Itxialdian irakurtzekoak
Itxialdian irakurtzekoak –
Literaturari buruzko Hitzen Uberan ataritik jasoa.
Abian da itxialdiko bigarren astea; ordutegia finkatu eta hainbat eratako jarduerak egitea gomendatu dute psikologo eta adituek. Besteak beste, egunotan, irakurtzeko aukera izango dute hainbat herritarrek (ez denek). Liburutegira ezin joanda, liburu-dendara ere ez… Sarean eskuragai dauden baliabideak bilduko ditugu datozen egunetan.
Itxialdiak iraun bitartean ezin gara joan liburutegira ez liburu-dendetara, baina irakurgaiak eskuratzeko hainbat bide badira sarean. Hona gida txiki bat.
.
Susarenak
Susa argitaletxeak paperekoarekin batera eskaintzen du liburuen ebook bertsioa, eta haien webgunean eros daitezke aleak. Nolanahi ere, debalde ere eskaintzen dituzte, eta webgunean bilatu eta bertan irakur daiteke dena delako lana. Susa argitaletxearen barruan dauden bilduma guztiak eskura daitezke: narratiba, poesia, saiakera, Munduko Poesia Kaierak, Lisipe saiakera feminista eta Ganbila antzerki-bilduma.
.
Literatura Unibertsala
Armiarma atarian jarraituz, Literatura Unibertsala bildumako lehen aroko hainbat liburu eskura daitezke, hala nola Daniel Defoeren Robinson Crusoe –bakarrik egoteari buruzkoez pentsatzen jarraitzeko– edo William Shakespeareren Hamlet –beste garai batera jauzi egiteko–.
.
Klasikoen bilduma
Klasikoetara jotzen beste aukera bat eskaintzen du EHUk bultzatutako klasikoen bildumak. Kasu honetan, filosofiari, ekonomiari, psikologiari, literaturari eta abarrei buruzko saiakera ezagunak, pasa den mendekoak zein oso aspaldikoak, irakurtzeko aukera daukagu, wegbune honetan.
.
Edo! argitaletxearenak
2012an abiatu zuen Edo! argitaletxea literaturzale talde batek, euskaraz ezohiko liburuak kaleratzeko asmoz (artista liburuak, album ilustratuak, komikiak, argazki liburuak, saiakera kolektiboak, itzulpen lanak, hitzaldiak, poesia lan laburrak…), betiere oinarritzat hartuz, besteak beste, autofinantzaketa, borondatezko lana, pentsamendu kritikoa, eragiletza soziala eta adostasuna.
Hiru bilduma jarri zituzten martxan: Literola (askotariko literatur lanak), Begikoak (Askotariko ilustrazioak oinarri dituzten sormen-lanak) eta Xortak (Orrialde gutxiko testuak). 2017an amaitu zen argitaletxearen ibilbidea –hona hemen amaierari buruz argitaratu genuen artikulua–, baina sarean jarri dituzte argitalpena ugari, hala nola Virgnia Woolfen Dalloway andrea nobela (itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun) edo Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren saiakera. Hemen deskargatu ditzakezue.
.
Farmazia Beltzaren botikak
Farmazia Beltza argitaletxeak sarean ipini du Zerocalcare komikigilearen Hondamuinean nobela grafikoa, Koldo Izagirrek itzulia. Hemen eskuratu dezakezue. Bestalde, ohar bat ere argitaratu dute, eta bat egiten dugu haiek diotenarekin: “itxialdia amaitu bezain pronto, gure herrietako liburudendak berpiztea denon lana izango da”.