Jiuston! Jiuston!…
Argazkia Gure Gipuzkoatik hartua (I. Ojanguren)
Euskararen berreskurapenaren alde egonik (eginik?), Jaurlaritzan, foru aldundietan edo udaletan ardurak izanik, “euskara aurrera doa etengabe”, “botila erdi beteta dago”, edo “ez dut euskara inposatuko” bezalako genialitateak esaten dituzten horiei guztiei, bereziki.
Bilbo handiko ikastola batean, atzo bertan.
DBH4-ko lau lagun, euskara maila onekoak eta ikasle finak laurak, gaurko azterketa prestatzen, testu liburuak aurrean, sakelekoak eskuan, elkarren artean zalantzak guaxap bidez argitu guran.
Une batean, ikasleetako baten aitak, mezuak ikusten uzteko eskatu dio, hizkuntzaren erabileraren nolakoa ikusteko.
Horratx emaitza jaso bezala, hitzez hitz:
–¿Sigues sin entender la diagnostiko klinikoa?
–En la página 60 sinmás dice que una abantaila de saber cuál es el giza genoma es que se pueden hacer diagnostikoak porque usando ADN klonatua identifican enfermedades.
–Solo te dice que no todo lo de ingeniaritza genetikoa es bonito. Hay gente en contra porque hay hiru arazo y los menciona.
–Hemos isolatuado los genes en dos, no?
–Bale, pero lo banatuan en las dos?
–Hor el plásmido se zatitua?
…
Euskararen erabilerarekin arazo “bat” daukagula ematen du, ezta?
Alabaina, agintari eta arduradunoi arazoari heltzeko gogoa ematen dizuenean, mesedez eman bakea gazteoi. Ez eurei “motorrik saltzen” saiatu. Ez dute erosiko. Ez dute erosten.
Gazteak dira oso, baina ergeletik ez dute ezer.
Eragin gazteon gurasoengan, zuen lagun, ezagun eta lankideengan, eta bereziki, gutxi-asko agintzen duten zuen taldekideengan, zuen taldeen hedabide kutunetan…
Ez dugu inkesta, mapa eta azterketa gehiagoren beharrik euskararen etorkizuna zein izango den asmatzeko. Etorkizuna hemen dago. Etorkizuna erdaraz da. Azterketak beharrezkoak dira eta oso ondo daude… ondotik eragiteko eta neurriak hartzeko bada, eta ez soilik prentsaurrekoak emateko.
Aldaketak eragitea badago, etorkizuna gure alde jartzea, baina hori ez da gaztetxoen lana; gurea eta bereziki zuena baizik. Horretarako zaudete ardura postuetan.
Baduzue horretarako borondaterik?
Jiuston?…
Ahaztu gabe doa, gabon eta urte berri onak izan ditzazuela!
Baina galtzen ari gara? Ala irabazten? Nondik begiratu nahi diogun. Mezu horiek oriantxe arte espainol hutsean izango ziren. PPko batek, espainol zale batek, euskararen erasoa ikusiko du hor. Nik pentsatu nezake espainolari lurra jaten ari gatzaizkiola. Eta ondo goazela gero eta lur gehuiago jateko bidean. Gehiago jatea nahiko gendukeela? Nik bai. Baina irabazten joateari, nahiz guztia irabazten ez joateari, galera deitzea… Mesedea dagigu? Hobe da horrela:
“–¿Sigues sin entender el diagnóstiko clínico?
–En la página 60 sinmás dice que una ventaja de saber cuál es el genoma humano es que se pueden hacer diagnostikos porque usando ADN clonado identifican enfermedades.
–Solo te dice que no todo lo de injeniería genética es bonito. Hay gente en contra porque hay tres problemas y los menciona.
–Hemos aislado los genes en dos, no?
–Bale, pero lo dividen en las dos?
–Ahí el plásmido se divide?”.
Ez.
Hobe da noski Elhuyarreko euskaran. Bagoaz, baldintza soziolinguistiko oso-oso-oso txarretan, eta asko daukagu egiteko. Baina aurrera goaz…
Eta umorez, eta etsigabe, eta gogor, aurrera! Gero eta gehiago… Eta horrela goaz. Gero eta azkarrago? Gure esku dago.
Zaindu
Bittor
Harrigarria bada ere, behingoz Bittor Hidalgorekin ados! Horixe etorri zait burura neuri ere sarrera irakurri ahala. Ala inork pentsatu al du oraindik mende luzez euskal herritarren artean gaztelania ona (gramatikala) lortu ez bada, euskara ona egun batetik bestera lortuko zenik.
Bittor eta Gonzalo, estimazio osoz… hori ez da euskara txarra.
Hori gaztelaniazko elkarrizketa bat da, euskarazko hitz “tekniko” bat edo beste tartekatuta.
Hor ez dago nahasketarik edo kode aldaketarik. Hor nabari da ikasle talde horrek erdara duela elkarrekiko komunikazio tresna, eta soilik ikastolako ikasgaiez jarduteko erabiltzen dutela euskara eta oso-oso maila apalean.
Ez da euskara txarra egiten dutela. Oso ongi dakite euskaraz (erreferentzia zuzenak dauzkat), baina ez dute ia inoiz erabiltzen, irakaslearekin jarduteko ez bada. Gure ikastolan ere gauza bera gertatzen da. Areago, ikusita nago soinketa orduan irakaslea euskaraz aginduak ematen, eta ikasle guztiak, alderik alde, erdara batuaz euren artean salbuespenik gabe…
Eta ez da Bilboko arazoa soilik. Gasteizen, Altsasun, Kekunberrin… eta Mungian, berdin gertatzen da.
Galtzen ari gara, Bittor. Herri euskaldunetan baizik ez du jendeak euskaraz egiten (gehiago ala gutxiago) normaltasunez, eta herri euskaldunak dozenaka galtzen ari gara, jakingo duzun bezala.
Duela 60 urte arte herri horietan (neurean barne) eskolak espainol huts-hutsak ziren, espainiarrak fabrikatzeko makina zurrunak, baina horietako askotan haurrak euskaraz bizi ziren eskolatik irten bezain laster. Egun eskola “euskalduna” dugu neurri handi batean, baina haurrak, helduon antzera, gero eta erdaldunagoak.
Ez badugu egoera bere horretan onartu nahi, sekula ezingo diogu buelta eman. Hori daukagu arazo handienetako bat, nire ustez.
Duela urte batzuk elkarrizketa hori euskaraz edo euskañolez egin izan balute, eta orain erdara txarrez, galbidean goazela esango genuke, baina ziur aski duela urte batzuk ikastola horretakoek gaztelania hutsez egiten zuten, euskaraz egiteko larri ibiliko ziren.
*
Aurrekoan dokumentu hau irakurtzeko parada izan nuen, 1498koa da, Eibarren: “Otrosí, de donde se toma el agoa para las casas de Aguirre fasta el ebno de Adaraça por el ubide por lindero azia abaxo y por debaxo del camino que biene de Çeçeyll a Sagarbieta, lo que está entre medias d’estos linderos, para Acondia para un eguiaro… Otrosí, mandamos que los azebos llamados gorostis que ninguno nin algunos non sean osados de cortar más baxo de quanto de primero estaban chertados, e chertando sobre lo primero… Otrosí, dende Lopetegui fasta Yçu, dentro del arroyo mençionado suso dicho, fasta las tierras de Albiçuri, que se quede para Acondia, salbando los ysastus o seles para el conçejo. Todo lo otro se dexe egurça, Qu’el de Albiçuri sea en estos con los de Acondia, entiéndase en esta egurça”
*
Ziur nago testua idatzi zuenak euskara hutsez egiten zuela bertakoekin.
Ez da erdara txarra. Euskara hutsean ikasten dutenen erdarazko elkarrizketa baizik.
Horiek eta beren gelako guztiek erdaraz primeran egiten dute, euskarazko hitzik tartekatu gabe, hala nahi badute, beste edozein gairen gainean ari direnean.
Arazoa da euskara ez dutela ia ezertarako erabiltzen gela barruan (eta ez beti) ez bada, edota kasurik onenetan, etxean ere bai, baldin eta guraso biak euskaldunak eta euskaltzaleak baldin badira. Bestela, etxean ere ez. Adibide mordoxka ezagutzen dugu, guraso biak elebidunak izanda, eskolan eta kalean erdaraz egiten duten haur eta gazteena, seinale etxe horietan “ele” bietako bat ez dela erabiltzen…
Ikastolako Lagun baten semeari, bere lagunek (guraso arras “euskaltzaleen” seme alabak) ea euskaraz zergatik egiten ote zuen galdetzen zioten sarri… euskaraz egiteari utzi zion arte.
