Jaietatik ere, borrokatu!
Jaietatik ere, borrokatu! –
Bilbokoa naiz, konpartseroa militatzen hasi nintzenetik. Auzoko jai batzordea berpiztu genuen 2001an gazte antolakundean geundenok, eta urte batzuk eman nituen jai eremuan lanean. Garai horretan, beste eztabaida askoren artean, jai ereduei buruz aritzen genuen. Nolakoak izan behar ziren; zerk ezberdintzen zituen instituzionalizatutako festetatik; euskal kultura nola sustatu bertatik; edota kapitalismoari zelan kontrajartzen ginen eremu honetan ere gurea eraikitzen, antolatzen eta defendatzen.
Euskal Herriko errealitate politikoa asko aldatu da hogei urte hauetan. Herri, auzo eta hiri gehienetan ez da existitzen garai batean zegoen antolakuntza maila. Estrukturatutako herritar horien artean, ugari, garai horretako Ezker Abertzaleko antolakundeetako kideak ginen. Nazio Eraikuntzaren estrategiari jarraituz, beste auzokide eta herritarrekin batera deituriko Herri Mugimendua osatzen genuen. Estatu espainol eta frantsesek ezarritako okupazio kapitalistari aurre egiten ziona, eta aldi berean, Euskal Herri Sozialista baterako bidea zabaltzen zuena. Hamaika esperientzia lokal eta nazional sortu genituen, asko izan ziren ere zabaldutako borroka fronteak, eta hauen barruan eraikitako espazioak edota sortutako eragileak.
Egun, une horretako altxor batzuek bizirauten dute oraindik. Beste batzuk, zoritxarrez, galdu ditugu, eta denbora eta indar nahiko beharko dugu horietan metatutakoa berreskuratzeko. Jai herrikoak, bere kontraesan guztiekin eta pairatu dituzten eraso ezberdinak gainditzeari esker, gugana heldu diren perla horietakoak dira. Baina honetaz jabetzen ez garenaren susmoa dut.
Ezker independentistan emandako estrategia aldaketaren ondorioz, esfera politiko honetan egondako zatiketak talka piztu du jai batzorde ezberdinetan. Beste esparru edota eragileekin gertatu den bezala, banatutako matrimonio honen kustodia nork lortuko duen ebazten ari garela dirudi batzuetan. Baina jai herrikoak, edota estrategia zehatz baten aterkipean ereindakoaren fruitua ez da soilik etxearekin geratu denarena; ezta garai horietan bizi zirenena. Eztabaida oso konplexua eta luzea izan daiteke 3 minutuko iritzi tarte batean erdiesteko, baina jai herrikoien eremuan helburua zein den argituta gatazka beste bide batzuetatik joan daitekeelakoan nago.
Esan bezala, jai herrikoiak, Herriak eginda eta Herriaren gozamenerako, kapitalari eta hau ordezkatzen duten instituzioei irabazitako espazio fisiko eta politikoak dira. Beraz ez genituzke inoren tutoretzarenpean jarri beharko. Hau egin ezean, helburu orokorrak eta zehatzak lehenetsi beharrean, bakoitzaren siglak eta botere politikoen guneak aurretik jartzen ari gara. Ika-mika honen ondorioz, espazio politiko hauen galeraren arriskuari ateak zabaltzen ari gara.
Arrazoi, arazo eta erantzukizun asko tarteko, Euskal Herrian, klase borrokaren indar korrelazioan atzera egin dugu azken hamarkadetan. Hala ere, beste garai batzuetako antolakuntzari esker bizirik mantendu diren jaiak bezalako eremuak, edota memoria kolektiboan sustraituta dugun borrokarako grina galdu ez dezagun, norbanako bezala edota antolatuta gauden tokitik, jarri dezagun zentroan, arazo, gatazka edo talka bakoitzean ezeren gainetik defendatu behar duguna, eta jardun dezagun koherentziaz. Tripak behar ditugu borrokan aritzeko, baina gure eskua burmuina eta triparen arteko harremanak gidatu behar du, bestela gureak egin dugu.