Irulegikoaz eta harago
Irulegikoaz eta harago –
Joan den asteburuan, iritzi artikulu bat argitaratu da prentsan, talde batek sinatuta, hainbat kezka eta kexu azaltzeko. Plaza honetan ere zabaltzea komeni delakoan, jarraian kopiatzen dut testua:
Laburpen azkar-takar samarra eginez, esan dezagun joan den mendeko lehen erdia bitarte, ohikoa zela euskararen jatorriaz idazten zutenen artean arinkeria handiko edozein erkaketa fantastiko proposatzea, axaleko antzekotasunen bat aurkitu orduko. Anabasa hartan, ongi etorria izan zen, zorroztasuna eta metodoa lagun, euskararen aitzin egoera aztertzeari ekin zion Koldo Mitxelena maisu handia. (Azkar-takarra, Mitxelenaren aurretik ere izan zelako jakintsu zorrotzik eta erkaketa fantastikoak egundaino dirautelako tamalez).
Berak azaldu zuen, besteak beste, gaur egungo hitz batek ez duela zertan izan behar aspaldian zen bezalakoa, hitzak eta ahoskerak aldatu egin ohi direlako arau erregular jakin batzuen arabera, eta posible dela arau horiek ezagutuz gero, orain baino lehenagoko egoerak berreraikitzea. Adibide ospetsu bat aipatuz, gure gaurko ardau, ardo, arno forma dialektalak, lehenagoko *ardano baten ondorengoak zirela ondorioztatu zuen, egun oraindik ardantza edo ardandegi bezalako hitzetan fosildurik zirauena.
Mitxelenak eta gerora hari jarraitu zitzaizkionak, euskararen egoera zaharragoen berreraikitzeari ekin zioten, eskura zituzten dokumentuak baliatuta, hitzen bilakaera gidatzen zuten mekanismo morfo-fonetikoak bilatuz, aztertuz eta, aurkituz gero, azalduz, argituz eta arau moduan ezarriz. Euskal gizarteak, teknika horien sakontasunak oro har gehienbat ulertzen ez baditu ere, badu Mitxelenak ekarritako metodoaren eta zorroztasunaren pertzepzioa eta jakintsu estatusa eratxiki dio haren ondorengo Euskal Filologia Ofiziala (EFO) iritzi geniezaiokeen jakintsu multzoari.
Bilakabide fonetiko erregular arautuen aurkikuntza, aurrerapauso itzela izan zen aurreko egoerarekin erkatzen badugu, baina metodoaren eta batez ere datu urritasunaren erruz, ez da halere erabat arriskurik edo hutsik gabeko jakituria, ez da matematikaren zehaztasun eztabaidaezinarekin erka daitekeen zerbait, euskal filologo nagusiek hainbat aldiz gogorarazi digutenez. Honatx hainbat adibide:
It should be clear that, if in all reconstruction work the results must be taken as provisional, the specific circumstances of the Basque case force us to be very aware of the fact that we cannot go beyond a certain degree of plausibility for our proposals. Lakarra 1995
4. Los límites de la metodología
Aun siendo interesantes estas cuestiones de historia externa de la lengua, nuestro propósito se centra en el análisis y discusión de determinadas estructuras escogidas de la lengua, con el fin de obtener de su estudio cierta verosimilitud sobre estadios lingüísticos más arcaicos que los habitualmente conseguidos por la investigación hasta hace pocos años. Quede bien claro que, si en -todo trabajo sobre reconstrucción lingüística hay que aceptar muchas conclusiones con prudencia o cautela, las circunstancias específicas del caso vasco nos obligan a ser conscientes de que nuestras propuestas difícilmente irán más allá de un cierto nivel de verosimilitud. Gorrochategui & Lakarra 1996
Zuhurtzia horiek, ordea, badirudi haizeak ez ote dituen eraman. Izan ere, ordutik gaurdaino ez da inolako argitalpenik azaldu, esanez, aurrerapen metodologiko hau edo bestea dela-eta, bertan behera utzi behar direla badaezpadakoak eta zalantzak, eta aurrerantzean berreraikipen teorikoen egiantza %100ekoa bailitzan ulertu behar dela. Inon ez da horrelakorik argitaratu, baina praxia bide horretan barrena abiatu zaigu, salbuespenak salbuespen.
XXI. mendea Lazarragaren ustekabe pozgarriarekin hasi zen, pozgarria eta arazo larriegirik gabea, euskara historikoaren baitan kokatzen zenez. Hurrena, ordea, Iruña-Veleiako ostrakak azaldu ziren, eta gorago aipatzen diren zuhurtziak eta tentuak baztertuta, faltsutasunaren zantzuak zabaltzeko gurutzadari ekin zitzaion EFOtik, gizarteak esleitu dion autoritateaz baliatuta, bai eta arrakastaz burutu ere. Egun oraindik, ostraken taxuzko azterketa fisiko-kimikoak egiteke diraute, faltsutasunaren hipotesia erraietaraino irentsi duten erakundeek eta gizarteak alferreko irizten dietelako. «Egiantza maila batez harago nekez joan daitezkeen» proposamen horiek, Jainkoaren hitz berria bihurtuta, erruduntasun presuntzioa zabaldu zuten, froga zientifikoak egin zitezen oztopatzea eragiteraino. Eta oraingoz azkena dugun ustekabea, Irulegiko eskuarena izan da. Honetan, Iruña-Veleiakoaz eskarmentatutako arkeologoek iruzurraren hipotesia zabaltzeko zirrikiturik utzi ez dutenez, eta azaldu den testua berreraikipen teorikoekin bat ez datorrenez, hizkuntza misteriotsu eta orain arte ezezagun batean idatzirik dagoela erabaki du EFOk duela gutxi. «Egiantza maila batez harago nekez joan daitezkeen» proposamenak berriz inork ez ditu auzitan jartzen, inork ez du, haiek berriro aztertu beharraz hitz erdirik esaten.
