Iruñeko hizkuntz paisaia euskaraz! Sina ezazu!

Ez da nahikoa kartel bat euskaraz eta erderaz jartzea eta hurrengoa erdera hutsez. Ezin da onartu kartel batean gaztelaniazko testua letra handiz ikustea eta euskarazko testua letra txikiaz (irakurtzeko derrigorrez hurbildu beharra). Euskararen presentzia sistematikoa nahi dugu, hutsunerik gabe.              

Horrexegatik, AEKk, IKAk, Sortzen-Ikasbatuaz-ek, EHEk eta Administrazioan Euskaraz taldeak bultzatutako kanpaina lagundu behar dute hiritar euskaldun eta euskaltzaleek. Hauxe dugu sinadurak biltzeko garaia (otsaila bukatu arte). Talde hauekin harremanetan jarrita edo euskaltegietara joanda, orain kontua da sinaduraren bidez gure eskubideak eskatzea.

NDQwOQ==

IRUÑEKO HIZKUNTZ PAISAIA EUSKARAZ! SINA EZAZU!                  

Orain dela mende batzuk Iruñeko kaleko hizkuntza arrunta euskara zen. Nafarroako Erresumaren konkistaren ondoren Administrazio arrotza iritsi eta gaztelania ezartzeko prozesua abian jarri zen, egoera denboran izugarri luzatzearen ondorioz nahiko modu arrakastatsuan.              

Azkeneko bost mendeetan gertakari ugari gertatu dira: Borboiek ezarritako zentralizatze prozesua, guda karlistak eta Foruen galera, eskola erdaldunaren ezarpena, Primo de Riveraren diktadura, Francoren diktadura gogorra, Espainiatik iritsitako erdaldunen etorrera masiboa…              

Hala ere, euskararen zapalkuntza zuzena Francorekin batera eten ondoren, 1986an, datu hauek genituen Iruñean, zentsuaren arabera: Euskaldunak, populazioaren % 6’02; cuasieuskaldunak (euskara zertxobait zekitenak), % 7’16.              

Legeetan eskubide batzuk, ikastolak eta D eredua hedatzen hasiak… Garai hobeak ziren. 1991n, orain dela 19 urte, zentsuak horrelako datuak eman zituen Iruñean: Euskaldunak, % 6’06; cuasieuskaldunak, % 7’69.              

1996an, zentsuan euskararen ezagutza neurtu zen azken aldian, Iruñea horrela azaldu zen: Euskaldunak, % 6’70; cuasieuskaldunak, % 8,47.              

Hortik aurrera euskaldunon hedatze prozesua azkartu zen, batez ere irakaskuntzan presentzia nabarmena irabazi genuelako. 2006an, Iruñea eta Iruñerria batera aztertu ziren, soziolinguistikoki. Euskarabidearen webgunean agertzen da ikerketa hori. Inkestatuen % 16’7k adierazi zuen euskara ulertu, hitz egin, irakurri eta idazteko gai zela. Eta gaitasun horiek nolabait eduki baina garatzeko zailtasunak zituela adierazi zuen % 10’1ek.              

Estatutik kanpoko etorkinen azkeneko uholdeak euskararen berreskurapen datuak hein batean lausotu baditu ere, Iruñea bere kokapen historikoa berreskuratzen ari da. Hau da, euskararen barneko tradizioan Iruñeak zuen postua: Euskaldunon hiri buruzagia, euskararen lurraldetako hiriburua.              

Horregatik, gure presentzia onartua izatea nahi dugu. Hiri batean hizkuntz paisaia (errotuluak, kartelak, plakak eta abar) baldin bada hiria hizkuntza aldetik definitzen duena,  Iruñea hiri euskalduna dela garbi geratzea nahi dugu. Euskaldunon eskubidea delako.              

Iruñeko euskalgintza sinadurak biltzen ari da Iruñeko hizkuntz paisaian euskararen presentzia aldarrikatzeko eta martxoaren hasieran sinadura guztiak aurkeztuko dizkio Iruñeko Udalari, horren arabera joka dezan.              

Ez da nahikoa kartel bat euskaraz eta erderaz jartzea eta hurrengoa erdera hutsez. Ezin da onartu kartel batean gaztelaniazko testua letra handiz ikustea eta euskarazko testua letra txikiaz (irakurtzeko derrigorrez hurbildu beharra). Euskararen presentzia sistematikoa nahi dugu, hutsunerik gabe.              

Horrexegatik, AEKk, IKAk, Sortzen-Ikasbatuaz-ek, EHEk eta Administrazioan Euskaraz taldeak bultzatutako kanpaina lagundu behar dute hiritar euskaldun eta euskaltzaleek. Hauxe dugu sinadurak biltzeko garaia (otsaila bukatu arte). Talde hauekin harremanetan jarrita edo euskaltegietara joanda, orain kontua da sinaduraren bidez gure eskubideak eskatzea.              

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 24an.              

FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ (Administrazioan Euskaraz taldeko kidea).

Irudia | Txikiteoa Iruñean | Holia | Creative Commons By SA

Administrazioan Euskaraz Taldea

5 pentsamendu “Iruñeko hizkuntz paisaia euskaraz! Sina ezazu!”-ri buruz