Herri erdaldunduetako ikastolako (D eredukoak are gehiago) ikasle ohi gehien-gehienak erdaraz bizi dira. Erdara dute hizkuntza kutun, “euskaltzale” izan arren; orain 50 urtetan gaudenak, eta 20 urtekoak berdin.
Bilboko, Gasteizko, Altsasuko edo Irungo ikastoletako gurasoen elkarrizketak haurren zain daudenean ere, erdaraz dira %95. Zer esanik ez tabernan elkartzen direnean (talinbanik pega-pega eginda eduki ezean).
Hori da egoera.
Hortik aurrera nork zein irakurketa egin nahi duen, ez dakit zein angulutik begiratuta eta gerra ondoko urteekin alderatuta, egoera hobea dela esan nahi badu, ederki, baina horrek ez du aldatzen herri eta hiri gehienetako ikastoleroak eta D eredutarrak erdaraz biziko direla berdin berdin, horietako asko “hobera” goazela konbentzituta, gainera.
Orain ez naiz azterketa soziolinguistikorik egiten hasiko, baina jarri duzun adibidea ez da ezeren adibide, nire ustez.Euskaraz ikasten dutenek eskola edo gelatik kanpo erdaraz egitea erabat normala iruditzen zait. Gazte horiek euskaraz bizi daitezen, ezagutzaz gain askoz ere gehiago behar dute.
*
Donostia eta Irun batean, adibidez, nik gero eta gehiago entzuten dut euskaraz, orain dela 10 urte baino gehiago, gerra ostera jo gabe. Lekuotan erdara oraindik nagusi bada ere. Boladak eta boladak daude, baina azken aldian hainbatetan gertatu zait Gros auzoan kalez kale ibili erosketak egiten eta entzundakoaren herena eta ia erdia euzkaraz entzutea. Neska gazte kuadrila panpox-panpoxak (pijoak esango nuke nik) ere euskara hutsez entzun ditut. Aurrekoan, berriz, Irungo baketxe batean sartu eta nik ezer esan baino lehen eta ni ezagutu gabe, euskaraz egin zidaten, banku batean eta Irunen. Adibideak baino ez dira, eta horregatik ez dut ondorio argirik aterako, inpresioa baino ez.
*
Ez dakit nori entzun diozun “oso ondo gozaela”, baina ez dut uste mezu hori nagusia denik.
“Baina galtzen ari gara? Ala irabazten? Nondik begiratu nahi diogun. Mezu horiek oriantxe arte espainol hutsean izango ziren. PPko batek, espainol zale batek, euskararen erasoa ikusiko du hor. Nik pentsatu nezake espainolari lurra jaten ari gatzaizkiola…”
“Harrigarria bada ere, behingoz Bittor Hidalgorekin ados!… Ala inork pentsatu al du oraindik mende luzez euskal herritarren artean gaztelania ona (gramatikala) lortu ez bada, euskara ona egun batetik bestera lortuko zenik.”
Horiek izan dira zuen abiapuntuko erantzunak, Gonzalo. Harrigarri egin zaizkidanak, zeren, DBH4an, ikastolan eta euskara maila oneko ikasleak izaki (hala dira eta) espainiera hutsez jarduten badute baita ikastolako lanak egitean, ez baitago teknikaria izan beharrik ikastola utzitakoan ere, zein hizkuntzatan jardungo duten. Erabileraz ari bainintzen, ez hizkuntz kalitateaz.
Bestalde, Irunen duela 20 urte baino euskara gehiago entzuten dela? Akabaramos… Duela 20 urte ez zen zipitzik ere entzuten. Bilbon bezala, Iruñean bezala edo Gasteizen eta Altsasun bezala. Zero patatero.
Bat zero baino gehiago da, eta bost askoz gehiago, baina biak ala biak oso-oso gutxi dira. Ttantta bat apenas… Eta adierazi nahi nuena da ttantta horren inguruan gabiltzala azken 10-15 urteetan, EAEn gora egin gabe, eta Nafarroan eta batez ere Iparraldean atzeraka eten gabe.
Eskolatik “euskaldunduta” irtetzen ari diren belaunaldi berriak gureak bezain erdaldunak direla, eta aldaketak eragin beharra dagoela ez soilik ikastetxeetan; baita ere, eta BATEZ ERE, beste eremu askotan.
Ez da aurrera ez goazela, inora ez goazela baizik.
Demagogia eginez ez goaz aurrera, batetik zein bestetik etorrita.
