Islada kolektiboak
Islada kolektiboak –
Ispiluaren aurrean jarri naiz egunero lez.
“Hankarteko ileak kendu behar ditut argizariarekin, makinarekin hanketakoak eta pintzarekin bekainetako forma lerrokatutik irteten direnak”, hasi da nire burua antolatzen. “Oxala bibotean ilerik ez banu”, pentsatu dut jarraian.
Dantza ere egin dut nire gorputz biluztuari begira, baina segidan ilundu zait begirada “soberan” ditudan kiloei erreparatu diedanean. Erremedio osasuntsuak berehala burura: “Ariketa fisikoa egiten hasi behar duzu, elikadura zaintzen…” Zin egin diot nire buruari argalduko naizela, ederrago egongo naizelako horrela. Ilerik gabe eta argal.
Makillatu naiz, seguruago sentitzen naiz horrela, eta atera naiz kalera. Beste egun arrunt bat da gaur; lehen, biharamunean, mantendu ohi zen bezperako eraginik, orain, egun seinalatuaren amaierara mugatu ohi da; ez dut M8aren arrastorik inon nabari. Kartel eta askotariko objetu moreak desagertu egin dira kaleetatik, baita balkoietatik ere, eta jendearen arropetan ez dut atzo gailentzen zen bioleta kolorerik antzematen.
Kalean ere begiratzen diot nire isladari edozein ispilutan. Dena ordenean dagoela egiaztatu behar dut. Ni niretzat prestatzen naizelako, noski. Edo hori uste dut behintzat.
Ez da ordubete pasa atera naizela eta heldu da lehena. Gorroto ditut gizonezko ezezagunek egunero zuzentzen dizkidaten piropo* zein begirada lizunak. Askotan erantzungo nieke garrasi ozen batekin, baina ez dut egiten, noski, nik “ezin” dut. Esan nahiko nieke, amorruz, isteko ahotzar hori, nire espazioa inbaditzen ari direla, ni erasotzen, ni txikitzen haiek handi sentitzeko. Oso tristea dela hori.
Ez naiz ispiluan ikusten dudan hori, ezta haragi puska bat ere. Kontrara, ez nengoke zaurituta eta isladaren bestaldean dagoen hori askotan sentiarazi dute ahul, bigarren mailako. Gizonak izan dira zer eta nola egin behar dudan agindu didatenak, “laguntzeko” izan bada ere. Supermerkatuan edota lanean, haiek dute azken hitza, haiek dute egia eta esperientzia. Beti bat gehiago.
Horrek sexuan pentsatzera narama. Nola gailendu izan den gizonezkoen plazera nire harremanetan, nola egituratu izan diren denak haien gogora, nola nire plazerrari bere tokia egin behar izan diodan, ez baita naturalki etorri.
Halakotan jabetzen da bat norberaren bizipenak politizatzeak duen garrantziaz. Hori guztia ez baita nire kontua bakarrik.
Ispiluan ikusten dudanak agerian uzten ditu nire egitura mentalak, baina ispiluan begiratzea bezalakoa izan daiteke beste emakume* baten aurrean jarri eta haren aurrean biluztea ere, beldurrak agerian utziz. Hala, ikusiko genuke gure egitura mentala sistema janda duen izate boteretsu batek eraiki duela eta ondorioz konpartitzen ditugula erresistentzia eta beldur asko eta asko.
Hargatik hitz egin behar dugu oraindik borrokaz eta ez ospakizunez. Hargatik egin behar dugu arazoa kolektibo. Gure burua ispiluaren aurrean begiratzen dugun bezainbeste begiratu beharko genioke elkarri. Eskubideak galtzen ari gara eta elkarrekin eta batuta egin behar diogu aurre. Islada eraikitakoa besterik ez da, egia gugan dago.
Eskerrak eman nahi dizkiot feminismoari zeharkatu dituelako nire bizitzako hainbat esparru eta nire burua gehiago ezagutzen lagundu didalako. Edo ari delako. Nire buruarengan sinesten hasi naizelako, zapaltzailearen aurrean indartsu izan naitekeela sinestarazi didalako.
Feminismoak askatuko gaitu eta bizitza salbatuko digu. Antolatu indarrak, batu borroka feministara!
*Piropo diodan gisa berean diot irain, arazoa komentario horiek gupidarik gabe haizatzeko duten askatasuna baita.