Aspaldiko berreraikipen teorikoek badute beste ahulune bat, inoiz gutxitan aipatzen dena, filologia honen teologia bihurtze bidean oztopo bilaka ez dadin: Kronologiarena. Bilakabide fonetiko bat bikain aztertuta egonda, eta bera gidatzen duten arauak zalantza izpirik gabekoak izanda ere, ez dago modurik (salbuespen bakanen bat edo beste alde batera utzita), aldaketa horiek noiz gertatu ziren esateko. Gaurko hitz baten lehenagoko egoera ezagutu dezakegu, baina gehienetan ezingo dugu esan egoera hori duela mila urtekoa den, duela bi mila urtekoa den edo duela bost mila urtekoa den. Ez dakigu esaten ezta ere, hitz horren egoera horiek, gaurkoa eta lehenagokoa, elkarren ondoan bizi ahal izan diren edo zenbat denboraz bizi ahal izan diren. Horren inguruan egiten diren hipotesiak, gehienetan ez daude metodologia zientifikoan oinarrituta, filologoaren intuizioan baizik, eta beraz, dagokien balioa eman behar zaie. Mitxelenak hainbat pasartetan aipatu zuen gai hau.
En otro orden de casas, es esencialmente correcta, a nuestro entender, la intemporalidad que Pulgram asigna a las protolenguas. La comparación, en principio, restituye fonemas y formas que sitúa de una manera uniforme en un pretérito plano, sin profundidad sin que haya mayor garantía de que se trate de fonemas y formas rigurosamente contemporáneas y coexistentes: mejor dicho, han podido coexistir durante cierto tiempo sin que su primera aparición y su abandono o cambio en algo distinto hayan sido simultáneos. KM 1990
Se ha propuesto recientemente que las protolenguas deben también fecharse, aunque naturalmente en términos relativos, no absolutos. Se trata de una definición convencional: convenimos en llamar proto-germánico a la fase de una protolengua que empieza con tales o cuales cambios y acaba cuando se producen tales otros. Una definición de esta clase es naturalmente irreprochable, pero necesariamente vaga. Tiene además el inconveniente de que, por ser arbitraria, cada uno podrá fijar sus límites de una manera distinta. KM1990
Creo que, de acuerdo con lo que llevo expuesto, es razonable suponer que, en algún momento, aun por fechar ni siquiera aproximadamente, existió algo que con todo derecho podemos llamar protovasco (no *protovasco) que no fue una simple vue de l’esprit ni un espejismo de la reconstrucción, como decia Kurylowicz, sino la fuente unitaria dentro de lo posible de los dialectos vascos históricos. KM 1990
Hemen ere, harrigarri bezain irakasgarri gertatzen da Mitxelena irakurtzea eta egiaztatzea zeinen urrun dauden EFOren gaurko jarrera dogmatikoak maisuaren zalantza zuhurretatik. Mitxelenaren gutxi gorabehera ere esleitu gabe dagoen datatik, Irulegiko eskua idatzi zen garaian euskalkirik ez zegoela idaztera igaro gara. Egia da Mitxelenak data bat proposatu zuela balizko euskara batu horrentzat, baina garbi zehaztuta ez zuela egiten metodo zorrotz batek eman lezakeen sendotasunetik, sen hutsaren arinetik baizik, aukera txar guztien artean txukunena iritzi zionaren alde eginez, hoberik ezean. Eta azpimarratuta gainera, koiné edo aldaera nagusitu horren aurretik, euskalki mordoa bide zegoela, edozein hizkuntzaren egoera naturala hori baita.
Si postulo, pues, un euskaro (trato de evitar confusiones molestas con protovasco o con vasco antigua, que podrían tener distinta definición) coma base hasta cierto punto unitaria de las variedades vascas históricas que nos es dado conocer a lo largo de la historia, lo hago sólo en el supuesto de que se trataba de una koiné, de una lengua común que aproximo y unió una dispersión y una diversidad que habían sido mucho mayores. KM1990
Bidezkoa dirudi galdetzea zer gertatu den urte hauetan, esan bezala, ez dagoelako argitalpen espliziturik, berreraikipenen inguruko lehenagoko zuhurtziak eta badaezpadakoak baztertu behar direla iragartzeko. Bistan da endekapen bide batean abiatu dela oro har EFOa, agian, kontraste aukera gutxi eta teorizazio asko dagoen beste edozein jakintza arlotan gertatu ohi den moduan.
Seguru asko berreraikipen teorikoek datu berriekiko erakutsi duten egokitze maila eskasak kezkatuta, iazko abenduaren 28an argitaratu zen FLV 136. zenbakian, honako paragrafo hau irakurri zitekeen, EFOko bi kide gaztek Irulegiko eskuaren inguruan sinatutako artikulu batean:
No pensamos ni concluimos, por supuesto, que un texto datado en el s. I a. C. deba ajustarse perfectamente a las reconstrucciones del protovasco presentadas y consensuadas a lo largo del último medio siglo… Zuloaga & Ariztimuño 2023.
Gogoan hartuta 1995z geroztik berreraikipenen egokitasun absolutua zalantzan jartzen duen lehen aipamen idatzia dela, efemeride itzela da zalantzarik gabe. Halere, esaldi hutsean geratu da oraingoz, hortik berehala sortzen diren galderak ez baitira plazaratzen, eta are gutxiago, noski, horien erantzunak.
Berehalako lehen galdera zera da: posible baldin bada K.A.-ko I. mendeko euskarazko hitzen bat, espero dugun berreraikipen teorikoarekin bat ez etortzea, nola ezagutuko dugu hitz hori? Alegia, berreraikipen teorikoarekin bat ez datorren guztia baztertu ohi badugu, nola jakingo dugu bat ez datozen horien artean, zein onartu eta zein ez, zein euskaratzat jo eta zein ez? Hori argitzen ez den artean esaldia txorrotxio antzua da, ez du inolako ondoriorik.
Galdera horri erantzutea gakoa da, azken urteotako endekapen bidea zuzentzeko, dogmatismoari atea ixteko, metodoaren balioa eta irismena zehatz-mehatz definitzeko, baieztapen absolutuak benetan egin daitezkeenean bakarrik egiteko, berreraikipen teoriko bakoitzaren sendotasunari gradazio bat esleitzeko. Hitz bat, espero daitekeen berreraikipen teorikoarekin bat ez etortzea posible bada, horrek esan nahi du berreraikipen teoriko guztiek ez dutela sendotasun bera. Eta hori horrela bada, ezin dira guztiak Jainkoaren hitza bailiran erabili. Bereizten hasi beharko gara eta dagokion sendotasun maila esleitzen hasi bakoitzari.
Berreraikipenaz esan berri dugun guztia berdin edo are indar handiagoz esan daiteke kronologiari dagokionez. Ezinbestekoa da zuhurtzia eta apaltasun handiagoaz berrikustea esku artean darabilzkigun esleipen kronologikoak, batik bat azaltzen diren datu berriek zalantzan jartzen dituztenean. Mitxelenari irakurri dizkiogunak irakurri ostean, Irulegiko eskuaren garaiaz zera irakurtzen dugunean, En relación a ello y, especialmente, a la búsqueda de paralelos en datos y distribuciones dialectales, no debe obviarse la modernidad absoluta o relativa de los mismos: debe recordarse que las innovaciones y distribuciones dialectales que conocemos en época histórica no van más allá del Vasco Común Antiguo propuesto por Michelena (1981/2011) y datado últimamente en torno a los siglos VIII-X., bistan da Mitxelena berriro irakurtzea gomendatu behar zaiola hainbati.
Eta honenbestez iristen gara gutun honen azken salaketara. EFOko kideek asko dakite, erudizio handia dute, baina, salbuespenak salbuespen, ez dira zientzialari, bere buruari izen horrez iriztea oso gustuko badute ere. Erdi Aro usaineko metafora baliatuz, Zientziaren etxean Datua da jauna, Zalantza da andrea, eta Teoria berriz, morroia, andrearen agindupean jaunaren zerbitzuan diharduen morroia. Morroiak andrearen agintea arbuia dezake eta jauna bere mirabe ipini, baina hori ez da jada Zientziaren etxea izango, hori Dogmarena izango da. Zientziaren etxean datua da zerbitzatu beharrekoa. Teoria datuaren zerbitzurako dago, eta ez badu ongi zerbitzatzen, egotzi egiten da eta beste bat hobea ekarri. Datua ez dago inoiz teoria zerbitzatzeko. Datua eta teoria elkarrekin ondo ezkontzen ez direnean, teoria aldatzen da, hori baita Zientziaren etxean indarrean dagoen hierarkia.
Dogmaren etxean berriz hierarkia hori itzulipurdika iraulita aurkitzen dugu: Teoria da jaun eta jabe, eta datua, haren mesedetan diharduen morroia baino ez da. Zalantza berriz aspaldi egotzi zuten, etxe horretan etxekoandre premiarik ez dagoela esanda. Dogma-enean, Teoria eta Datua elkarrekin ondo ezkontzen ez direnean, Datua arbuiatzen da, Teoria ez duelako ondo zerbitzatzen. Honenbestez edonork ehiki ondoriozta dezake nor zein etxetan bizi den, eta nor ari den okerreko helbidea ematen.
EFOko kideek zientzialaritzat har ditzagun nahi badute, bi baldintza bete beharko dituzte: Lehena, hizkera aldatu eta zientzialarien esamoldeetara egokitu, oker-ezintasun usainak Aita Santuarentzat utzita. Zientzialari batek ezin du esan Irulegikoa euskara zaharra ez denik edo testu hori euskaratik ulertezina denik. Zientzialari batek esan behar duena da, esatekotan, Irulegiko testua ez datorrela bat euskara zaharra berreraikitzeko garatu den eredu teorikoarekin, modu honetan orobat zalantzan jarriz, bai testuaren euskaltasuna, bai eta haien metodoaren egokitasuna, biak baitira ezbaian daudenak, eta ez lehena bakarrik. Eta behin eta berriz azpimarratu esamolde hori, kazetariek eta orokorrean era guztietako berriemaileek ñabardura ongi barnera eta heda dezaten. Eta bigarrena, aurrekoari lotuta, orain arte erabili duten berreraikipen metodoa edo/eta horren irismena auzitan jartzen hasi, bertan hainbat oker egon daitezkeelakoan, Zientzian, datuak teoriekin ondo ezkontzen ez direnero egin ohi den legez. Bi baldintza horiek bete ezean jakintsu izaten jarraituko dute, baina ez zientzialari.
Irulegikoaz eta harago Irulegikoaz eta harago Irulegikoaz eta harago Irulegikoaz eta harago Irulegikoaz eta harago Irulegikoaz eta harago
Artikulu bera, izenburu ezberdinekin behin eta berriz argitaratu behar duzue?
https://zuzeu.eus/euskara/bakoitzari-berea-gizalegea/
Portzierto, hain artikulu antizientifikoak ez luke merezi zabalpen handiagorik.
Arrazoi osoa duzu, gure arteko uztartze eskasaren ondorioz plazaratu dut bigarrenez aurrekoaren berri ez nuela. Ezabatzera nentorrela irakurri dut zure iruzkina eta tira, asmoa bertan behera utzi dut biziki interesatzen zaidalako izate antizientifiko hori zertan datzan ulertzea, adierazteko lana hartu nahi badezu.
“Yaosvale” izen zientifikoa duk?
Ceinen ongui arguitua eta explicatua!
Bicain!
Anhitz esquer!
Guztiz eta zeharo zientifikoa izateko, Jaosbale beharko zukeen…
Alabaina, ez izenak eta ez artikuluak, ez dira zientifikoak ala antizientifikoak. Zientifiko eta egiazko ez baitira sinonimoak.
Eta haserre keinua aukeratu duten horiek, mutturrak jartzeaz aparte iritzia emango balute?
Metro kuadroko filologian adituen munduko kopururik handiena dugu; gehienak euskara pleistozenoan hitz egiten zela demostratzeko gauza eta hala ere euskara errekara doa erremediorik gabe. Herri patetikoa gurea.
Hemen hizpide dugun gutuna, filologo pleistozenozale horiek kritikatuz hasten da, eta euskaraz idatzita dago, aipuak salbu, errekarako patua saihesten laguntzeko. Beraz, Koinatuen Herriak dioenarekin arrunt bat egin arren, ez dut ikusten iruzkin hari honetara zertara datorren, despistatzera eta gaia aldatzen saiatzera datorrela ez bada. Hobe litzateke guztiontzat, Muturluzek zorrotz azpimarratu duen bidetik, zezena adarretatik oratu, gaiari atxiki eta guztiontzat ikasgarri izan daitekeen zerbait idatziko bazenigute haserre azaltzen zareten horiek.
Ni benetan kezkatzen nauena izengabetasunaren izenean egiten diren deskalifikazio merkeak dira, argudiatu gabeak alegia. Koaktiboak ere tartean tartean. Atzean dagoena ikerkuntza tribuna inkisitoriala dugu. Hitzaldietan hizlari asko beldurrez aritzen dira, gero bideo bidez mundu guztiak ikus dezakeelako bertan esandakoa. Publikoaren artean ere ez dira falta izaten dogma ofizial aratzak sutsuki defendatzeko lekaio eta ezkutari bipil lotsagabeak. Banbalinek, edo bertsio tradizionaleko laratzek, hitz egingo balute! Autozentsura bultzatzen duen eta debate zientifiko zabala eragozten duen gizartea ez da osasungarria, baina bai endekapenerantz garamatzana. Metodo zientifikoan benetan sinetsiko bagenu, teoria sendoak eraikitzeko lan hipotesien argudioen zuhurtziak eta zorroztasunak kezkatu beharko giztuzkete, ez bestek. Kontuak kontu, Hartsuagak eta mahairatu dutena funtsean horri buruzko kezka dela esango nuke.
Izenarenak gora-behera, niri oso esanguratsua iruditzen zait egunkariko idatzi horren sinatzaileen artean hizkuntzalaririk ez egotea. Harropuzkeria iruditzen zait halako idatzi baten bidez egin nahi izatea “Euskal Filologia Ofiziala” (sik) / Alternatiboa ¿¿ bezalako bereizketak, erabakitzea nor ari den zientziaren arauetara eta nor ez… Sahetsetik jarraitzen ditut nik gai hauek, baina ezagutzen ditut Fontes Linguae Vasconum-eko txostenetan parte hartu zuten bi gipuzkoar eta ofentsioboa ere iruditzen zait nori eta haiei esatea Mitxelena irakurri beharko luketela, Orotariko Euskara Hiztegia begiratzea aski zutela edo Etxeparek jadanik “zorion” dakarrela. Nik hemen “EFO” deitzen dituzuen horiengana joko nuke zuzenean, inor egunkarietan gutxiesten aritu baino hobeki, ezagutzen ditudan biak gisa oneko jendea baita (eta ikusi beharko zenukete zein mailatan darabilten Mitxelena, bide batez 1980 goiztiar haietan nire erakasle era izan zena denbora laburrez).
Ander:
Oroz ados zure baieztapen batekin: “Metodo zientifikoan benetan sinetsiko bagenu, teoria sendoak eraikitzeko lan hipotesien argudioen zuhurtziak eta zorroztasunak kezkatu beharko giztuzkete, ez bestek.” Hain zuzen, ez ote da hori Fontes Linguae Vasconum-eko egileei kritikatu zaiena? Ez ote zaie kritikatu “zuhurtzia eta zorroztasun” gehiegikoa eta, horren ondorioz, kontserbadore jokatu eta Irulegiko eskuko testua hizkuntza jakin batekin lotu ez izana?
Beste batek esanak balira konspiranoikoen zakuan sartuko nituzke KGB giroko iruzkin horiek. Baina Ander ezagutzen dut eta ez da alferrik hitz egiten duen horietakoa. Zur eta lur! Uste baino hagitz ustelago.
Sorabillakuari hitz bi: Zubi bat erori dela esateko bide-ingeniari izan behar al da? Gizaki arruntok ere esan dezakegu begien bistan duguna, gerok zubi bat egiteko gaitasunik ez dugun arren. Eta bi, iraintzeko asmorik gabea zenez, Mitxelena berriro irakurri beharra iradokitzen duen aipua, autorea aipatu gabe plazaratu den bakarra da, eta berariaz egina izan da. Azkenik, argi geratu ez bada, zientzilari izana ukatzea, datuekin gaizki ezkontzen den teoria auzitan jartzeko keinu izpirik ez egiteari zor zaio. Bego azpimarra berriro.
“EFO” delako hori ez da bloke monolitikoa, jakina. Neuk ere, haietariko batzuekin harremana daukat eta haiekin ditudan ezadostasunez mintzo naiteke lasai asko; beste batzuekin, ordea, zailagoa da hori. FLVeko txostenean idatzi zutenek ere, eta idatzi zutenak batez ere, ez dute uste komunik adierazten. Zeinek bere opilera arrimatu zuen sua, batzuek zuhurrago, bestetzuek ausartago. Zuhurtziarena, noski, kontzeptu malgua eta subjektiboa da. Nolanahi ere, Igartua, esaterako, Irulegiko testuaz iritzia azaltzen lehendabizikoetarikoa eta bakarrenetarikoa izan baitzen, Gorrochetgui baino askoz ere zuhurrago azaldu delakoan gehientsuenok egon gaitezke ados. Ni mesfidati horietakoa naiz eta ezer zuhurrik esateko ez daukagunean, isilik egotea hobe dela defendatzen dut. Horretan ez nator inola ere bat Hartsuagarekin, ezta “EFO” osoa eta honetan aritzen garen filologoen metodoa oro har, hola erabiltzearekin. Kritika hori eta beste hainbat egin nizkion gutuna argitaratu arretik. Zernahi gisaz, manerak alde batera utzita, dogmatismoaren eta zuhurtziaren lasaikeriaren salaketan zuzen dabiltzala esango nuke. Euskararen historia ezin da erabateko askatasunaz eta lasaitasunaz ikertu. Aurreiritziak, dogmatismoa, ideologizazioa, lubakiak… nonahi eta noiznahi azaltzen dira. Horixe da niretzat benetan erdiragarria.
