Jon Mirande, grina hezigaitza

Jon Mirande, grina hezigaitza –

Jon Mirande, Euskal Herrian ziur asko inoiz oso errespetatua izan ez den pertsonalitate literarioa dugu; seguruenera, besteetan beste, berehalakoan berataz kasu moral edo psikologiko zeharo erdeinagarri bilakatu izan dugulako aurrez. Jon Mirande, bere buruaz beste egin zuen hori, guk bere gainean inongo epai zorrotz bota aurretik jada gutaz aski trufatu zitzaigun huraxe dugu (Haur besoetakoa obran kasu). Pertsonaia inkomodoa maizenean edo gehienetan, dudarik ez (marxismoaren etsai, pagano, sorginzale, pedrastiaren aldezle eta faxista alderik alde). Nola bizi zen, nola hil zen, esandako guztiak aintzat harturik, beldur eta lotsa sortu izan ditu; oso ezberdina zatekeen bestela bere obraren tratamendua. Halere, literato handia dugu Mirande. Pentsalari gisa ere, bere ideiak gustoko izan ala ez, ez dugu ez, gutxiesteko modukoa. Honi ere eratxiki, Euskalerriak, bere tamina tarteko, ez duela hainbeste pentsatzaile interesgarri, honelako bat edonola ahanzturan  gera dakigun.

Jon Mirande, grina hezigaitzaArtikulo honen luze-zabalak ez dit gehiegi eta sakonkiegi bere pentsamenduaz jarduteko parada emango. Alabaina, ur sakonetan sartu gabe ere, gaingiroki bere pentsamoldearen ildo nagusiak aipatu nahi nituzke. Bere ezaugarri nagusien artean hauxe genuke besteetan beste: askatasunaren zale prrokatua (hierarkia eta edozein ordenaren aurkari ezin sutsuagoa).

Nietzcheanismoak zeharkatzen du alderik alde bere pentsamoldea. Ez du inongo iraultza sozialetan itxaropenik jartzen. Bere ustetan, Judaismoaren eta Kristianismoaren kumeak dira sozialismoa eta anarkismoa, eta Nietzchek esango zukeen bezala, errukiaren erlijio dira biak ala biak. Birtute negatiboak positibo bilakatu izanaren azpi-produktuak dira biak; kristautasunak desgizatu ditu “jaun herriak”; gizagabetu gaitu, beren Jainko-herri aitzakiaz salda-malda epel bat bihurtu gaitu, “saldo-gizarte”, eta birtute negatiboen heroi e santu kakalardo guztiak.

Nietzcheanismoa hau, zinetan, kontuan izan beharrekoa dugu bere obraren edukia zer edo zer azaltze aldera; izan ere, bere Nietzschezaletasuna ez da bere soilean emango, ez, hau euskal auzigaiari aplikaturik aurkituko dugu. Bere aburuz, kristautasuna euskaldungoaren etsaia da; kristau birtuteak (bakezaletasuna, lagun urkoaren maitasuna…) naturaren aurkakoak dira eta betiere kaltekorrak. Berak bere burua ez-kristautzat izan bazuen ere, halare, kristautasunetik askatzeko behar sutsua sentitu zuen. Nolanahi den ere, bere obra ez-kristau batena dugu eta ez kristau izandako batena. Eta, ziur askoan, bera dugu Elizaren eta kristautasunaren kontra euskaraz idatzi duen lehenbiziko idazlea. Hala moduzko antropologia dugu bere obraren azpian, euskal gizona nonbait erreskatatu nahi duena, baina ez egun dagerkigun euskaldun hori, baizik eta zinezko euskal gizona, katolizismoak oraino hondatu ez duen hori. Bere irudikoz, kristau on izate horrek ez du deuserako balio, eta badirudi kristau baloreak direla euskaldunak historikoki galtzaile huts bihurarazi dituztenak. Zentzu honetan, ideia honek oso bat egiten du ETAren sorreraren garaiko giroan somatu zenarekin: han aurreko abertzaletasun zintzo eta kristauzalearekin apurtu nahi izan zuten, belaunaldi zahar horri buru eginez, abartzaletasun berri bat zerotik sortu, ordura arteko sabinismo guztia zeharo bazter utziko zuen abertzaletasun eredu berri bat hain justu.

Dena den, nahiz eta alde horretatik begiraturik ETAren sorreraren garaian zabaltzen ari zen pentsamendu-molde hori (Krutwigen Vasconia-koa hain justu) Miranderen aipatu ustekizun horrekin bat etor zitekeen, ez dator bat oro har bere pentsamendua ETArenarekin, inondik inora ere; izan ere, horrekin batean, faxismo naziaren miresle eta aldezle agerikoa ere izan genuen Mirande eta betiere marxismoaren aurkari sutsua. Edonola ere, korapilatsu samarrak ditugu Miranderen pentsamenduaren nondik-norako guztiak, askotan elkarren artean are kontraesankorrak ere: batetik, oso mundutarra, oso erlijioaren kontrakoa, edozein baloreren etsaia, bizizale porrokatua eta bestetik, izpirituzalea, sorginzalea, munduz harandiko azpiko indar ezkutuen sinisle. Argi-ilun eta lanbro handiko osina hortaz, Miranderen obra eta pentsamendua.

Jon Mirande, grina hezigaitza

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

7 pentsamendu “Jon Mirande, grina hezigaitza”-ri buruz

  • Ohar bat bakarrik: izenburuarekin batera ageri den argazkian azaltzen dena eguzkitako betaurrekoekin Andima Ibinagabeitia elantxobetarra da, Miranderi Parisen euskarazko eskolak eman zizkiona eta euskaraz idaztera bultzatu zuena. Artikulu barruan agertzen dena Jon Mirande

  • Argazkia aldatuta, oharra baliogabetuta.

  • Igor goitia 2023-09-02 16:32

    Aldatuta bai
    Mila mila esker abisatuagatik.
    Eta barkatu aurretik erantzun ez izanagatik.

  • Ez horregatik, Igor

  • biktima bat 2023-09-02 20:14

    Nietzsche aberriarekin nahastearen ondorioak. Antinazionalismoa herriarekin nahastea. Faktua ordea kontrakoa da, kristau izateari utzi genionean desagertu zen gure herria (desagertua da, ez badakizue). Gizon honek ez zuen ekarpen positibo bakar bat ere egin eta hobe dugu ahaztu.

  • Beste biktima bat 2023-09-03 10:35

    Arrazoi osoa lagun! Kristautasunaren galera Mendebalde osoaren gainbehera da!

  • Jon Mugica Urteaga 2023-12-08 00:51

    Frantzian inork ez du zalantzan jartzen Luis Ferdinand Celineren balio literarioa, naiz eta nazien aldekoa izan.