Itxaropenak kalte
Urteko sasoi honetan dena dira sariak zazpigarren artean. Ez ditut sariok begi txarrez ikusten, baina zerrenda gehienetan izen berberak ikusteak ez dit grazia gehiegirik egiten… Pelikula batzuk direnak baino hobeak direla sinetsita gaudela uste dut. Alfonso Cuarónen Gravity horren ona da? Teknikoki bikaina dela ezin ukatu, baina urteko pelikularik onenetakoa dela esatea gehiegi esatea dela pentsatzen dut. Artikulu hau idatzi dudanean 79 sari jasoak ditu filmak eta hainbat hautagaitza ere bai, 10 Oscar sari tartean. Sandra Bullocken lana paregabea ei da… hala badiote, izango da, ni baina, hotz utzi ninduen. Gidoiaz ez dut ezer esango.
Pasa den astean Steve McQueenen 12 years a slave filma ikusi nuen eta gustatu zitzaidan. Uste baino gutxiago baina. Kritikak zein sariek puztutako itxaropenagatik izango zen agian, baina zuzendariaren aurreko lana ikusita zerbait gehiago espero nuen. Film txukuna, aktoreak bikain… baina ez da hortik zehar irakurri ditudanak irakurrita espero bezain “iraultzailea”. Cohen anaien Inside Llewyn Davis ere ez da euren film luzerik onena.
Harmony Korineren Spring Breakersi buruz ez dut hitzik. Kritikaren inflazioaren beste adibide bat. Disney zaleei zein unibertso hori gorrotatzen dutenek maiteko duten filma dela idaztea gezurretan aritzea da nire ustez.The Act of Killing, Las Brujas de Zugarramurdi, Capitain Phillips…Jonathan Rosenbaumek Caimán Cuadernos de Cine aldizkarian, gerora Marxek berreskuratu zuen Hegelen ideia bat aipatzen du: kantitateak kalitatea aldatzen du. Kritikariek asteroko estreinaldien artean garrantzitsuren bat egon behar dela uste dute, nahiz eta agian denak ahazteko moduko filmak izan. Aipatu ditudan film gehienak gustatu zitzaizkidan, baina gehiegizko ikusmin eta itxaropena sortzea, ez al da batzuetan kaltegarria?