Ez, jakina, zubi bat erori dela esateko inork ez du ingeniari izan behar. Aldiz, zubi hori nola eraiki zen, nola egituratzen den, zergatik erori den edo zergatik erori den erori den eran erabakitzeko… bai. “Gizaki arruntok ere esan dezakegu begien bistan duguna” diozu: jakina, adierazpen askatasuna horretarako dago. Aldiz, zuhurtzia minimoa duen edonorentzat badira zenbait seinale susmagarri. Bat, adituek (horiek ere gizaki arruntak) argi ez ikustea edo muga batzuk ez gainditzea. Bi, zuk hain garbi ikusten duzun hori zuk bakarrik ikusten duzu, “gizaki arrunten” bestelako hogeitaka irakurketa baitaude.
Teoria/datuak dikotomia dela-eta, uste dut abiadura ustela dela eta horrek hondatzen duela guztia. Berreraketak muga eta arazo asko ditu hemen eta hor (beste uste ustel bat da berreraketa euskararako edo euskara ikertzaileek asmatutako teknika dela), baina datuak ditu oinarri. Aipatzen dituzuen egileen lanak irakurri ditut jarraitu ahal izan ditudan neurrian eta izpirituarekin geratzen naiz: zuk badituzu 5 datu ziur eta horietan oinarriturik egiten duzu proiekzio bat, 5ak azaltzen dituena. Agertzen da datu bat gehiago, berria baina iluna edo zalantzazkoa… Alda zenezake teoria datu hori azaltzeko, bai, baina aldaketa horrek ezin ditu utzi azaldu gabe aurretik ere bazenituen 5 datuak.
Ander:
Orohar ados nago zure planteamendu gehienekin. Ez dakit zein diren “EFO” horren mugak. Nor dago kanpoan eta nor dago barruan? Zergatik? Igartuaz batera, Martínezek eta Abaituak ere hasieratik azaldu zituzten zalantzak eta foru pribatuagoetan beste batzuk ere bai, nahiz eta azken hauek denbora eskatu izan duten “astiro aztertzen ari gara” eta “idazten ari gara” adieraziz hainbaten antsietate ulergarriaren aurrean.
“Euskararen historia ezin da erabateko askatasunaz eta lasaitasunaz ikertu. Aurreiritziak, dogmatismoa, ideologizazioa, lubakiak… nonahi eta noiznahi azaltzen dira” diozu… Bai eta ez. Nik eztabaida etengabeak ikusi ditut azken 20 urteetan. Unibertsitateetakoak zurrun ikusten ditut haien posizioetan, nahiz eta haiek ere ez datozen bat euskararen historiari buruzko eztabaidetan (garai batean Lazarragarekin sortu zen eztabaida Patri Urkizu dela eta, orain euskalduntze berantiarrarekin, euskalkien sailkapenekin egon diren tirabirak…). Era berean “EFO”aren kontrako erasoak eta konspirazio susmoak etengabeak dira bereziki Veleia auzitik hona: Espainiaren mende direla, Guardia Zibilak direla, ertzainekin poteatzen dutela, Espainiak eskupekoak ematen dizkiola… Neronek ikusiak dira bi eskratxe zuzen hitzaldi banatan orain hamarkada bat. Bakoitzaren ideietan sartu gabe, Elexpururen ildoa hor dago, Nabarralderena ere bai, Euskararen jatorria elkartekoena ere bai (orain haserreak bitarteko hor ere bereizketak), Onomastika elkartearen ekarpena hor dago… Ez dirudi mundu homogeneo zurruna.
“Ni mesfidati horietakoa naiz eta ezer zuhurrik esateko ez daukagunean, isilik egotea hobe dela defendatzen dut” hau bikaina iruditzen zait alde batetik, baina bestaldetik uste dut horretan aditu direnei ere exijitu ahal diegula (eta hor bai “EFOaz” ari naiz) dakiten gutxia edo askoa adierazteko eta azaltzeko.
Sorabillakuari. Lehenik eta behin mila esker tonuagatik eta taxuz erantzuteko lana hartzeagatik. Gustua ematen du horrela. Anderri erantzunez azken paragrafoan idatzi duzunetik abiatuta, esan beharra daukat, inoiz adeitasunari eusten zerbait huts egin badut, EFOkoen isiltasun maiestatikoa eteteko asmoz izan dela, kilkerra ez baita zulotik ateratzen belar-muturraz zirikatu ezean. Ez naiz halere inor mindu zalea, salagarri ikusten dudana salatzeko garaian ahoan bizarrik izaten ez badut ere. Natorren bada, esaten dizkidazunak aurkakotu eta zehaztera, txar hartuko ez didazulakoan, nik zureak txar hartu ez ditudan bezala. Nik garbi ikusten dudan hori nik bakarrik ikusten dudala diozu, eta ulertzen dut argitaratu dudan interpretazio proposamenaz ari zarela. Bi gauza honi buruz: Bat, inoiz ez dudala aldarrikatu proposamen hori testuaren interpretazioa dela, (interpretazio bakarra, alegia) behin eta berriz azpimarratu baitut, koherentzia semantikoa baduela, baina, egon daitezkeela baldintza hori betetzen duten interpretazio gehiago. Ondo ezagutzen nauen Anderrek badaki nire etxean Zalantza dela etxekoandrea. Eta bi, ez nagoela bakarrik, bai baitut irizkiderik, eta ez nolanahikoa gainera. 