Jon Irazabal historialaria hil da

Jon Irazabal historialaria hil da – 

Jon Irazabal historialaria hil da, Gerediaga elkartean jarduna eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako zuzendari aritua ia 30 urte luzez. Jon Irazabal Agirre, Iurretan jaioa, 1960ean, 64 betetzeko bezperan hil da Usansoloko ospitalean, hileta elizkizuna bihar, abuztuak 23 izango da 18:00etan, Iurretako Mikel Goiaingerua Deunaren Eliz parrokian.

17 urte zituela hasi zen Gerediaga Elkartean, 1982. urtetik 2018ra arte elkarteko kudeatzaile izan zen eta historia teknikari lanetan jardun zuen. Iurretar petoa, memoria historikoa, historia, ohiturak, dantza, Durangaldeko ohitura, folklore, eta kulturarekin lotutako guztiaren jakintsua eta aditua zen; Azken urteetan jubilatua, ez zion Durangoko historiaren inguruan ikertzeari utzi. Gerediaga elkarteak Irazabalen lana nabarmendu du: “Ekina eta borrokalaria izan da aldi berean. Bere ekiteari esker, Durangaldeak asko daki eskualdearen historiaz. Galdutako ohitura asko berreskuratzeko lan egin du, eskualdeko historian paper garrantzitsua izan duten pertsonei izena ipini die, gerra zibilean gertatutakoa azaleratu du, eta Durangerriaren jatorriaren zabalkundean jardun du”. Guztira 34 urte eman zituen Gerediaga Elkartean lanean, 30 kudeatzaile gisa (2018ra arte), eta ia beste horrenbeste Durangoko Azokako zuzendari gisa, 2009ean Aiert Goenagari eman zion erreleboa Azokan, eta Gerediaga elkarteak urte hartako aldian egindako ekitaldi batean erakutsi zion eskerrona.

Historialari eta idazlea, Durangoko bonbardaketaren inguruan ezer gutxi ezagutzen zen sasoian Irazabalek gertaera latz hura ahanzturatik atera zuen. Gerra zibila eta Durangoko kulturaren inguruan hainbat lan kaleratu zituen. Honako argitalpen eta liburuak idatzi zituen: “1937 martxoak 31 Durango: 1937ko martxoaren 31n Durangoren aurka egindako aire-bonbardaketari buruzko azterlana” (2001), Otxandio: Gerra zibilean 1936-1937” (2003), “1937 martxoak 31 Durango: gogoratu… berriro gerta ez dadin” (2005), “Gerra zibila Durangaldean 1936-1937”, “Durango 1937ko martxoak 31, bonbardaketa”, “Durangaldea. Historia laburrean”, “Hamabi harrien hotsa”, “Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen”; eta liburu kolektiboetan ere parte hartua da, “Goiuria ikastola” eta “Ezkutuko ondarea. Emakumeen errealitateak Bizkaian” adibidez.

Anboto hedabidean zutabegile, Sabino Arana Fundazioa eta beste hainbat elkarte, media eta talderekin kolaboratu du. Dantzenganako zaletasun berezia zuen eta aditua ere bazen, 2015eko Durangaldeko Ezpatadantzarien Egunean omenaldia egin zioten bertoko dantzariek. 2019an Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak saritu zuen Durangaldeko folklore eta dantza tradizionalean egindako ikertze eta hedatze lanagatik.

Eskerrak danagatik Jon, ohore eta lurrak goxo har zaitzala.

….

Iturriak:

sarean aurkitu ditugun Jon Irazabal-en bideoa batzuk….

Jon Irazabal historialaria hil da

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude