Irtenbide faltsurik ez: Palestina askatu, Israel borrokatu!
Irtenbide faltsurik ez –
Palestinari buruz hitz egitean, egoera honi amaiera emango dioten irtenbide posibleak entzuten dira nonahi. Palestinarekin Elkartasunatik, palestinar erresistentziaren aldarria gure eginda, argi esaten dugu irtenbide bakarra Palestina osoaren deskolonizazioa eta entitate sionistaren desagerpena dela. Hau da, egoera koloniala gainditzeko bide bakarra deskolonizazio prozesu oso bat da, Israelgo egitura kolonial eta politiko-militarren desegitea eta sionismoaren deuseztatzea inplikatu behar duena. Zentzu horretan, pasa den maiatzaren 18an milaka lagun mobilizatu ginen Iruñeko kaleetan, bi estatuen irtenbide faltsua agerian utziz eta Palestinaren askatasuna Israel desagertzeko beharrarekin lotuz.
Ildo horretatik, azken egunotan, maila internazionaleko hainbat agentek egindako adierazpen eta mugimenduen inguruan, beharrezkoa ikusten dugu zenbait ideia konfrontatu eta gezurtatzea. Izan ere, hauek behar bezala kokatzen ez badira, Palestinaren mesedetan egindako ekintzak izango balira bezala ager daitezke-eta.
1. Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzak duela zenbait egun egindako atxilotze eskaera. Bertan Benjamin Netanyahu eta Yoav Gallant Israelgo ministroak eta Yahya Sinwar, Mohammed Deif eta Ismail Haniyeh palestinar erresistentziako kideak atxilotzeko eskaera egin zuen. Horren aurrean, argi esan nahi dugu: ebazpen hau onartezina eta koloniala da. Erasotzailea eta erasotua parekatzen ditu. Zapalduaren autodefentsa kriminalizatzen du, gatazkaren ardura bi bandoen artean banatzen duelarik. Baina hemen ez dago berdinen arteko gatazkarik. Hemen, entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat daude. Beraz, ezin dira inolaz ere zapaltzaile eta zapaldua berdindu. Ez da konparagarria basakeria koloniala, jatorrizko herri baten autodefentsa zilegiarekin.
Bestalde, gatazka despolitizatu eta norbanakoengan zentratzen du. Sarraskiaren eragileak pertsona konkretuak izango balira bezala eta ez entitate sionistaren izaera bera. Egungo agintariak kenduta, bestelako Israel bat existitzea posible balitz bezala. Eta hiru militante kenduta, erresistentzia bukatuko balitz bezala, zapalkuntza egoera objektibo baten fruitua besterik ez denean. Baina ez dezagun geure burua engainatu. Israel kolonialismoa, okupazioa, genozidioa eta apartheida da. Ez dago Israel aldatzerik, bere jatorri eta izatetik bertatik, bortxa, garbiketa etnikoa eta sarraskia bere DNA-n txertatuta baititu. Era berean, Palestina zerbait bada bere erresistentzia da, eta gaur arte iraun badu, horrexegatik da. Hori dena gutxi balitz, eskaera onartuta ere, ez luke Netanyahuren Gobernuaren kontrako eragin zuzenik izango, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez baitauka eskumenik Israelen.
2. Palestinar Estatuaren aitortza, Espainia, Irlanda eta Norvegiako gobernuen partetik. Hasteko, azpimarratu nahiko genuke Espainiako gobernu “progresistak” bultzaturiko ekintza
hau itxurakeria elektoralista besterik ez dela, ekainaren 9an izango diren europar hauteskundeei begira egindakoa. Dena den, erabakia hartu den dataz harago, hau ez da irtenbide bat inondik inora:
- Zein estatu aitortu dute? Zisjordaniako lur zati isolatuak eta Gazako sarraski-esparrua? Hori ez da Palestina: Palestina Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora doan lur-eremua da. Gaur egun palestinarren esku gelditzen diren ogi-apurrak palestinar Estatutzat jotzea Nakba justifikatzea da, okupazioa eta kolonizazioa zilegiztatzea eta entitate sionistari existitzeko eskubidea aitortzea. Baina Israelek ez dauka existitzeko eskubiderik, lurralde bat okupatu, kolonizatu eta bertan garbiketa etniko baten bitartez ‘estatu’ bat sortzea ez baita eskubide bat.
- Nor aitortzen dute? Agente gisa, Palestinar Aginte Nazionala da aitortzen eta hauspotzen dutena, Israelekiko menpekoa den instituzio kolaborazionista, palestinar erresistentziaren aurkako errepresioan funtsezko papera betetzen duena eta bere herriaren begietan zilegitasuna galtzen ari dena. Palestinar erresistentziaren buruzagitza desplazatzeko eta Palestinar Aginte Nazionalak sinesgarritasuna berreskuratzeko saiakera da, palestinar herriaren ordezkari gisa indartzeko.
Palestinar Estatua aitortzea, entitate sionistaren aurkako eta deskolonizazio prozesu oso baten aldeko borroka bati lotuta ez doan bitartean, Israel beraren existentzia aitortzea da. EBren nahiz NATOren agenda inperialista ezartzen eta Israel armaz hornitzen ari diren bitartean, eta bere kontrako boikotaren, desinbertsioen eta zigorren bidez Israelgo Estatua presionatu gabe, palestinar estatua aitortzea ekintza sinboliko bezain hutsala da, entitate sionistaren krimen lazgarrien aurkako haserrea baretzeko eta Palestinaren aldeko elkartasun mugimendua itzaltzeko mekanismo gisa erabilia dena. Azken batean, egoera dagoen bezala uztea da, okupazioak eta genozidioak bere horretan jarrai dezan ahalbidetzeko baldintzak ezartzen baititu.
Hortaz, bai Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ebazpena eta baita Europako hainbat estaturen aitorpenak ere, helburu berdina duten mugimendu gisa ulertu behar ditugu: bi estatuen irtenbidearen ideia indartu, Israelen existentzia zilegiztatu eta Palestinar herriaren ordezkaritza otzan eta ‘onargarri’ bat hauspotzea, erresistentzia eta elkartasun internazionalista bigarren plano batean kokatuz. Mugimendu hauen hutsaltasunaren erakusgarri da hauen ondoren genozidioa gelditu edo “leundu” beharrean, azken egunetan entitate sionistak Rafah-ko bonbardaketa gogortu izana, “zonalde seguruetan” hamarnaka errefuxiatu bizirik kiskaliz.
Horren aurrean gure posturak argia izan behar du. Alde batetik, gure eginkizun internazionalista da, palestinar erresistentzia kriminalizatu nahi duten ebazpen kolonialen aurrean, honi gure babes osoa adieraztea. Bestalde, ezinbestekoa da bi estatuen irtenbide faltsua konfrontatzen jarraitzea. Palestinar Estatua aitortzeak ez ditu errefuxiatuak etxeratuko, ez ditu preso politikoak askatuko, ez du apartheida deuseztatuko eta ez du okupazioa eta kolonizazioa amaituko.
Ez ditzagun Palestinar herriari inposatu nahi zaizkion irtenbide faltsuak erosi. Palestina osoaren askatasunaren alde eta entitate sionistaren eta bere konplizeen aurka borrokatzen jarrai dezagun!
PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
Ez naiz luze jardungo, ez du merezi eta. Kontu ttipi batzuk baino ez.
Juduak duela 2.000 urte bere lurraldetik erbesteratu zituzten, armaz eta bortxaz. Palestina Filisteoen lurraldea da, ez arabiarrena. Juduek, euskaldunek bezalaxe, agian ez, munduan leku bat izateko eskubidea dute. Arabiarrak, or har, herririk inperialistena eta xenofoboa dira. Galdetu kurdu, amazhig, kopto eta gainerakoei. Islama eta demokrazia, ilustrazioa, giza eskubideekin bateraezina da zeharo. Palestinar asko, seguruenik, gelditu ziren judu bakan batzuen ondorengoak dira, baina Israel ez da lurralde arabiarra. Jerusalem juduen hiriburua izan da beti, nola Iruñea den euskaldunena.Iranen emakumeak hiltzen ari dira ez dutelako, hau da, behartzen dituztelako zapia janztera. Eta hemengo ezkerra ustezkoa isilik, Edo alde. Negargarria.