Izen tranpatiak
Izen tranpatiak –
Izen tranpatiak eguneroko ogia dira. Adibidez, “deskontua”. Begiratuz gero ohartuko zara nola, usu, prezio azken egunetan igo eta orain “beherapenarekin” berdin edo garestiago saltzen ari diren. “Erregaierako laguntza”, 20 zentimo litroko, eta kupelaren balioa aspaldi jaitsi zen arren gutxi mugitu dute gasolinaren salneurria, eta 20 zentimoko laguntza eman gobernuak eta enpresek gasoilina 20 zentimo igo.
Hezurretaraino ernegatzen nauenen zerredaren goikaldean kokatzen dut “Foru Hobekuntza”, Txibite lehendakariak lege honen 40. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian goraipatua eta laudatua.
1974an hautatu zen orduko Nafarroako Diputazioa, diktadura betean egindako sasi-hauteskunde batzuetan, eta errotik frankista zen egitura hark maneiatu zuen dena 1979ko udal eta foru hauteskundeak heldu arte. Haiek zehaztu eta marraztu zuten Nafarroari egokituko zitzaion marko autonomikoa, horretarako zilegitasun izpirik ez izan arren.
Garaiko parlamentuaren gehiengoak (UCD, PSN eta UPN), bere promesak ahantziz, 40 urte luzez indarrean mantendu den giltzarrapoa ezarri zuten, erreferendumik gabe. Hegoaldeko lau herrialdean batzea oztopatu zuten, eta hori gutxi ez balitz, hamaika dira Nafarroan onartu eta Madrilek atzera botatako legeak.
- Osasun sisteman pertsoina guztiak debalde artatzea
- Koordainketa farmazeutikoa
- Nafar Gobernuko lanpostuen egonkortzea
- Kanabis klubak
- Tokiko erakundeen zorpetzea
- Justizia arloko langileak egitura foralean integratzea
- Energia ekoizpenaren gaineko zerga
- Funtzionarioie ordainketa extra bat (soldaten murrizpena konpentsatzeko)
- Ondasun higiezinen gaineko zerga ezartzea Elizari (erabilera erlijiosorako ez diren eraikinetarako)
- Fracking-a debekatzea
- Poliziaren biktimen legea
Guzti horri gehitu Nafarroak onartu ez arren Madrilek inposatzen dituen legeak.
- Lan erreforma
- Pentsioen erreforma
- Aurrekontuen estabilitaterako legea
- LOMCE
- Mozal Legea
“Hobekuntza”: ez zen demokratikoki onartu, egungo nafarren zati oso txikiak hautatu zuen parlamentu hura, Nafarroarentzat duela lau hamarkada baino are gutxiago balio duen tresna herdoildu eta mingarria da…
Foru Hobekuntza deitu zioten, eta 40 urte igaro ditugu Foru Hobekuntza izendatuz. Izendapen berrien zain, ea proposamenik baden…