segurolarekin, “uste potolo” direlako horiek zerarekin daude estuki lotuak; hala eta hala, eta ezin inondik bestela, izan behar duten ideia (sinismen) potolo eta gatzatu horiekin. Bestetzuetan IdPot-i buruz (ideia potoloak) mintzo ohi da. Bere ikusian, horrela dihardute egungo bertsolariek, “bectsolariak” deituko diena, aurreko zinezko bertsolorietatik bereizte aldera.
Segurola, bere salaketa-gaitzespenean, Sarasua baina askoz harago doa. Izanez ere, hau eta solik hau (“uste potolo” horien esanera jardun) esan ahal izatea bainoago, uste horiek horren potolo eta borobilak izatea du zinez higuingarri:
“Betekada espiritual itzel batetik oka eginez bezala ari da. Bere buruaren gainjartzaile. Ahots bat entzuten da orain, profetikoa (ez Xalbadorrena): bertsolaria, aditzaileak hondartzan utzi eta atzeraka doa itsasoari bizkarra emanda, eta uretan murgiltzen da ezkutatzeraino, eta mintzo zaigu hondartzara datozen uhinen urratsean… Bectsolaria ez da ezkutatzen, urtzen, uhintzen. Gorputz fokatu bat da, eta aski du txalo-jasaren melatuarekin. Hil-astuntxo. Eskola gehitxo” (SEGUROLA, 17).
Segurolaren ustetan, bertsolariak, lehengokoak, ez zituen hil-itotzen aldez aurretiko bota beharreko uste potolo horiek. Ez eta bai artean, “ezabaikari” mugitzen ondo zekiten. “Deskoherentzia” ezbaikariak hartuta jarduten zuten. Horrek baina “azpian zeramakeen, nonbait, barrengo koherentzia bat konplexuagoa” (SEGUROLA, 17).
Sarasuak salatzen duen banda-zabaleraren kontuak “bertsozientzia” bat du jagole, Segurolaren ikusian. Horraino lerratu-amildu dira egungo bertsolariak, bere esanetan. Kontuak horrela, eta diodan hau orain niretik, Sarasuaren ikusian banda-zabalera berez estua bada, pentsa zeinen estu ere estututa dagoen bertsozientzia bat zaindari-hertsatzaile baldin badu:
“Oraingo bectsolariak “bertsozientzia” egiteraino amildu dira, eta zientziaren eta zientzialarien bufoia izatea dute maite: daitekenen/dezaketenen pailakantari. Ez ikerketa ezjakinarenak (nola ba?), baizik-eta jakinketa indarrengoarenak” (SEGUROLA, 17)
Zientzia delako horrek dena borobil, koherente eta espero izateko den modu-moduan atera dadin bermatzen du. Koherentzia hori, lehengo bertsolarien barrengo koherentzia ez bezala, “azalekoa eta -zientifikoki- tribiala bihurtu da”, diosku Segurolak.
Esandako honi guztioni buru emate aldera-edo, Segurolarekin ere hausnartuta, jada galdutako “euskal estiloa” (E-estiloa) zerion bertsolariari, E-estio bixi-arina, estilo jauzkaria, “ezbaikaria”, saltoka zebilena ulergarriaren eta ez-ulergarriaren artean:
“Argi-ilunen eta gau-egunen abaro bikoitza harturik. Gauzak gehiegi esan ezkero, ez dira aditzen; ilunegi esan ezkero ere ez; tarteko zerbait behar da; noiz batera, noiz bestera etzanaz” (SEGUROLA, 18).
Forma hutsa, estilo kontu hutsa eman lezake honek guztiak. Askoz gehigo delakoan nengoke ni baina. Askatasun eta norbere ihesbiderako abagune eta gako ere badela uste dut nik, eta bateratsu, norbere ekite propio eta disruptiboaren isla ere bere estilo-izaeran.
Igor Goitia
Artikulu ona. Nik jada adin batekoa naiz eta ikusi izan ditut bertsolari zaharrak eta gero berri berriak.
Lazkao-Txiki kapaza zen edozer gauzarekin txiste bat egiteko. Eta hainbat pasadizu parragarri eta hunkigarri bizi izan zituen.
Ez du, aldiz, imajinatzen Amets Arzallusekin pasadizu parragarri-hunkigarririk. Ezta Maialen Lujanbiori buruzkorik ere ez.
Ez dut imajinatzen halako gauza bat, “Amets taberna trans batean sartu zen eta eskatu zuen sandwich vegano bat eta orduan…” inongo ondorio humano-estetiko aipagarririk eduki dezakeenik.
https://aberriberri.com/2024/05/03/jon-sarasua-bertsolaritza-eta-teologia-politikoa/