Gehienbat norberaren eguneroko behaketan oinarritzen dugu gure iritzi subjektiboa. Nirea Itzainek islatzen duenaren gertu dago kasu honetan.
.
Nire inguruan nik baino hobeto euskara menperatzen duten euskaldun euskaltzale eta abertzale askok, batez ere gazteek, euskañolari kristoneko atxikimendua hartu diote, ez dakit “cool” iruditzen zaielako ala errazago egiten zaielako. Hori, haien artean gaztelania hutsez hitz egiten ez dutenean. Euskal Herriko beste bazter batzuetatik mugitu naizenean antzekoa ere ikusi dut.
.
-Guztiok dakigun bezala Hezkuntza sistema ez da nahikoa gutxiengoan eta baztertuta dagoen hizkuntza baten normalizazioa lortzeko, lege eta hizkuntz politiko sakonak behar dira ere. Baina gure kasuan gure sistema ez da Katalunian daukaten murgiltze sistema bezalakorik ere. Gure D eredua ez da ikasten den eredu bakarra, eta hainbat lurraldetan ezta nagusiena ere. Ezagutzen dudan zonalde espainolista eta erdaldunetako hainbat herritan ez da heltzen ezta ikasleen % 30era. Baldintza hauetan ezin zaio gehiegi eskatu.
Hegoaldean daukagun Ereduen sistema honek ez du betetzen ezta gutxieneko baldintza ere; ikasle guztiek euskara menperatzea. Baina gaztelania bai.
.
Norberaren ikuspegitik haratago joan gaitezke; datu estatistiko zehatzei dagokienez 2011an egin zuten erabileraren VI. kale neurketa. Ez dakit zerbait gaurkotuago dagoenik, baina hemen dauzkagu datu eta ondorio batzuk:
.
“HIZKUNTZEN KALE ERABILERAREN VI. NEURKETA, 2011“
.
“Duela hamar urtetik hona euskararen kale-erabilera bere horretan dagoela esan daiteke, trabatuta.
.
-2011ko udazkenean burututako kale-neurketan euskararen erabilera % 13,3koa izan da .
-Euskal Herriko Kale-Neurketa egiten hasi zenetik, hogeita bi urteko epean, 2,5 puntu egin du gora
euskararen erabilerak Euskal Herriko batez bestekoan . Hasierako edizio hartan, 1989an, % 10,8ko
erabilera jaso zen.
-Azken hamar urteko epea hartuz gero, erabilera trabatu egin dela esan behar da. Geldiune batean dago. 2001eko erabilera 2011koaren berdina izan zen: % 13,3.
-2006an % 13,7ko euskararen erabilera jaso zen. Dezimal horien gorabehera errore-tartearen barnean
sartzen da, eta esan dezakegu erabilera bere horretan mantendu dela gutxi-asko.
.
LURRALDEKA
.
BIZKAIA ETA ARABA
Bi lurraldeotako erabilera-indizean ez da aldaketarik antzeman 1993az gero . Ez atzera ez aurrera dago euskararen erabilera. Azken bost urtean behera egin du zertxobait, arretaz jarraitu beharreko bilakaera da aurrera begira.
.
GIPUZKOA
Lurralderik euskaldunena da Gipuzkoa, eta hogeita bi urtean goranzko joera nabarmendu da. Joera hori etengabea da, nahiz eta apaldu egin den azken bosturtekoan.
.
IPARRALDEA
1997tik 2006ra jaitsi egin zen euskararen erabilera Iparraldean, baina joera hori aldatu egin da
azken bosturtekoan, eta 2011ko datuak orain bost urtekoen berdinak dira.”
.
NAFARROA
Nafarroan behera egin zuen euskarak 90eko hamarkadan, baina 2001etik geldirik dago, aldaketa esanguratsurik gabe.
.
EMAITZA NAGUSIAK
.
1. Batetik, esan dezakegu egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela.
Ez dago hobekuntza tarterik euskal hiztunen kopuruak nabarmenki gora egiten ez badu eta, aldi berean, hiztun berri horiei euskarazko harremanetan txertatzeko aukerarik eskaintzen ez bazaie. Hau da, erabilerak ezin dezake gora egin elebidunen masa soziala eta euskararen erabilera ahalbidetzen duten sare zein guneen kopurua handitzen ez badira.
baino hobeak dira.
