Jokoaren kondaira
Jokoaren kondaira –
Argi koloretsuek beste gazte bat limurtzea lortu dute. Lokalera sartu eta patrikatik gurasoek emandako aste-sariaren zati bat laukitxo gorri eta beltzez osaturiko erruleta batean sartu ditu, hau mugiarazteko beharrezko gasolina balitz bezala. Eta ondoren, beste zati bat. Eta beste bat. Erruletak, behin eta berriz: <<¡No va más!>> oihukatzen dio. Ongi etorri beroa eskaini diote jokoaren mundura.
Badirudi XVIII. Mendearen amaierara jo beharra dagoela egoera honen jatorria ezagutzeko. Merkatu librearen guztizko ezarpenarekin batera, aspalditik indar handia hartzen zetorren praktika batek bere bide propioa ireki zuen zen garai horretara. Jakitun askok Erresuma Batua hartzen dute aitzindari, kapitalismoaren garapenaren isla izandako txokoa, non traje dotoredun gizonek zaldi-lasterketak euren botere eta maila sozialaren erakuslehio gisa erabiltzen hasi ziren, apostuak izanik ekitaldi hau eta jo punturik erakargarriena.
Jakina da kapitalismoak, krisialdi zikliko bakoitzetik behin-behinekoz irten eta oparotasun irudia eskaintzeko, irtenbide ezberdinak eta geroz eta erradikalagoak bilatu ohi dituela. Merkatuaren logikak aurrean jartzen zaion edozer irensteko gaitasuna dauka. Garai bakoitzean ematen den fenomeno bakoitza etekinaren noranzkoan kokatzea izaten da ohiko irtenbidea: aldaketa klimatikoa arazo larria izanik, gobernuek kutsadura mugak ezartzen dizkiote euren buruei tratatuen bitartez, gutxien kutsatzen duten estatuek soberan geratzen zaien kutsatzeko kapazitatea merkaturatzen dutelarik, AEB edo Japonia bezalako estatuek eros dezaten; eguzkiak jabetza pribatua du jada, honek eskaintzen digun energia elektrizitate bilakatzeak norbaiti irabaziak suposatzen dizkiolarik; umeak ere salgai jarri nahi izan dira azken boladan, emakume langilearen erabakitzeko askatasunaren izenean… Eta nola ez, kirola ez da olatu geldiezin honetatik salbuetsirik geratu.
Formak aldatu dira, noski. Jada ez da beharrezkoa hipodromor ajoatea eta zaldirik azkarrena aukeratzea edo herriko plazara joatea aizkora zorrotzenaren alde apostua egiteko. Aukera hau eskaintzen duten leku fisikoak modu esponentzialean areagotu diren bezala, Internetek hamaika ate ireki dizkio jokoaren iruzurrari. Liberalismoaren kondairak esaten digu ez dela beharrezkoa lanik egitea dirua irabazteko, soilik zuhurtziaz inbertituz posible dela etekinak eskuratzea. Kapitalismoa zerbaitek ezaugarritzen badu, hori baita, edozeinek arrakasta izateko erraztasun eta aukera aniztasuna.
Apostuen arazoari buruz aritzean futbola aipatzea ezinbesteko bilakatzen da. Honen moralitateari buruz denbora luzez eztabaidatu daitekeen arren, ukaezina da egungo gizartearen erreferente-fabrika bilakatu dela, opio del pueblo deritzogun horrek milioika eta milioika jarraitzaile dituela mundu osoan zehar. Estatu Espainarreko futbolari so eginez, aurten gizonezko Lehenengo Mailan aritzen diren talde guztien babesle-ofizial bilakatu dira joko-etxeak, talde batenak izan ezik, Erreala. Baina ez, ez da balore eta moral kontua izan. Izan ere, azken bi urteetan Kirolbet izan dute babesle gisa, aurten kontratua amaitu eta ez berritzea erabaki dutelarik. Gainontzeko euskaltaldeek, noski, harrotasunez aurkeztu dituzte aurtengo denboraldirako babesle berriak. Multinazionalak futbol taldeen jabe bilakatu diren bitartean, langileria da zaletuaren gehiengo handia osatzen duena. Hauek jasoko dute joko-etxeen publizitate masiboa, hauek izango dira futbol jokalari famatu horrek igorritako jokoaren aldeko mezuaren hartzailea. Langileria izango da, azken finean, biktima bakarra.
Aipatutako kondaira ustelkeriz jositako ipuina besterik ez da. Burgesiak langile-klasea zapaltzeko aukera paregabea ikusi du apostuen munduarekin. Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, eta gazteriak, begi-ninietan dolarraren ikurra islatzen zaion bitartean, antolakuntza eta borrokarako izan zezakeen grina guztiz apaldua ikusten du. 80. hamarkadan, iraultzaren gotorleku izan zitezkeen horiek heroinaren gaitza jasan zuten, milaka bizitza zakarretara botaz. Esan dezakete apostu egiteak ez duela heroinak bezain beste osasuna kaltetzen. Jakin nahi nuke ludopatiak bultzaturiko zenbat suizidio ezkutatu dituzten komunikabideek, zenbat jendek galdu dituen bizirauteko zituen baliabide guztiak liberalismoaren kondaira guztiz sinetsirik.
Beharrezkoa da kondairak ezkutatzen duen egia azaleratzea. Gaitza identifikatua, berebizikoa da lanketa sakona egitea. Jokoa langileriaren, eta bereziki gazteriaren minbizia bilakatzen ari den honetan, bizitza erdigunean jarriko duen bizi-ereduaren aldeko apostua baita apostu ziur bakarra.
Auzoko joko-aretoaren aurkako kanpaina jarriko dute martxan Judimendiko gazteek