2022ko abenduan proposatu nuen zori = zorte baztertu behar zela eta zorhi= heldu irakurri, eta urtebete geroago nor eta Lakarra jauna agertu zait horretan irizkide. Ezin nezake ametsetan ere horrenbeste irudikatu. Gainerakoaz ezer esan ez duenez ez dakit irizkidetza hori zerbait urrunago hedatzen denentz. Eta berreraikipenez diostazunak komentatzeko, berriro azpimarratu nahi dut gutunean ageri den kritika ez dela berreraikipenen kalitateari buruzkoa. Dakidanaz hitz egin eta ez dakidanaz galdetu eta ikasi, hori dut goiburu eta praxia. Burutik pasatu ere ez zait egiten nik baino gehiago dakienari zuzenketak egitea, … nik baino gehiago dakien horretan. Horregatik gutunean ez da konparatzen adituek esaten dutena, aditu ez garenok esaten dugunarekin. Konparatzen dena da adituen iritziak, aditu beroien iritziekin, lehengoak oraingoekin. Eta kritikatzen dena ez da inoiz arlo teknikoari dagozkion kontuak, hortik kanpo gertatzen direnak baizik. Kritikatzen da, lehenago berreraikipenen balioa erlatibizatzen zuten aditu berberek, gaur egun dogma moduan aurkeztea, tartean aldaketa horren arrazoirik adierazi ez dutenean. Hori egiten dugunean ez zaigu burutik pasatu ere egiten berreraikipenak eztabaidatzen hastea adituekin. Bai zera! Kritikatzen da, baita ere, adituen behialako esanetan, zalantzazkoak ziren hainbat aspektu gaur egun modu dogmatikoan erabiltzea. Esate baterako berreraikipenen kronologia eta aldaeren norainoko garaikidetzarena. Hori guztia, adituen lana zuzentzeko asmo izpirik gabe. Adituen hitzak aditu berberen hitzekin konparatuz. Ez al da zilegi horrelako konparazioak egitea titulu egokirik ezean? Laburbilduz, Ander betiereko aurkari eta halere lagunari hamaika aldiz esan diodan bezala, metodoa kritikatzea baino, konklusioen irismenari dagokio kritika, eta zilegi da zeharo, konklusioen irismena, aditu arloaz kanpo geratzen delako. Honen adibide batez amaituko dut oraingo hau. Balizko goi-erdi-aroko euskara batuaren hipotesian, datua, adituek aurkitu duten eta inork zalantzan jartzen ez duen datua zera da, XVI-XVII. mendeko euskara jasoak, Mendebaldetik Ekialderaino,, XX. mendeko euskalkiak baino berdinagoak, hurbilagoak direla. Hori da datua. Hortik aurrerako guztia espekulazioa da. Ez dago formula matematiko bat hizkuntzen dialektalizatze-abiadura kalkulatzeko, eta beraz ez dakigu hizkuntza guztiek abiadura bera edo bertsua duten, zer-nolako aldeak egon daitezkeen abiadura horien artean, abiadura hori uniformea ote den hizkuntz beraren baitan edo zer aldagai sozio-politikok azkartu edo moteldu dezaketen. Hau gutxi balitz, eta euskararen kasuan, ez dakigu balizko batu zahar hori, konkista eta garbiketa etniko baten ondorioz sortu zen, ala Elizaren lan pastoraletik zabaldu zen eta apurka-apurka tokian tokiko euskalkiak tintatu zituen. Bistan da bata izan ala bestea, zeharo aldatzen dela euskalkien adinaren auzia. Gutunean adierazten dena da, hain sendotasun herbaleko oinarritan jarrita ez dela ez zuhur, ez zientifiko, irulegiko testuak erakusten bide duen joera dialektala besterik gabe baztertzea. Eta adeitasun osoz eta inor mintzeko asmorik gabe, iritzi horri eusten diot begi-bistakoa deritzodalako. Dena den, beti bezala, aurkako argudioak entzuteko prest. Izan ondo
Ni ez naiz hizkuntzalaria, baina arkeologiaz zerbait badakit, eta esaldi honekin:
“Egun oraindik, ostraken taxuzko azterketa fisiko-kimikoak egiteke diraute, faltsutasunaren hipotesia erraietaraino irentsi duten erakundeek eta gizarteak alferreko irizten dietelako.”
Esango dit baten batek ze froga eskatzen diren, zehatz-mehatz, frogaren izena, eta zer demostratu nahi den froga zehatz horrekin? Zein dira eskatzen diren “azterketa fisiko-kimikoak”?
Kaixo aspaldiko. Hariaren norakoa zeharo aldatzeko beldurrez bada ere, erantzungo dizut. Nik ere ez dakit zehatz-mehatz zein diren ostraken kasuan egin daitezkeen azterketa horiek, baina badakit ordea, epaiketa egin zenean zer ikustea espero nuen (eta ikusi gabe geratu nintzen). Lehenik eta behin espero nuen fiskaltzak eta salatzaileek erakustea faltsutzea nola egin zen, denek ikus genezan, hori baita errugabetasun presuntzio testuinguru batean salatzaileek egin behar dutena, derrigorrez. Ostraka lehun bat ekarri, zerbait grabatu eta alkimia apur batez haren gainean karbonato zolda hazi arazi. Eta ondoren zalantzapean daudenekin konparatu eta fisiko-kimikoki aztertuta (Madariagaren txostenean bezala esate baterako) batzuk eta besteak berdin-berdinak direla erakutsi. Eta espero nuen bigarren gauza, ikusi ez nuena hau ere, zera zen, egiten zen edozein azterketa fisiko-kimikoan, zalantzan zeuden piezak, zalantzan ez dauden beste batzuekin konparatzea, emaitzak berdinak edo ezberdinak ote ziren erakustearren. Bi gauzok zeharo elementalak diren arren arras huts egin dute tamalez.
Tira…
Erraiten nengoen ezen ezertan aurrera egin badugu, iberieraren ezagutzan izan dela.
Adibidez, Irulegiko brontzeko ESKUA ren kasuan.
Badakigu euskeraz eta Iberieraz idatzita datzala,; aldiz, Iberieraz silaba osoekin idatzita dago; ostera, euskeraz KLABEAN datza, hotz, bokal Edo kontsonante soil baten atzean BERBA osoak ezkutatzen dira.
Orduko euskaldunek bazekiten zeintzuk hitz ziren, baina oraingoek ez dakigu Zar datzan T edo N edo E soil horien atzean.
Hori iberieraren bidez bai jakin dezakegula.
Izan ere, demagun T N E
bigarren lerroko hasierako zeinuak:
T N: ta-an da, euskal aditza, eta hurren letra (E) “ekuzu” da: “ikus ezazu” (Iberieraz)
Beraz: “begira eta ikus ezazu”
Jarraitzea nahi?
Bada, bide seguruena euskera-iberieraz partekatzen diren morfemei jarraitzea da:
ER : ertza, ertzeko
UKU: leku
TZA: ugari
ES SE: etsea
“zein leku hoberik etxe hau baino berton egoteko?”
Juan Inazio zu filologoa zara ezta?
Milesker! ez dut uste eztabaida desbideratzea denik, artikuluak berak batera jartzen ditu. Irulegiko intertpretazioaz egiten dituzuen salaketa asko kontuan hartzekoak dira, eta zentzuzkoak. Pena da tartean Iruña-Veleia sartu izana.
Harrigarria egiten zait frogak eskatzea zein froga eskatzen diren argi izan gabe. Are harrigarriagoa Udaletan mozioak onartzeko kanpainak egitea, zer eskatzen den argi izan gabe.
Askotan aipatu dugu, baina berriro esango dut: epaileak ez daki deus arkeologiaz. Epaileak esan balu benetazkoak direla, faltsuak direla esaten jarraituko nuke. Ni arkeologiara mugatzen naiz Iruña-Veleia iruzurra dela esateko. Ez politikara, eta ez zuzenbidera.
Kritika zilegia iruditzen zait artikuluan egiten duzuena, pena Iruña-Veleiaren aipamen tristea.
Guztiz ados. Iruña-Veleiako aferan gauza asko ondo ez baziren ere, ezin daiteke Irulegikoarekin nahasi. Arkeologiari dagokionez, lehen ez bezala (Iruña-Veleian), oraingoan tentu handiz egin da dena. Filologiari dagokionez, ordea, lehen erdipurdiz eta orain ere, halamoduz. FLVeko txostenean argi geratu da ezin dela ezer ziurtasunez baieztatu, ez dagoela gutxieneko euskarririk, alegia. Hori, pieza aurkeztu zenean ere bagenekien. Argi zegoen hasierako beroaldiak gauza onik ekarriko ez zuena baina entzungor egin zuten batzuek eta aurrera egin zuten itsuka. Orain hasierako txingarrak itzali behar, beranduegi, alabaina.
Ez naiz lizentziatua (ez filologian, ez arkeologian 😉 baina lizentzia hartzera noa, zera esateko: Irulegiko testuaren kasuan, FLV-Fontes-en argitaratzea horrela adituen iritzia (aditu batzuren iritzia) komunikazio estrategia bat iruditu zait, iritzi publikoan eragiteko estrategia bat izan dela, eta ez eztabaida zientifikorako.
Horrela esan eta gordinegia da, agian?
Niru ustetan, ez da “normala”, ez da “ohikoa” (edo bai?) Fontesek, zientzia aldizkari batek, halako iritzi parrastada argitaratzea, bat bestearen atzetik, bakoitzak gai beraren arlo desberdinak landuz, aurretik bakoitzari zegokion zeregina banatuta zegoela argi utziz. Bakoitzak bere zatitxoa lantzen du baina, zati guztien artean, puzle bat osatzen dute, zalantzazko mezu orokorra, euskararekin zer ikustekorik ez duelaren iritzia, adituen epaia..
Hala jasotzen zuten biharamunean komunikabideek, kasik ahobatez. Gutxi gora behera: bukatu zaizkie aleluiak, ez da euskara, ez dirudi “vasconicoa” denik ere…
Baina, Fontesek “Varia” alorrean (oso bakan) argitaratzen dituenak iritziak dira, kualifikatuak baina usteak, parekideen kontrasterik izan ez duten iritziak.
Irulegiko testuari eta kontestuari buruzko artikulu zientikoak “Paleohispanica” eta “Antiquity” aldizkarietan argitaratutakoak dira eta hor zuhurtziaz mintzo dira Aiestaran eta Gorrotxategi eta Velaza, neurrian, hipotesia moduan dena (hala behar ere) baina “baskoien baskoiera” dela ez da zalantzarik, izenburuan bertan: “A Vasconic inscription on a bronze hand: writing and rituality in the Iron Age Irulegi settlement in the Ebro Valley”.
A, baina prentsak ez du horrera begiratu; beraz, publikoak ez du ikusi. “Fontes” izan da “iturri” bakarra.
Iruña-Veleiakoa aipatzea ez dakit zergatik den tristea, Izan ere, aipamen zeharo deskriptiboa da, ostraken benetakotasunaz edo faltsutasunaz txintik esaten ez duena. Ez al gaude denak ados, epaiketa egin zenerako faltsutasun presuntzioa erabat zabalduta zegoela gizartean eta presuntzio hori batik bat argudio filologikoetan oinarritzen zela? Ez al gaude denak ados epaiketan zehar fiskaltzak aurkeztu dituen froga fisiko-kimikoak, kontrasterako patroi edo erreferentziarik gabe egin direla? Ez alda egia objektiboa, Madariagaren txostena ez dela epaian aipatzen? Ez al dago nahiko garbi ez naizela ostraken benetakotasuna defendatzen ari, epaiketaren txapuza salatzen baizik?:Bego berriro esanda ba. Alderdi arkeologikoari dagokionez berriz,- ez da hari honen gaia baina aipamenak egin direnez gero-, espezialistek, Harris jauna bera tartean, Eliseoren taldearen lanari argi eta garbi oniritzi zioten oker ez banago. Iruña-Veleiaren inguruan gehiegikeria kospiranoikoak badirenik ezin uka, noski, baina horrekin bukatzeko bidea izan behar zuen epaiketa, horren elikatzaile bilakatu bada, nori egotzi errua?
Iruña-Veleia aipatzea ez da ez triste ez eta desegoki ere, zeharo eta arrunt bidezko eta logiko baizik. Izan ere, artikuluan zehar egiten diren aipu konparaketen bidez ondorioztatzen da, EFOan sarritan, badaezpadakoak, erreserbak eta muga zuhurrak bazter utzita, esan daitekeena baino gehiago esaten dela, esan horien egiantzari dagokionez gradaziorik egin gabe, era dogmatiko absoluto samarrean. Eta jarrera hori berdin egon da Irulegin eta Iruña-Veleian. Badakit alde batetik ez direla konparagarri, Iruña-Veleiako hainbat ostraken faltsutasunaren alde egon daitezkeen argudio filologikoak oso sendoak direlako. Baina sendotasun filologikoa beti da zalantzapekoa eta horregatik ezin da inoiz azken hitza izan. Sendotasun filologikoa erabili behar da ikerketa fisiko-kimikoa gidatzeko. Inoiz ez, ikerketa hori behar bezala egitea oztopatuko duen iritzi publikoa gidatzeko. Uste dut azken iritzi honetan dugula desadostasuna.
Kaixo Iban. Erdi Aroan norbait epaile aurrera eramaten zutenean gaiztakeriaren bat egin zuelako, epaileak ez zuen galdetzen “zer egin du?”, “nor da?” baizik, eta azken honen arabera epaitu ohi zuen. EFOan ere, ohikoa denez “hau nor da?” galdetzea “zer dio?” aztertu ordez, ez dut nor naizen esaten, naizena ukatzen zaidanean ere. Hau edo bestea izanda ere, diodana ez delako fitsik aldatzen, eta diodan horretan jarri nahi dudalako azpimarra.
Kaixo,
“Ez al gaude denak ados, epaiketa egin zenerako faltsutasun presuntzioa erabat zabalduta zegoela gizartean eta presuntzio hori batik bat argudio filologikoetan oinarritzen zela?”
Ez, ez gaude. Arkeologiatik soilik agerikoa da iruzurra, filologia sartu gabe. Kaltzita zoldaren etenak ikusi besterik ez dago, zein hizkuntzatan idatziak dauden begiratu beharrik gabe, faltsuak direla ondorioztatzeko.
Eta bai, pena da Iruña-Veleia sartu izana testuan. Pena da oraindik Iruña-Veleia benetakoa izan daitekeela eztabaida zientifiko serio batean planteatu nahi izatea.
Eta Harrisek babestu duena indusketa izan da, ez du idazki bat bakarra abalatu. Adierazi du horrelako lanak hartzea piezak faltsutzeko sinesgaitza egiten zaiola, baina ez du gehiago esan, ez gutxiago. Pieza guztiak benetakoak dira, eta 1800 urte pasa dituzte lurpean, eta ongi atera dira lurretik, estratigrafia kontuan izanda. Hori da Harrisek, eta edozein arkeologok esan duena. Besterik da piezen gainean idatziak dauden horiek noizkoak diren.
Pena da biak nahastu nahi izatea.
Pena horrekin utziko zaitut ba, nahiago baduzu. Eta gai honekin gehiago ez naizela endredatuko hitz emanez, kaltzita zoldaren etenaren kontu hain erabakior hori epaian non aipatzen den azaltzeko eskearekin amaituko dut. Honenbestez agur eta ondo izan.
Ba ote!, hemen azaltzen den idatziaren gaia desbideratzen ari zarela iruditzen zait. Hemen ez da epaitzen Iruña-Veleiako idazkiak faltsuak diren ala ez, horrek ez dauka inolako zerikusirik Irulegiko eskuarekin. Kontua da zientzialariek zuhurrak izan behar dutela aditu rolean egiten dituzten adierazpenetan, eta zuhurtzia eta hizkera zientifiko hori (zeinek ez baitu diziplina konkretu batekin zerikusirik, baizik eta zientzia guztien jokamolde irizpideekin) ez dela nagusi izan zenbait aditu ezagun eta konkreturen ahotik, ez Irulegiko kasuan, ez Iruña-Veleiakoan. Alde horretatik, erabat egokia da Iruña-Veleian erabili zen hizkera desedoki hori gogora ekartzea, pertsona berberek erabili baitzuten (nik zehazki baten kasua oso argi gogoratzen dut).
Zehazki, eta seguru nago honekin bat etorriko zarela, zientzialari batek ezin du esan: “Hori ezinezkoa da, teoriarekin bat ez datorrelako”, edozein diziplinatakoa izanik ere.
Eta hori entzun dugu, eta salagarria da, jarduera zientifikoaren irizpideen kontra doalako.
Ba ote, ez zaitut bada penatan utziko albait, ez horixe.
Hartsuagaren baimenaz eta irakurleentzat ere ikusgai, honatx Ba ote behin eta berriro eskatzen ari den “kaltzita zoldak”:
https://ibb.co/nsPpcV4
https://ibb.co/jbCjMTH
https://ibb.co/q7n1LTb
https://ibb.co/YdyZNBh
https://ibb.co/jDTsGXv
Ongi igo baditut, hilabete batez hor egonen dira, loturak desagertu arte.
Argazkietan: piezen aurpegi belztuetan edo/eta idazkunen ildotxoetan azaltzen diren “zikin graka horiek” zeraren ebidentziak dira: burdin oxihidroxidoak (hala uste dut deitu ziola teknikoki Madariagak) eta urteak eta urteak eman behar ditu piezak lurpean (lurpeko hezetasuna lagun) horiek hala osatu ahal izateko.
Madariagak eta bere ekipoak laborategian halako zerbait sortzerik izan omen zuten baina lau egunetako lana eskatzen omen du bakoitzeko, eta hala ere ezinezkoa hain perfektuki kaltzita zoldak banatzea.
Pentsa zer nolako artista dugun Iruña-Veleiako “faltsukeri perfektuaren” ustezko egilea.
(Barka, Juan Inazio; gosez ez genuen bada utziko Ba ote arkeologo gizona !!)
Milesker, Antton
Pieza horietan nik lurra ikusten dut, ez kaltzitarik. Argazkian bederen.
Zuzeuko beste iruzkin batean aipatu dut Madariagaren txostena eta bere ondorioak, hemen: https://zuzeu.eus/euskara/faltsua-omen-da-irulegiko-inskripzioa/
Argazkiekin behintzat, jarri dituzun irudietan ez dut kaltzita zoldarik inskripzioen gainetik ikusten.
Eta ez dut gehiago desbideratuko gaia, lasai egon denok. Pena da Iruña Veleia iruzurra Irulegiko eskuarekin nahastea. Ez du batere mesederik egiten. Eta idatzian egiten diren kritika zilegiak baztertzeko bide erraza zabaltzen da.