Oro har, euskaldunok hizkuntzarekiko fidelak gara , bestela, eta probabilitate estatistikoen arabera, are gutxiago erabiliko genuke euskara. Bigarren baieztapen honen oinarrian, Txillardegik garatutako erabilera isotropikoaren teoria dago.
.
Txosten osoa irakurtzeko: http://www.soziolinguistika.org/files/VI%20Kale%20Neurketa-%20Emaitzen%20txostena.pdf
.
Gutxi gorabehera ados nago txostenean esaten dutenarekin:
“Batetik, esan dezakegu egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo duela.
“Ez dago hobekuntza tarterik euskal hiztunen kopuruak nabarmenki gora egiten ez badu eta, aldi berean, hiztun berri horiei euskarazko harremanetan txertatzeko aukerarik eskaintzen ez bazaie.”
.
-Euskaltzaleok historikoki izugarrizko lana egin dute euskararen alde, iraganean eta orainean ezinbestekoa euskarak etorkizuna izateko. Baina argi dago ere hizkuntza benetan normalizatzeko eta euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko benetako lege eta hizkuntz plangintza eraginkorrak beharko genituzkeela egoerari buelta emateko. Eta esparru honetan talka egiten dugu nire ustez gure egoeraren arrazoi nagusiarekin: ez daukagu botere politikoa hori egiteko. Espainia eta Frantziaren Legedien menpe, eta euskal espainolista eta jakobinoen beto eskubidearen menpe gauden bitartean ez dago aurrerapen kualitatibo egiterik, eta hainbat lurraldeetan atzera egiteko aukera handiekin.
.
Nafarroan eta Iparraldean argi dago Estatuen alderdi politikoen helburua: euskara desagertzea. Nafarroan gero eta amorratuago diren erasoak eta Iparraldean ikastolen aurkako trabak lekuko.
.
Euskadin, EAJk esaten duenean “ez duela euskara inposatuko”, esan nahi du, edo nik ulertzen diot, ez diola egingo aurre ez Estatuaren legediari ez euskal espainolisten gaztelaniaren inposatzeari. Eta legalki agian ezin du gehiago egin.
.
Independentziarekin agian Irlandako eredu tamalgarria errepikatuko genuke, baina independentziarik gabe ezinezkoa zaigu euskararen normalizazio eta gure hizkuntz eskubideak benetan bermatzea.
.
Edonola ere, eta lehen esan dudan bezala, dauzkagun mugen barruan ezinbestekoa iruditzen zait euskaltzale eta euskaldun sektorek egiten duten/dugun lana, Euskara Elkartetatik EHEera, Guraso Elkarte eta antzekoetatik pasatuz. Ezinbesteko lana gure artean tentsioa mantentzeko eta eremu desberdinetan lortu ditzakegun aurrerapauso partzialak gauzatzeko.
Eta beharrezkoa ikusten dut ere gure artean dauden kontraesanak eta akatsak, benetakoak ala irudizkoak, kritikatzea eta aztertzea.
Ekarpen mamitsua Larrearena, eta ondo oinarritua. Dena dela, uste dut hizkuntz politikaren ardura ez dela Jaurlaritzara edo Nafar gobernura mugatzen. Hegoaldean, hiru foru aldundiek eta udal guztiek asko daukate esateko eta egiteko. Areago, nik uste dut egungo baldintzetan, gehien eragin dezaketen erakundeak udalak direla, eskumen eta ahalmen handiak dituztelako eta herritarrengandik gertuen daudenak direlako, baina abertzaleen eskuetan dauden udal asko eta askotan ere, ez gara aukera hori probesten ari.
Independentziak gauzak asko erraztu ditzake, guztiz ados, baina egun garatzen ez diren politika asko, gaitasun edo borondate faltaz ez dira garatzen, beste barik.
Asko gehiago egin genezake eta egin beharko dugu, dauzkagun tresna ez hain urriekin ere.
Buruak eta bihotzak zabalxeago behar dira.
Ez direa aritzen ari zareten bi aldeak, bi-biak, egia izan? Orientalxeagoa ezin da izan errealitatearen atzematea? (Orientala, nolazpait ulerraraztearren) Bata egia izan behar eta beraz bestea gezurra, hori ote da kabitzen den bakarra?
Hori, bat.
Bestea, alegia, erakundeetatik ez espero ukan anitzez gehiago. Nire ustez.
Gazteeri begiratu behar zaie, eta gaztea, gazte aktiboa, izaten da trasgresiboa, zerbait bederenik, errebelde… Behar luke. Hortik salbatu zen euskaraa, eta hortik galduko ote den… trasgresioaren eremua erdararena dagoenean. Orain, erdarak limurtzen du, euskal baratzean, neurri handi batez.
