Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan

Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan –

Xabi Iraola Larraia, Sortuko Herrigintz aidazkaria, ERRIAn.


Euskal herritarron jatorriari eta kulturari erreparatuta, inoizko Euskal Herri pluralenean bizi gara. Gaindegiak argitaratutako datuen arabera, 2018an Euskal Herri osoko populazioaren %28,5 Euskal Herritik kanpo jaioa zen, bai Frantziako edo Espainiako estatuetan, bai estatu horietatik kanpo.

Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan
Argazkia. Foku

Ondorioz, dagoeneko Euskal Herria goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen duen errealitate sozial, kultural eta politikoa da jatorri eta kultur aniztasuna. Horren aurrean ez ikusiarena egin eta errealitate hori existituko ez balitz bezala jokatuko duenik izango da. Baita, mundu zabaleko eskuineko zein ezkerreko hainbat mugimenduk bezala, mehatxu gisa ikusi eta bidezidor erreakzionarioak bilatzeko tentaldia izango duenik ere. Baina bada hirugarren aukera bat: errealitate hori aukera gisa ulertzea eta gure proiektu nazionala aberasteko, zabaltzeko eta irabazle egiteko bide gisa kokatzea.

Euskal Herriko ezkertiar eta abertzaleok hirugarren bidea jorratzearen alde egiten dugu, noski. Hauturik koherenteena izateaz gain, hauturik eraginkorrena ere badelako gure proiektu politikoa gauzatu ahal izateko. Eta, nola ez, gure DNAn txertaturik daramagulako aurreko mendearen erdialdean ezker abertzaleak formulatu zuen ideia politiko garrantzitsuenetariko bat: Euskal Herrian lan egin eta bizi den oro euskal herritarra dela, hain zuzen ere. Altxorra da hori, zaindu eta gure corpus politiko-ideologikoan mimoz gorde behar dugun altxorra.

Dena aldatzen da dio kantuak, ordea, eta Euskal Herrira datozen migrazioen ezaugarriak ere aldatu egin dira, orain hamarraldi batzuk bizi izan genuenarekin alderatuta. Egungo migrazioen atzean mundu osoan bizi dugun zibilizazio krisia dago; eta, horren ondorioz, askotariko arrazoiak: klima larrialdia, gerrateak, pobrezia, bizi proiektu berriak garatu nahia, zaintza lanen kate globala… Ondorioz, jatorriz eta kulturaz anitzagoa da egungo migrazioa. Eta horregatik deklinatzen dugu pluralean.

«Ezker abertzaleak formulatutako ideia politiko garrantzitsuenetariko bat: Euskal Herrian lan egin eta bizi den oro euskal herritarra da»

Egungo migrazioek ezaugarri berriak dituzte, beraz. Eta nahitaez erantzun berriak beharko dituzten galdera berriak dakartzate. Alta, XXI. mendeko migrazio berrien fenomenoa ez da gaur arte Euskal Herriko testuinguru politikoan kokatu behar adinako dimentsioarekin. Eta, batez ere, ez dugu euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan zein estrategia independentistan izan behar duen esanahiaz behar beste hausnartu. Gure ustez, langintza horretan arrakastaz arituko bagara, gakoa da gure ezaugarri propioen araberako ariketa egitea. Alegia, mendebaldean dagoen eta estaturik ez duen nazio baten begiradatik egitea ariketa. Kontuan izanik, bidenabar, nazio horrek hizkuntza eta kultura gutxituak dituela.

Izan ere, horrek nahitaez beste hainbat herrialdek izango dituzten galdera berdinei erantzun ezberdin eta propioak aurkitu behar dizkiegula esan nahi baitu. Ezin baita kulturartekotasuna modu berean artikulatu Alemanian edo Euskal Herrian. Bertako hizkuntza eta kultura hegemonikoak diren eta estatu batek eskaintzen dituen babes guztiak dituen nazio batean edo bertako hizkuntza eta kultura gutxiagotuak dauden eta estaturik ez daukan nazio batean.

Euskal Herrian kulturartekotasuna euskararen ardaztasunetik ulertu behar da. Euskarak espazio eta posizio berriak irabazteko erronkaren baitan aukera gisa. Euskara hizkuntzen arteko harreman osasuntsuak garatzeko eredu berriak proposatzen eta sortzen eredugarri izan daitekeela sinetsita.

«Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea eraikitzeko ezinbestekoak: sistema politiko demokratikoago bat eta justizia sozial handiagoa»

Kulturartekotasuna kudeatzeko ereduarekin asmatzearekin batera, bigarren erronka Euskal Herrira etorri diren eta etorriko diren herritarrak askapen prozesura batzeko bideak aurkitzea da. Gure proiektu nazionalak aurrera egingo badu, ahalik eta euskal herritar gehienen partaidetza eta babesa behar ditu. Eta, horretan, etorkin jatorriko herritarren atxikimenduak balio kualitatiboa du. Atxikimendu hori lortzeko funtsezkoa da gure proiektuan zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea eraikitzeko eskaintza aurkitzea. Sistema politiko demokratikoago bat eta justizia sozial handiagoa izango dituen herri bat, azken batean.

Hori ez dugu hitz hutsez lortuko, ordea. Dagoeneko hainbat eremutan eta hainbat tokitan egiten ari garen lana biderkatzeko eta zabaltzeko ordua da. Besteak beste, honako bide hauek landuz:

Baga: igarobide zein helmuga izan, Euskal Herrira datorren edonorentzat harrera herri izanez. Egungo giza mugimenduak behartzen dituzten arrazoiak salatu, errudunak interpelatu eta pasabide seguruak aldarrikatzearekin batera, gure herrira datozen herritarrek behar dituzten baliabide material eta juridikoak gure arduraren parte eginez.

Biga: Euskal Herria elkarrekin biziz eta eraikiz. Etorkinak bizi proiektu bat martxan jartzera datozen herritarrak dira. Horregatik, beharrezkoa da bizitza komunitarioan oraindik egon badauden “isilpeko segregazioak” gainditzea eta elkarrekin bizitzeko bideak lantzea. Horretarako, udalgintzatik baliabide instituzionalak eta gaitasun komunitarioak uztartuz, inor atzean utziko ez duen herria eraikitzea lehentasunezkoa izan behar da. Baita herrigintzatik elkarlan espazioak zabaltzea ere. Eta, nola ez, hezkuntzari daukan garrantzia aitortzea. Segregazioaren aurkako neurri eraginkorrak martxan jartzearekin batera, geroz eta herri eta auzo gehiagotan martxan jartzen ari diren Herri Hezitzaileak eremu interesgarritzat ditugu. Eskolatik harago ere heziketa prozesua elkarrekin garatu ahal izateko.

Higa: jatorriaren, arrazoi kulturalen edota larruazalaren kolorearen ondoriozko diskriminazio edota bazterketa sozialari aurre eginez eta horren kontra borrokatuz. Arrazakeria salatuz, baina, batez ere, arrazakeriarekin amaitzeko oinarri-oinarrian dagoen errealitate estrukturala iraultzeko bidea jarriz.

Horiek denak eta gehiago beharko dira. Eta, horrez gain, gure baitako berrikuspenari ere ekin behar diogu ezkertiar eta abertzaleok. Izan ere, onartu beharra daukagu ezen, egun, oraindik, patriarkatuak zeharkatzen gaituen hein berean, ikuspegi mendebaldarrak ere zeharkatzen gaituela; horrek dakartzan ondorio guztiekin. Horregatik, gure egiteko nagusienetariko bat ikuspegi hori bera berrikusten hastea da. Nekez izango baitugu arrakastarik jatorri eta kultur aniztasuna gure egitasmo nazionalean behar bezala kokatzeko langintzan geure buruak berrikusteko gai ez bagara.

Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan  Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan  Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan  Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan  Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan”-ri buruz

  • Nazio izaera mantentzea ez al zen gure erronka? Badakigu noren eskutik ez dugun hori lortuko.

  • Burugabetza 2024-08-09 13:50

    Porrot egingo duen beste estrategia bat.
    Benetan, oso inozoak zarete zuen diskurtso emozionalekin.

    50 urtetan lortu ez dena oraingoan lortuko dela ustea oso erromantikoa da, bai, baina baita oso inozoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude