Irungo Udalak memoria historikoari buruzko biltzarreko hitzartzea «arrazoi politikoengatik» gazteleraz
Irungo Udalak memoria historikoari buruzko biltzarreko hitzartzea «arrazoi politikoengatik» gazteleraz egin beharko zutela adierazi zieten parte hartzaileei
- Kepa Ordoki elkarte memorialistako kideei oroimen historikoari buruzko hitzaldia gazteleraz egin behar zutela adierazi zieten, arrazoi politikoak argudiatuta.
- Tratatutako gaiaren izaera dela eta, «oso larritzat» jo dute gertatutakoa.
- Gogorarazi dute Udalaren betebeharra dela entzuleei interpretazio zerbitzua eskaintzea.
Otsailaren 28tik martxoaren 2ra, Irungo Udalak «Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra» antolatu zuen Ficoba eta EHUren laguntzarekin. Bertan izan ziren, besteak beste, Irungo alkatea, udaleko Memoria Historikorako ordezkaria, Memoria Historikoko estatu idazkaria eta Gobernuaren Euskadiko ordezkaria ere.
Hiru egun horietan, memoria historikoaren inguruko hainbat hitzaldi publiko eskaini ziren aditu ezberdinen parte hartzearekin. Egitarauan hitzaldien hizkuntza adierazten ez bazen ere, kongresu guztian euskarak ez zuen inolako presentziarik izan, eta ez zen itzulpengintza zerbitzurik ere eskaini. Martxoaren 2ko egitarauaren barruan, hitzaldietako bat Kepa Ordoki –Memoria Historikoa Bidasoan elkartearena behar zuen, eta taldeko kideek mota honetako jardunaldietan euskara eta gaztelania erabiltzen duten arren, antolakuntzatik «arrazoi politikoengatik» gaztelania erabili behar zutela adierazi zitzaien helbide elektroniko bidez.
Antolakuntzatik emandako jarraibideen aurrean, martxoaren 2ko hitzartzean Bidasoako memoria historikorako taldeak beraien hitzartzea horrelako foroetan egiten duten bezala mantentzeko erabakia hartu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, eszenatokitik bertatik gertatutakoa salatuaz.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «oso larritzat» jo du jardunaldi horietan gertatutakoa. Izan ere, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea erakunde publikoek horrela mugatzea edo debekatzea, herritarren oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gain, jardunaldi horietan tratatu zen errepresio frankistak euskararen eta euskal hiztunen aurka egindako guztia kontuan ez hartzea da.
Bestalde, Behatokiak azaldu duen bezala, «arrazoi politikoengatik gaztelania erabili behar dela» esatea, eskubide demokratikoen zapalketa izateaz gaindi, egun EAEko erakunde publikoek hizkuntza eskubideekiko dituzten lege-betebeharrak kontuan ez izatea da.
Halaber, espainiar Estatu mailako jardunaldiak izateak ezin du euskara erabiltzeko debekua inondik ezarri, izan ere, hizkuntza ofizialak erabiltzeko Irungo Udalaren irizpideen barruan ondorengoa jasotzen da bigarren kapituluan: «Aldi bereko interpretazioa behar denean: aldez aurretik zehaztuko dira hizkuntzak eta interpretazio materialez hornitutako areto bat hautatuko da». Ondorioz, Irungo Udalaren erantzukizuna zen entzuleentzako interpretazio zerbitzua bermatzea, hizlariei gazteleraz egitera behartu beharrean.
Horiek horrela, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Kepa Ordoki, Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, egoera hau salatu eta dagozkien arduradunei erantzukizunak eskatu nahi dizkie, aurrerantzean ere horrelako jardunaldietan hizkuntza eskubideen errespetu eta aitortzak duen garrantzia gogoraraziz.
Irungo Udalak memoria historikoari buruzko biltzarreko hitzartzea «arrazoi politikoengatik» gazteleraz