Itxaropena, espektatibak
Itxaropena, espektatibak –
Rikardo Arregik Noticias de Navarra hedabidean.
Uste dut jende askok Galiziako hauteskunde gauean telebistak edo X sarea edo bestelakoak berehala utzi zituela itxaropenari zirrikitu txikiena ere ixten zitzaiola ikustean. Izan ere, PPkoen gehiengo absolutua hain absolutua zen, ezen BNGkoen gorakada itzela ez zela gai izan desengainua, dezepzioa, arintzeko. Ana Pontónek berak dezepzio hitza erabili zuen bere agerraldian. Ez dakit itxaropen eta espektatiba hitzak sinonimoak diren guztiz; itxaropena zerukoagoa dela esango nuke, eta espektatibak lurrekoagoak, itxaropena etereoagoa eta espektatibak datuen analisi estatistikoetan finkatuagoak. Inkesten arabera sortzen ziren espektatibek, beti ere datuen alde baikorrenari begira, itxaropena elikatu zuten, gehiegi elikatu ere.
Agian EAEko hauteskundeetarako ez legoke gaizki itxaropenaren edo espektatiben kontu hau tentuz erabiltzea, espektatibak altuegiak direnean zaila baita gero beheranzko bidea, eta iruditzen zait EH Bilduk arrisku hori izan dezakeela. EH Bildu zerrenda bozkatuena izateak eragina izango du hauteskundeak eta gero egongo den itunen dantzan? Batek daki. EAEko hauteskunde gauak Galiziakoak baino suspense handiagoa izango du, behintzat, baina betikoa betikotzeko duen joera indartsuegia da gurean, EAJ lasaiago ibiliko da.
Ez dakit, bestalde, EAEko Sumar Mugimendua eta Elkarrekin Podemos ikusle arretatsuak izan ziren igande gauean; beharbada emaitzak irentsi ondoren pentsatuko dute EAEko jendartea eskuzabalagoa izango dela haiekin eta eserleku bana eskuratuko dutela. Itxaropena da galtzen den azkena, eta hori guztia. Eta ez dakit Andueza jauna den Pedro Sánchezek eskatu berri dituen lidergo sendo horietako bat; PSE, dena den, hirugarren alderdia izango da EAEn Galizian bezala, espektatibak ez du askoz gehiagorako ematen. Irakurri dut nonbait Feijóo jaunak ekarri nahi duela Rueda presidente galiziarra gure artera kanpaina egitera, hori bai izango dela barregarria (eta koloniala, ados), are barregarriagoa Ayuso andrea hemendik ikusten badugu.
Bi hilabete dugu aurretik itxaropenarekin eta espektatibekin jolastu ahal izateko.
Itxaropena, espektatibak