Iruñeko udal harrerak
Iruñeko udal harrerak –
Aurreko atalean adierazi dudan bezalaxe, Iruñeko Udala Baionakoarekin dago senidetuta, besteak beste, eta, Lapurdikoei zegokienean bisita egitea nafarrei, hantxe, Iruñeko udaletxeko pasabideetan, UPN eta CDNko zinegotziei, bezperan edota egun berean, molde honetako esaldiak entzuten zitzaien botatzen, harro-harro eta inolako konplexurik gabe: <¡Preparémonos que hoy vienen los franchutes!; ¡A ver qué nos cuentan hoy esos franceses!; eta abar, (jakina!, bide batez esanda, nola ez?, emakumezkoen generoa erabat baztertuta, noski!). Hortaz, argi eta garbi gelditzen zen, jakina, aipatutako politikari haientzat, alegia, euren buruentzat, Iparraldeko baionar haiek, frantses hutsak zirela, den-denak; euskaldunak, inondik inora ez!
Horrenbeste zen hori horrela, non protokoloko arduraduna, euskaldun berria eta euskaltzalea izanik, eta, seme-alabak D ereduko hezkuntza sistemara bidalita ere, aurkezpenak egiten zituenean, euskaraz ez baitzuen txintik ere esaten, dena espainiera garbi eta txukunean azaltzen zuen, ez “kaixo” eta ez “agur”, nafarren hizkuntza propioan, deus ere ez, guzti-guztia gaztelera ofizialean, nahiz eta Iparraldekoen artean, euskaldunak ere baziren. Nik ez dakit seguru zergatik jokatzen zuen hala protokolo arduradunak: oilobusti handi samarra zelako; frantsesari eta espainierari errespetu handiegia zielako; ala UPN eta CDNren agindu eta mehatxuengatik. Ziur jakin gabe ere, nik azkeneko horren alde eginen nuke.
Hitz gutxitan esanda, Iruñeko Udalak interprete bat jarri ohi zuen, Baionako alkate eta zinegotzientzat, frantseseko interpretea, eta, horrela, argi eta garbi uzten zuten, beraientzat, hau da, UPN eta CDNkoentzat, Iparraldetik bertaratutakoak, herritar frantses hutsak zirela; bai, noski! Nola ez ba?
Baina Iruñea, Japoniako Yamaguchi hiriarekin ere senidetuta dago, eta, haien ordezkari politikoak, Iruñeko udaletxera joaten zirenean ere, berdintsu jokatzen zuten, hau da, interprete bat jartzen zuten, baina, kasu hauetan, pertsona interpretea, aspalditik Iruñean bizi zen emakume japoniar-euskaldun jator bat izaten zen, alegia, aspalditxoan Nafarroako hiriburura etorritako Japoniako emakume bat, bertan ezkondua, seme-alaba euskaldunak, ikastola batera bidaltzen zituena, euskara bikain ikasita zeukana eta Nafarroako Hizkuntza Eskolan Ofizialean, japoniera irakasten zuena.
Egun haietan, hau da, japoniarrak etortzen zirenekoetan, nik, emakume interprete harekin, euskaraz egiten nuen denen aurrean, atsegin handiz, inolako disimulu eta konplexurik gabe, eta, berak, nirekin, berdin-berdin.
Baina kontuan eduki behar da, bitartean, UPNko eta CDNko zinegotziak, eta, baita alkate andrea berbera ere, hantxe aritzen zirela, Iruñeko eta Nafarroako euskaltasuna eta beren jatorrizko izaera guztiak, ezkutatu eta ukatu nahian, eta, hara non, aldi berean, udaletxeko harrera gela nagusi batean, japoniar emakume ospetsu bat, euskaraz aritzen zen naturaltasun osoarekin! A zer-nolako kontrasteak eta kontraesanak, nafar politikari atzerakoi eta lotsa-emangarri haienak!
Eta, Iruñeko politikari espainiar zale harroxko haien egitandien ondoren, bi kasuetan ere, hau da, Baionakoekin eta Yamaguchikoekin, hiriko gotorlekura joaten ginen bazkaltzera. Bazkari haiek ere, esan gabe doa, denen diruarekin ordainduta, jakina!
Sarreran, noski, han ere, oztopo arkitektoniko batez edo bestez ez nintzen libratzen, baina, dena den, hemen, beste kontu bat azpimarratu nahi dut, alegia, bazkaria bukatutakoan, jartzen zizkiguten abesti guzti-guztiak erdaldunak eta oso espainiarrak zirela! Harridurarik ez, ez da hala? Gai hori kontu ezaguna da guretzat. Nolanahi ere, lehenengo urtean, ustekabean harrapatu ondoren, bazkari haien arduradunei erregutu nien, hurrengoetan, euskal kantak ere jartzeko, Nafarroako jatorrizko eta berezko ezaugarriak ere ikusarazteko, eta, beren jarraitzaileak errespetatuak ere senti zitezen. Baina deus ez! Ezer ere ez! Zipitzik ere ez! Batere ez! Hantxe ez zuten inolako begirunerik erakutsi nafar hizkuntza zaleak ginenontzat! Are eta gehiago, baliteke hala jokatu izana, amorrua eta gorrotoa dizkiotelako nafarren hizkuntzari. Beraientzat, antza denez, han, Pamplona soilik existitzen zen; Iruñea inondik inora ez! Zer den zitalak izatea!
Gainera, argudiatzen zuten, musika unibertsala dela, eta, jakina, horretan, arrazoi osoa zuten; hori ez zien inortxok ere eztabaidatzen, horrelaxe baita planeta osoan, baina, noski, unibertsalak ez direnak dira, ulertzen ez diren hitzak eta hizkuntzak, horregatik baztertu eta lurperatu zuten gurea, beraientzat, euskara hizkuntza arrotza eta kanpokoa omen zelako. Ez zuten maite; gorrotatu bai, ordea!
Euskaldunok, dirudienez, ezin dugu deus ere inposatu, baina beraiek, aldiz, bai! Hala eta guztiz ere, ez gara adimen gutxikoak, haiek pentsatu behar duten bezalaxe, eta den-denaz ohartzen gara.
Iruñean bizi den japoniar euskalduna Keiko Suzuki anderea da. Hiromi Yoshida andereak etxea Japonian du, baina Azpeitian bisitaldia egin ohi du urtero.