Jatetxeetan-eta
Jatetxeetan-eta –

Gezurra badirudi ere, gaur egun oraindik, behin baino gehiagotan gertatzen zait, hainbat eta hainbat pertsonak haur txikitzat hartzen nautela zenbait gaitan behintzat, hau da, umemokoa banintz bezala jokatzen dute nirekin, nahiz eta 66 urte ongi beteta eduki. Nonbait, iruditu behar zaie, pertsona batek, gurpil aulki motordun batean ibiltzeagatik, ezin duela burua bere lekuan eduki, eta, ondorioz, ezinbestean beste pertsona baten makulua behar duela, bere nahiak, sentimenduak eta premiak azaltzeko.
Horiek horrela, hainbat eta hainbat egoera xelebre eta harrigarri gertatu izan zaizkit bizitzan zehar, zenbait pertsona adimen “motxekoekin”, esate baterako, jatetxeren batean edo bestean, emazteari galdetuta:
-Zer hartuko du zure senarrak hasteko? Eta bigarrenerako? Azkenik, bukatzeko zer nahiko du?
Beste batzuetan ere, antzeko moduan, osasun etxean edota ospitalean, sendagileen galderak emazteari:
-Ongi jaten al du? Nahiko lo egiten du? Izan al du sukarrik azken egunotan? Digestioak nahiko normal egiten al ditu?
Antzokietan, entzunaretoetan eta kidekoetan ere berdintsu pertsona laguntzaileari:
-Non kokatuko da gizona?
Eta abar, eta abar.