Errealitatearen anilisi guztiak alde onak eta txarrak hartu behar dituzte kontuan. Bi alde horietako bat saihesten duena hankamotz dabil. Botila erdi betea ikusten duenak, beste erdia betetzeke dagoela ikusi behar du, eta erdi hutsa ikusten duenak ezin du ukatu beste erdian dagoena.
Aurrera egiteko, analisi errealistetatik abiatuta, helburura iristeko behar diren pausoak erabaki behar dira. Indarguneak, ahulguneak, mehatxuak eta abantailak.
Gainontzean, pasa dezakegu eguna bibaka edo negarrez, baina, ez jarrera batek, ez besteak, ez dio ekarpenik egiten bideari.
Bai Itzain, ados nago. Herri mugimenduak egin ahal duenaz gain alderdi politiko euskaltzaleek kudeatzen dituzten instituzioetatik gehiago egin lezakete, ekimen gehiago eta plangintza eraginkorragoak.
.
Dena dela esparru honetan ere sapai berbera daukagu: espainolisten eta jakobinoen salaketak eta haien lege eta epaileen kolpe etengabeak. Dagoen adibide andana artean kasu gutxi batzuk:
.
“EL SUPREMO ANULA LA ORDENANZA DEL AYUNTAMIENTO DE AZPEITIA SOBRE EL USO DEL EUSKERA
El Tribunal Supremo confirmó la anulación de una ordenanza del Ayuntamiento de Azpeitia sobre el uso del euskera en el municipio al considerar que la finalidad real pretendida por la norma era la exclusión del uso del castellano como lengua oficial.”
.
“KONTRATAZIOETAN EUSKARA SUSTATU DUTEN BI UDAL AUZITARA ERAMAN DITUZTE
Espainiako Estatuko abokatuak helegiteak jarri dizkie Anoeta eta Lezoko udalei, legea urratu dutelakoan euskara irizpideekin
Hizkuntza politikak ez duela «kanpoko esku hartzerik» behar ohartarazi du Kontseiluak”
.
“HENDAIAKO IKASTOLA DIRUZ LAGUNTZEKO UDALAREN ERABAKIA BERTAN BEHERA UTZI DU PAUEK
Hendaiako ikastolak bigarren eraikina eraiki zezan Udalak diruz laguntzea erabaki zuen, ekainean erabakiaren aurka agertu zen Paueko prefeta eta gaur behin behinean arrazoia eman dio departamentuko hiriburuko auzitegi batek, oraindik azken erabakirik hartu ez duen arren.”
.
“ZARAUTZ AUZITARA, HIZKUNTZ IRIZPIDEENGATIK
Estatuaren abokatuak helegitea jarri du euskarari lehentasuna emateko hartutako neurrien kontra
Espainiako Estatuaren abokatuak Zarauzko Udalaren kontra egin du, euskarari lehentasuna emateko onartutako hizkuntza irizpideen ondorioz. Irailaren 5ean egin zuen. Hain zuzen, atzo hasi zen Zarauzko Udala herritarrekin harremana euskara hutsean izaten.”
Ados, Larrea, baina horrekin guztiarekin ere, tarte handia dago oraindik gauzak egun baino askoz hobeto egiteko. Herrietako kultur programazioak ez ditu Urkixo Erretordeak erabakitzen (oraingoz behintzat); udalak antolatutako bestelako ekimenetako (jaiak, feriak, azokak, eta abar) hizkuntza ere ez; herriko merkatariekin batera bultzatu daitezkeen ekimenak ezta ere; euskara teknikariek herritarrekin eta herriko eragileekin apenas harremanik ez izatea, ez da Urkixoren aginduz gertatzen; udal eta mankomunitateetatik abiarazi daitezkeen sentsibilizazioa kanpainak, udal liburutegietan egiteke dagoen lan handia (zer egiten dute euskarazko eduki urriek erdarazkoen itsasoan itota?), eta abar, eta abar.
Kolonizazioaren ondorioak ez ditut nik ukatuko, baina askok aitzakia gisa erabiltzen ditu, eta hori ere salatu behar genuke. Asko egin dezakegu dauzkagun tresnekin ere.
