Jacqueline gogoan
Atzo norbaitek Jacqueline Kennedy hartu zuen gogoan eta ez nintzen ni izan. Nik gaur hartu dut, oraindik makarrak begietan, prentsako azalak aztertzen ari nintzela. El Correo egunkariko argazkiak erabat iratzarri nau. Lipar batez, Iñigo Urkulluren eta Lucia Arietaren ordez Kennedy eta Jacqueline ikusi uste izan ditut. Errua argazkilariari leporatu lekioke bikoteari jarrera horretan argazkia egitegatik: behetik begira hartuta, zerua atzean, Urkullu besoa altxaturik eta jendea agurtzen, Lucia irribarretsu eta herabetia, begietatik inozentzia dariola, elkarri eskutik helduta biak, etorkizunari aurre egiteko prest. Baina nago Balenciagaren beroki zuri horrek eragin handiagoa izan duela, bai argazkilariarengan bai nigan.
Gaizki pentsatzen, Ertzainakek abestu bezala, gaizki pentsatzen hasita, nik pentsa nezake Luciak jakinaren gainean aukeratu zuela jantzi hura, oraindik inauteriak urrun egon arren, Jacqueline Kennedy mozorrotu zela senarrak lehendakariaren aginte makila hartu behar zuen egunean. Euskadiko First Lady sentitzen dela, alegia. Hala balitz, tira, bejondeiola! Arazoa da Luciaren balizko handikeria hori atzoko eguna laburbiltzen duen irudia baino ez dela, atzo Espaniako autonomia erkidego bateko gobernu presidenteak agintea hartu zuelako, ileordeek, belusak, urrezko brontzeek eta zin epikoek bestelakorik irudikatu arren.
Agirrek ezarri zuen protokoloa, handinahiaz, probokatzeko asmoz ere esango nuke, Euzkadi estatu burujabea zela aldarrikatzeko, eta aukera izan zuen arte burujabetza praktikatu ere praktikatu zuen. Gaur egun, antzerkia baino ez da, eta zirkoa.
Glamour pixkat gorde beharko lukete independentziarako, baina erdaraz bezala, PNVren etxean independentzia ez dago ta haren zain ere ez daude.