Itsasoa, plastiko aparretan

Itsasoa, plastiko aparretan –

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitzan.


Toconao izeneko itsasontziak 26,3 tona plastikozko pinporta galdu zituen abendu hasieran, Portugal parean, eta gehienak Galiziako kostaldera ailegatu dira azken asteetan, ingurumen krisi larria eraginez. Erakunde publikoek esan zuten Bizkaiko hondartzetan halako bolatxo batzuk agertu zirela joan den astean, baina, AZTIk egindako ikerketen arabera, ez dira Toconao-koak. «Horrelakoak topatzea oso ohikoa da; urteetan egon dira. Baina hemen ikusten ditugunak ez dira Galizian ikusitakoen modukoak, zuriak eta egin berriak: Bizkaiko hondartzetan daudenek kolorea galduta daukate, degradatuta daude, denbora luzea eman baitute itsasoan hona ailegatu aurretik», esan du Olas Sin Plastico elkarteko Olatz Ortega Vidalesek. Adituen arabera, degradatutako horiek are kutsagarriagoak dira, degradatu ahala substantzia toxikoak askatzen dituztelako.

Itsasoa, plastiko aparretan
Hondakin bilketa, iaz, Gaztelugatxe inguruan. LURGAIA

Hemengo irudiek ere ez dute zer ikusirik hedabideetan agertu diren Galiziakoekin: esaterako, pinporta kopuruan aldea itzela da. Hala ere, Bizkaiko kostaldean plastikoa «arazo larria» dela ohartarazi du, eta kezka eragin beharko luketen irudiak ez dira ezohikoak izaten. Berbarako, Ortegak kontatu duenez, iazko Sopelako jaietatik astebetera, Barrikako hondartza zaborrez beteta agertu zen. «Jakin genuen Sopelakoak zirela, katxietan ‘Sopelako jaiak’ zegoelako idatzita. Itsasoak bota ziotena itzuli zuen bueltan lehorrera». 2022ko uztailean ere, hautsak harrotu zituzten Madalena egunaren biharamunean Elantxobeko portuan egindako argazkiek. Arazo horri konponbidea jartzeko, Olas Sin Plastiko elkarteak eta herrialdeko beste hainbat eragilek herrietako jaietan puntu berdeak izenekoak jartzeko eskatu dute. «Puntu moreen antzekoak lirateke, baina ingurumen kontzientzia sortzeko asmoarekin». Ortegak azaldu duenez, diputazioari egin diote eskaera, eta hainbat udalekin ipini dira harremanetan. Oraingoz, Gautegiz-Arteagakoak bat egin du, eta Gorlizkoarekin hartu-emanetan dabiltza.

«Duela lau urte inguru, hegaluzearen kanpaina betean, uztailean, egun bakarrean, zazpiehun botila bildu genituen».
JON HIDALGO Lurgaia fundazioko presidentea

Dena den, jaietako hondakinak ez dira izaten kostaldean gehien agertzen direnak. Lurgaia fundazioko presidente Jon Hidalgoren arabera, itsasora bertara botatako hondakinak topatzen dituzte batez ere itsasertzean. Urtero, Gaztelugatxe inguruan bilketa bat egiten dute, Bermeoko Udalarekin elkarlanean; garai batean, Bizkaiko kostaldeko inguru gehiagotan ibiltzen ziren. «Azken bilketa bi goizetan egin genuen, eta guztira 2.000 kilo batu genituen. Dena zen plastikozkoa. Plastikozko pinportekin 2.000 kilo batzeko milaka ordu beharko genituzke», egin du konparazioa, plastikozko hondakinen arazoa egunotakoa baino larriagoa dela erakusteko asmotan. Haiek bildutako 2.000 kiloak asko diren arren, hilabetera joanez gero beste horrenbeste bilduko luketela azpimarratu du. «Itsasoa plastikoz beteta dugu».

 

Itsasontzietatik itsasora

Topatzen dituzte arrantzarako sareak, arraina pilatzeko kutxak, plastikozko botilak… «Duela lau urte inguru, hegaluzearen kanpaina betean, uztailean, egun bakarrean, zazpiehun botila bildu genituen. Itsasoan, arrantza guneetara gerturatu ahala, berehala hasten zara uretan ikusten ur botilak, freskagarri latak eta zuku tetrabrikak». Hidalgoren esanetan, aisialdi arrantzan ibiltzen direnek, arrantzale profesionalek eta merkataritza ontziditakoek «hondakinak itsasora botatzen jarraitzen dute».