Fermin eta Eneko, Salomonen aulkian jartzea errekurtso erraza da, baina gastatua eta gehien gehienetan, desegokia. Irakurri hona ekarritako adibidea: agintariei zuzendutako aldarria zen, ez besterik, horizontal-horizontal, bihotza eta burua zabal-zabal.
Dena den, botila erdi beterik (edo hutsik) dagoenik ez dut uste, hautsita edo zulatuta baizik.
Eta eman bakea gazteei mesedez. Zerbait aldatuko bada, geuk hasi beharkoo dugu, gazteek jarrai gaitzaten nahi badugu. Beste edozertan bezala.
Gazteek jarraitu? Halako estimazio ñottoa! Gazteagoa nintzenean ez nukeen on hartuko, eta orain hain gaztea ez naizenean, segitzen dut gazteek jarraitzeko behar horrena onartu gabe.
Gazteak ez du ha’atik deus ere jarraitu behar, beste inork ere ezta bezala. Gazte pertsonak egin egin behar du, egiteari on irizten diona, eta jarraitzea dela kointziditzen badio, ongi; bestenaz, ongi ere bai. Jarraitze hutsarengatik, ez.
Eta gaztea ez denak, ber gauzaa. Ez du gidari izateko beharrizana, ez salbatzaile, ez mesias… izan behar du izateari on irizten diona. Gidatzen aritzea kointziditzen badio… orduan agian.
Honagino filosofia kaxkarra. Agur.
Kaxkarra, bai.
Hemengo 120%aren tamainan.
Itzain:
Aurreko iruzkinean esan dudan “… alderdi politiko euskaltzaleek kudeatzen dituzten instituzioetatik gehiago egin lezakete, ekimen gehiago eta plangintza eraginkorragoak.” Zuk erantzun didazun “…tarte handia dago oraindik gauzak egun baino askoz hobeto egiteko” eta jarraian aipatu dituzun adibideak nahiko mezu antzekoak direla uste dut.
.
Batzuk inposizio espainiarra eta frantziarra aitzaki moduan erabiltzen dutela itxurakerietan aritzeko? Badakit, eta han sartzen da mugimendu euskaltzaleak egin beharreko akuilua eta salaketa lana.
.
Nik ere hitz egin nahi dut erlatibismoan gehien erabiltze den adibide tipikoari buruz: botila ospetsuari buruz hain zuzen ere. Ziur norberak bere inguru hurbilean bizi duen egoerak eragiten gaituela daukagun iritzi “objektiboan”, baina kontua da argitzea zeri esaten diogu botila erabat beteta egotea.
.
Nire kasuan bi helburu ase egon beharko lirateke botila beteta ikusteko:
1-Euskararen erabilera erabat normalizatua egotea Euskal Herriko gune eta une guztietan. Gutxienez gaztelania eta frantsesa dauden bezala.
2-Euskaldunon hizkuntz eskubideak guztiz bermatua egotea esparru eta une guztietan. Behintzat gaztelaniaz eta frantsesez hitz egiten dutenek bermatuta dauzkaten bezala.
.
Laburbiltzen; benetako ofizialtasuna Euskal Herria osoan.
.
ERABILERAri buruzko ikerketaren datu batzuen aipamena egin nuen aurreko iruzkin batean. Datuak han daude aztertu nahi duenarentzat.
.
Euskal dunon hizkuntz eskubideen urraketari buruzko azterketak ere badaude; esaterako: 2012an HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIAK egindakoa. Honako esaldiak hautatu ditut:
.
“ESKUBIDEEN EGOERA 2012”
.
“Orokorrean, euskaraz bizi nahi eta ezina jasan behar izan du euskal hiztunak 2012an. Administrazio zerbitzu
guztietan egin dute ahalegina herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko, baina osasun zerbitzuetan, justizia eremuan, Herrizaingo eta Barne-sailetan eta hezkuntzan nabarmenak dira euskaraz aritzeko, izan hitzez nahi idatziz, herritarrek aurkitu dituzten oztopo eta zailtasunak. Horiekin batera, lan-munduan, posta eta garraio zerbitzuetan, kulturan eta merkataritzan ere ezintasun egoeran aurkitu dira euskal hiztunak behin eta berriro 2012an.”
.
“Administrazio publikoaren sektorean (eta pribatuan) euskarak inongo errekonozimendurik gabe segitzen
du IPAR EUSKAL HERRIAN. Estatuarengandik ukapen eta bazterkeria bizi dute egunero bertako euskal hiztunek.”
.
“NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, desoreka eta herritarren arteko eskubide desberdintasunak ez du
aldaketarik izan 2012an eta euskara bereganatzeko hizkuntza-eremuak ezartzen dituen banaketa administratiboak bere horretan dirau. “
.
“Horrela bada, Ipar Euskal Herrian euskarak estatus egokirik ez izateak eta Nafarroan hizkuntza eskubideak
herritar zati bati baino ez aitortzeak, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetzeaz gain, bertako euskaldunak babes gabe uzten ditu.
Hargatik, bi eremu administratibo horietan premiazkoa da lege-babesa euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatu nahi badira.”
.
“EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN, berriz, euskarari lurralde osorako ofizialtasuna aitortu zitzaiola 30 urte bete dira 2012an. Administrazioak estatusa aitortzeak funtsezko bermea eskaintzen badu ere, 2012an hizkuntza-eskubideen urraketak gertatu izanak erakusten du urte hauetan guztietan hartutako neurriak ez direla aski izan euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Legeak eskubideak aitortzen dituen arren, euskara erabili nahi duen herritarren eskubidea ez da bermatzen eguneroko bizitzan. Hortaz, ezinbestekoa da ofizialtasuna edukiz betetzea, paperean jasotakoa egunerokotasunean bermatzea, ofizialtasunaren aitortzak ez baitu besterik gabe (arau, plangintza eta baliabiderik gabe) hizkuntza eskubideen bermea ziurtatzen.”
.
Txosten osoa irakurtzeko: http://www.kontseilua.org/fitxategiaikusi.php?idfitxategia=652
.
Norberak ikusi dezan nahi duen bezala baina ikerketen datu objektiboak hemen daude, eta niri iradokitzen didate botila nahiko hutsik dagoela. Edo esaten duzun bezala, hautsia eta zulatuta.
.
Beraz, eta botila norberak ikusten duen moduan ikusten duela, alderdi politiko eta herri mugimendu euskaltzaleak izugarrizko lana daukate aurretik gabezia, kontraesan, hutsune eta inposizio guztiak gainditzeko.
Ados Larrea. Eta egia da zeure aurreko mezuaren eta neure erantzunaren artean alde nabarmenik ez zegoela, baina aitzakiazaleen trebezia hain da handia, ze, uste baitut, kolonoak gainetik kentzeko helburua sekula ahaztu gabe, gure eskura dauden lan guztiak azpimarratu behar genituzkeela askoz sarriago, gure arteko aitzakiazaleok ixilarazteko behingoz.
Besteak beste, lan horiek eginez, kolonoak gainetik kentzeko urratsak emango ditugulako.
Eta eguberri on, arraioa!
Itzain, kontua da egiteke dugun hori guztia zein aldarterekin egitea den eraginkorrago.
Irribarre egitea hortzak erakusteko modu bat ere bai baita.
Haurrek, gazteek, jendeak oro har euskaraz egingo dute, edo errazago zaielako (trebeagoak direlako euskaraz erdaraz baino, edo inguruak horretara bultzatzen dituelako), edo oso-oso kontzientziatuta daudelako. Erdaraz euskaraz baino trebeago badira, inguruak bultzatzen ez baditu, eta kontzientziaz herren badabiltza…
Eta Estatuaren hizkuntza ez bada… Gora Errepublika!!! Gora Nafarroa!!!
Gaur Berrian eta Naizen agertutako artikulu bat:
.
“BOTILA ZULATUA”
“«Euskara galtze prozesu baten atarian egon daiteke. Erabilerak gora egin dezan baldintzak aldatu behar dira; hiztun kopurua handitu; hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago eman; euskaraz bizitzeko nahia sustatu; eta jokaleku berria sortu. Gero eta jende gehiagok argi du botila erdi betearen edo erdi hutsaren planteamenduak ez duela zentzurik. Botila zulatua dago.»
.
Inazio Agirre Arregi
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-12-28/004/001/lege_info.htm
.
Euskara galtze prozesu baten atarian egon daiteke. Erabilerak gora egin dezan baldintzak aldatu behar dira: hiztun kopurua handitu, hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago eman, euskaraz bizitzeko nahia sustatu, eta jokaleku berria sortu. Herri gisa diagnostiko orekatua partekatzea ezinbestekoa da. Gero eta jende gehiagok argi du botila erdi betearen edo erdi hutsaren planteamenduak ez duela zentzurik. Botila zulatua dago.
Be water, my friend!