“Iturraldeko Kontxixi”
“Iturraldeko Kontxixi” –
Bap!! taldearen kantu erabat mitikoa dugu “Iturraldeko Kontxixi”, San Frantziskon bueltaka dabilena.
Letra iluna bada ere, tokikoaren eta unibertsalaren arteko erlazioaz ari dela ulertu dut beti. Tokikotik abiatzen baita unibertsala.
Derio, 1981. urtea, artean Bilboko auzoa zen. Udalak erabakitzen du martitzenetan gurean egiten den merkatu txikia debekatzea: derioztarrak haserre, batez ere andrazkoak eta pobreenak (sasoi hartan gurera etorritako etxekoandreak).
Erabakitzen dute saltzaileekin batera desobeditzea eta merkatua egitea. Udaltzainek herria hartu bazuten ere, merkatua egin zen. Handik astebetera, jarrerak gogortu zituen poliziak eta zortzi pertsona atxilotu zituzten, lau saltzaile eta lau erosle (zortziak gizonezkoak, nahiz eta istiluetan batez ere emakumeek parte hartu zutela nabarmendu garaiko prentsak). Horren ondorioz, emakumeek erabaki zuten Derioko kurtzea ordubetez moztea (sasoi hartan hori zen Bilbo, Txorierri eta Mungia lotzeko bidea). Egun berean, arrastiz, istiluak egon ziren udaleko ordezkariekin: irainak, bultzadak eta udaletxean eurak ixteko ahalegina.
Azkenean, udalak erabaki zuen merkatua egiteko baimena ematea, baina ez herri erdigunean, Santi Mamiko parkean baizik. Hor bigarren borroka jarri zen martxan eta handik gutxira merkatua herri erdigunera eraman behar izan zuten. Gaur egun, martitzenetan merkatua egoten da oraindik Derion. Iturraldeko Kontxixiri eta Hinojaleko Kontxitei esker.
“Iturraldeko Kontxixi”