Zehaztu du arrantzale profesionalak aipatzen dituenean ez dela soilik Euskal Herrikoez ari. Arazoa mundu osokoa da, haren esanetan: «Ezagutzen ditut latitude tropikaletan arrantzan dabiltzanak, eta, kontatzen didatenez, portuetara ez da hondakin gramorik ere ailegatzen; dena botatzen dute zuzenean itsasora». Lurgaiako presidenteak ohartarazi du itsasoarekiko harremana aldatu behar dela, «baliabideak lortzeko biltegi eta hondakinak botatzeko zabortegi» modura erabili izan delako.

 

Hidalgok zaila ikusten du kontzientziazio kanpainekin arazoari aurre egin ahal izatea. «Nahiz eta zuk plastikoa edukiontzira bota, haizete batek zabaldu dezake». Haren esanetan, arazoaren abiapuntua kontsumo ereduan dago, eta, batik bat, plastikoaren erabileran. Iruditzen zaio, lehenengo eta behin, premiazkoa dela erabilera bakarreko plastikoak debekatzea. «Europako Batasunak legedi on bat egitea ezinbestekoa da». Portugal parean galdutako pinportak istripu baten ondorio izan dira, eta halakoak beti gerta daitezke, baina Hidalgok esan du itsas garraiorako segurtasun neurriak legez zorroztea ere komeniko litzatekeela, horrelakoak gertatzea zailago bihurtzeko.

«Diputazioak egunero egiten du garbiketa makinekin, baina baheek ez dituzte plastiko txikiak biltzen, eta, gainera, makinak gainetik pasatzen direnean, hondoratu egiten dira».
OLATZ ORTEGA VIDALES Olas Sin Plastico elkarteko kidea

Lurgaiako kideek egiten duten hondakin bilketaren helburua hezitzailea da bereziki. Baita Olas Sin Plastico elkarteak egiten dituenena ere. Hilean behin, Bizkaiko hondartza batera joaten dira izena ematen duten boluntarioekin. Elkarteko kide Ortegak zehaztu duenez, topatzen dutena ezberdina izaten da urte sasoiaren arabera. Negu partean hondakin handiagoak biltzen dituzte, eta udan txikiagoak izaten dira. Esaterako, aipatu du hondartza garaian oso ohikoa izaten dela eguzkitarako kremen edukiontziei lehenengoz zabaltzeko kendu behar izaten zaien plastikozko aseguruak topatzea. «Diputazioak egunero egiten du garbiketa makinekin, baina baheek ez dituzte plastiko txikiak biltzen, eta, gainera, makinak gainetik pasatzen direnean, hondoratu egiten dira». Hidalgok ere txarretsi du makina bidezko garbiketa hori, eta uste du selektiboagoa izan beharko litzatekeela, makinek hondartzetako ekosistema kaltetzen dutelako. «Horren ondorioz, gaur egun hondartzek ez dute batere balio ekologikorik gurean».

 

Hondartzen garbiketa

Bizkaiak urte osoan garbitzen ditu hondartzak. Hain zuzen ere, egunotan garbiketa horretaz arduratzen diren langileak ari dira zaintza lanak egiten Portugaldik pinportarik ailegatzen den ikusteko. Zerbitzu hori indartu egin du, gainera: ehun lagun inguru dabiltza Bizkai osoan. Dena den, Olas Sin Plastico elkarteak «urri» iritzi izan dio ohiko neguko garbiketari, eta diputazioari eskatu izan dio zerbitzua indartu dezala, elkartekoek egiten dituzten bilketetan hondakin asko topatzen dituztelako. Berbarako, Ortegaren esanetan, «oso ohikoa» izaten da neguan pneumatikoak-eta topatzea.

Hidalgok ohartarazi duenez, gizarte osoak egin behar du aldaketa, «nahiz eta kostaldetik urrunago bizi». Bera durangarra da, eta, azaldu duenez, bere eskualdeko industrialdeen inguruko ibaietan «oso ohikoa» da plastiko asko ikustea, baita arboletatik zintzilik ere, eta horiek guztiek itsasoan amaitzen dute. «Plastikoak onura handiak ekarri dizkigu, baina eragiten duen kaltea ere ez da edonolakoa. Berandu baino lehen, egiten dugun erabileraz gogoeta egin eta aldatu egin beharko dugu».

Itsasoa, plastiko aparretan Itsasoa, plastiko aparretan Itsasoa, plastiko aparretan Itsasoa, plastiko aparretan Itsasoa, plastiko aparretan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude