Jaia eta aldarrikapena
Anoetan jokatu zuten Euskal Futbol Selekzioaren aldeko azken partiduan izandako istiluak zirela eta beste iritzi batzuez gain ZuZeu-n agertutako “Auzo-lotsa: Urtero berdina” artikulua irakurri nuen eta idazki horren amaieran esandako kontu batek deitu zidan bereziki arreta.
Denbora ezagatik ezin izan nuen artikulu horren eztabaidan parte hartu eta beraz, denbora gehiegi igarota, ez naiz orain tematuko Anoetan gertatu zenaren ardurei buruz. Zentzu horretan bat nator , oro har, Esaitek edota Euskal Hintxek egiten dituzten balorazioekin.
Aipatu artikuluan esaldia hauek arreta piztu zidaten gehien:
“Euskal Herrian oso joera kezkagarria dugu: jaia eta aldarrikapena nahasten ditugu eta horren ondorioz; ez dakigu biak bereizten. Atzoko gertaerak hori erakutsi zuten”
Esaldi horietan esaten dena, istilu zehatz batzuei buruzko iritzia ematea baino gehiago, gure herrian eta beste herri eta garaietan bezala, frankismoaren azken hamarkadetatik berrindartu zen jaia eta aldarrikapenak batzearen aldeko joera errefusatzen da.
Errefusapen hau ez da batere berria; gutako askok, mugitzen garen arloan mugitzen garela beti izan dugu ondoan –edo aurrean- norbait antzeko zerbait esan diguna:
–“Instituto bat ez da lekua politika egiteko” (esaterako; presoen aldeko ekimenak, e.a.)
–“Lantegira ez zatoz politika egitera” (esaterako: independentzia edota sozialismoa, e.a. aldarrikatzea)
–“Kirol taldea ez da politika egiteko lekua” (esaterako: euskal selekzioen aldarrikapena zabaltzea Espainiaren txapelketak egiten direnean, e.a.).
Eta jaietako arloa, noski, ez da kontraesan horretaz libratzen. Batzuentzat jaiek aldarrikapen (politikorik) ez daukaten eremu garbia izan behar dute.
Zentzu horretan duela urte batzuk auzoko jai batzordean entzun nuen proposamen xelebreena; eliza inguruko talde baten ordezkariak holakoa proposatu zuen: “jai Batzordeak debekatu behar du kartel politikoak itsastea eta manifestazioak egitea jaiek irauten zuten egunetan”. Proposamena ez zen onartu baina eztabaida sutsua, eta une batzuetan barregarria, izan zen. Jaia eta aldarrikapenen artean ustezko bateraezintasuna ala bateragarritasuna argitzean zegoen eztabaidaren muinoan.
Duela urte batzuk ere, EAJ-k “Jaietan Jai” kanpainari ekin zion, Ezker Abertzaleak gizarteratu zuen“Jaia eta Borroka” leloari aurre egiteko asmoz. Horrela azaltzen du ildo horren aldeko batek:
Edozein gizartetan, eta are gehiago zapalduta dagoen herri edota klase batean, mota guztietako aldarrikapenak egiteko gogoa, jaietan ala lanegunetan, zorionez ez dira falta eta gogo horrek bizitza arlo guztiak edo gehienak zeharkatzen ditu: ikastetxea, lantegia, kirol taldea, jaia….. Berriro diot: zorionez.
Nire ustez jaia eta aldarrikapena, lana eta aldarrikapena, kirola eta aldarrikapena, ikastea eta aldarrikapena…. nahastea, bizirik jarraitu nahi duen herri baten edo baztertua edo zapalduta dagoen sektore baten ezaugarri baliotsua eta beharrezkoa da.
Espero dezagun Euskal Selekzioaren aldeko hurrengo partidua aldarrikapenez beteta egoteaz gain, benetan eraginkorra izan dadila ofizialtasunaren bidean, ESAITek aldarrikatu duen bezala.
Arazo sozial garrantzitsuena arazo nazionala da eta arazo nazional garrantzitsuena arazo soziala da.
Euskal herritarrok lapurtutako estatua berreskuratu harte borrokan jarraitu beste biderik ez daukagu, baina borroka hori askatasunerako estrategia baten barruan txertatzen ez bada, honelako arazoak sortzen dira.
Gabon I. Larrea,
Egia da “jaia eta aldarrikapenak” baterazinak direla esan nuela. “Hankasartze” ederra izan zen hura, zer-eta ez nuen hori esan nahi. Hori dela-eta, geroago jaia eta aldarrikapena zergatik ez ziren ondo bateratzen explikatzen saiatu nintzen. Hona emandako explikazio biak:
-“Saiatuko naiz jaia eta aldarrikapena hobeto explikatzen. Nik uste alde ludikoa egon behar dela borroka guztietan, dela independentziarena, dela selekzioarena. Hortan ados. Baina Euskal Selekzioaren partiduaren harira, hau etortzen zait burura https://zuzeu.eus/2012/06/18/arabaeuskaraz-lotsaren-kronika/ .
Ez dakit oraingoan hobeto explikatu dudan kontua.”
– (Garan argitaratutako artikulu baten harira) “Euskal selekzioaren partidua aurkezteko erabili den lehen hitza “jaia” izatea ez zait egokia iruditzen. Hori kritikatu dut (eta ez diot atzokoa Naizen errua denik, inola ere). Berriako webeko azalean zegoen titularra aproposagoa zen (buruz ez naiz akordatzen, baina hitz jokoa zen).
Azken finean, nik diot partidu hau desitxuratu egin dela. Txosna batean gaudela ematen du askotan; zer-eta jende asko litroekin- eta sartzen da futbol zelaira (mozkor-mozkor sartzen ez dena, noski). Hori da lotsa ematen didana. Eta ez da atzoko kontua, gainera.”
Ez dakit oraingoan hobeto explikatu dudan zer esan nahi nuen.
Ondo ibili
Horren harira, esango nuke eztabaida hartan aldarrikapena festarekin (parrandarekin) nahastea salatu nahi zela, eta horretan neu ere bat etorri nintzen. Nire ikuspuntutik esango nuke festari aldarrikapena gehitu ahal/behar zaiola, baina aldarrikapenari parranda gutxi.
Larunbatean parranda edarra bota zuen ba batek baino gehiagok 😉
…”Nik uste alde ludikoa egon behar dela borroka guztietan, dela independentziarena, dela selekzioarena”.
Borroka ezberdina dira independentziaren aldeko borroka eta selekzio propioaren aldeko borroka ala?
…
Euskera, kirol selekzioak, ekonomia, emakumeen berdintasunaren aldeko borroka, presoen aldeko borroka… eta beste edozein borroka, guztiz desitzuratzen da askatasunerako estrategia baten barruan ez badira txertazen. Eta etsaiak hori badaki eta bere onurarako erabili egiten dau.
Ados Gonzalorekin: kritikatu zena ez zen aldarrikapena egitea (selekzioaren ofizialtasuna nola ez eskatu partido horretan), baizik eta batzuek aldarrikapen-festa gauzatzeko modua.
Bestalde, niri pixka bat molestatzen dit edozein gizarte ekintzetan aldarrikapen politikoa txertatu beharrak. Aldarrikapen modu onena larunbatean ikusi zen Bilbon.
Zer da gaizki dagoena, mozkortzea eta parranda egitea, ala bengalak piztea, jendea molestatzea eta partidua izorratzea?
Niri mozkortu eta parranda egitea asko gustatzen baitzait, baina ez dut uste horrekin inori kalterik egiten diodanik.
Parrandazale: nik uste dut garbi dagoela iruzkin hauetan bartzuek (eta nik ere honen bidez) esan nahi dutena: ondo dago erreibinditzea; baina ez edonola. Demoek, beren garaian, ondo adierazi zuten bezala: erreibindikatzeko erabiltzen den bideak ez dezala oztopa erreibindikazioa.
Egindako iruzkinak aztertzen eta nire idazkia berrirakurtzen konturatu naiz badagoela hutsune bat, zerbait ahaztu zaidala: egun osoan zehar Ertzaintzak iraindu, umiliatu, jipoitu eta larriki zauritu zituen lagunei nire elkartasuna adieraztea.
.
Berandu bada ere, hona hemen nire elkartasuna haiekin. Eutsi !!
gora jaia eta borroka !!