Irrati-lizentziak esleitzeko Dekretuak: beste aukera galdu bat

irrati-lizentziakEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kezka handiz hartu du Hego Euskal Herrian hemendik gutxira esleituko dituzten irrati-lizentziak hautatzeko bai Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak onartu dituzten lehiaketa-oinarriak.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esleipenei buruzko iritzia agertu du: “Euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzen ari den honetan, azpimarratu nahiko nuke euskaraz bizi nahi duen herri bati ez diotela erantzuten bi gobernuek onartutako oinarriek, eta beste behin, euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko izan dituztenean, euskaldunak baztertu egin dituzte, ez dituzte espazioak euskalduntzeko urrats eraginkorrik eman, uhinak euskalduntzeko erabaki irmorik ez da hartu.”

Bilbaok bi gobernuek argitaratutako oinarrien balorazio berezituak egin ditu:

EUSKO JAURLARITZA

1986tik ez da inolako erabakirik hartu irratietan euskararen presentzia arautzeko. Kontseiluan beti gogorarazi dugu hizkuntza-politika bi bidetatik egin daitekeela: arau bidez eta laguntza bidez. Dekretua oso berandu datorrela adierazi behar dugu. 1991tik hona euskaldunon kopuruak EAEn 181.000 egin du gora, eta halaxe gogorarazi digute Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik azken inkesta soziolinguistikoaren datuak aurkezterakoan. Hartara, ez du zentzurik gero eta hiztun gehiago garela esateak, eta irratietan euskararen presentzia bermatzeko erabakirik ez hartzeak. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika kudeatzen dutenek beti adierazi dute progresibotasunaz jardun behar dela, eta irrati-lizentziak esleitzeko Dekretuan ez zaigu iruditzen progresibotasun horri erreparatzen zaionik.

Bilbaok gogora ekarri du Lurreko Telebista Digitalen esleipena, izan ere, oraingoan, orduan ez bezala, egia da eremu bakoitzean euskarazko irrati bati lizentzia utziko zaiola, eta hori positiboki baloratu behar da. Finean, Kontseiluak kritika zorrotza egin zuen LTDren esleipenean ez zelako bermatzen gutxienez kate bat euskarazkoa izango zela eta oraingoan hori zuzendu dute. Halere, iruzurra ere aurreikus daiteke irratien esleipenean, euskarazkorik aurkeztu ezean, lizentzia horiek gaztelaniazko irratiek har ditzaketelako. Horrekin batera oso kezkagarria iruditzen zaigu euskara hutsez emitituko duten irratientzako lizentzietatik kanpo ez dela euskararen tasarik ezartzen.  “Derrigortasunik ez da ezartzen, eta modu apalean baloratzen da euskararen presentzia, finean, 2012an egin beharreko esleipen batean programazioaren %5 baino gehiago egiteagatik 5 puntu emateak edota %50etik gora egiteagatik 10 puntu ematea benetako iruzurra iruditzen zaigu” adierazi du Kontseiluko ordezkariak. Bilbaok salatu du horrek beste behin erakusten duela agintari politikoek geure hizkuntzaren berreskurapen-prozesua enpresen, kasu honetan irrati-kateen, borondatearen esku uzten dutela, eta azken urteotan ikusi ahal izan dugu zer-nolako jarrera erakutsi duten ia gehienek: “Gobernuek hizkuntza-normalizazioan urrats eraginkorrak emateko arau egokiak abian jarri behar dira, oso kezkatzen gaitu haien betekizunak hirugarrenen borondatearen esku uzteko jarrerak”.

Are gehiago, Bilbaok salatu du 1986ko Dekretuan berariaz jasotzen zela EAEko bi hizkuntza ofizialen erabilera orekatua egin behar zutela, eta oraingo Dekretu berrian irrati gehienek ez dutela zertan hitz bat bera ere euskaraz egin behar. “Nola ulertu, esaterako, Azkoitirako esleituko den irratia gaztelania hutsean egotea? Ez al zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak berriki adierazi kezkaz bizi zutela euskarazko arnasguneen hauskortasuna?” galdetu du Paul Bilbaok.

NAFARROAKO GOBERNUA

Bilbaoren arabera Nafarroako Gobernuak esleipenetan euskararen inguruan ezarritako oinarriak Gobernu horrek euskararen aurka daraman hizkuntza-politikaren isla da “euskara hutsezko kateentzat lizentziarik ez du gorde, eta euskaraz emititzeagatik esleituko duen puntuazioa eskasa da oso” azaldu du. Gainera, gogoratu du Nafarroan hizkuntza-eremuen bidez ezarrita dagoen bidegabekeriari eusten diola euskaraz emititzeagatik esleitzen den puntuazioan.

Kontseiluko idazkari nagusiak Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideekin daraman politikaren jarraipena dela uste du: “Euskarazko hedabide ez-publikoak dirulaguntzarik gabe utzi ditu, EAEko euskarazko telebista publikoa ikusteko aukerak itxi ditu… euskararen desagertze soziala helburu duen politikan kokatu behar dugu Nafarroak Gobernuak argitara eman duen Dekretua”.

Hori horrela izanik ere, Bilbaok urteetako bidegabekeria bati amaiera emateko aukera ere badagoela adierazi du: “Jakin dakigu Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratiari lizentzia ez ematea erabaki politikoa dela, baina espero dezagun oraingoan amaiera emango zaiola egoera horri”.

HIZKUNTZA POLITIKA BERRI ERAGINKORRAREN BEHARRA

Kontseiluak definitua duen Hizkuntza politika berri eraginkorrean hedabideen inguruan hartu beharreko neurriak ere jasoak ditu. Bilbaok esan bezala: “Kontseiluak ohikoa duen moduan, diru-inbertsioen bidez eta arau bitartez lotu beharrekoa bereizten du, eta horren arabera egiten ditu proposamenak. Arau-bitartez lotu beharrekoari dagokionez, batetik euskara hutsezko irratiei dagokienez, euskaldunak %75tik gora diren eremuetan esleitu beharreko irratietan zerbitzu guztiak euskara hutsezkoak izatea; euskaldunak %50-%75 bitartekoan direnetan gutxienez hiru laurdenak euskara hutsez: %25-50 bitarteko eremuetan gutxienez erdiak euskara hutsezkoak eta hortik beherakoetan gutxienez batean.

Horrekin batera, euskara hutsez emititzen ez dutenentzat, Euskal Herrian hedatzen diren hedabideek euskararen erabilera kuota legez ezarria izango dutela agertzen du Kontseiluaren proposamenak. Kuota kalkulatzeko uneko ezagutza-tasari 10 puntu gehituko zaizkio, eta tasa hori lau urtez behin berritu beharko litzateke. Horrekin batera, diru-laguntza bidez hornituko lirateke tasa gainditzen duten hedabideak, beti ere ahaleginaren arabera; eta euskara hutsezko hedabideek laguntza berezia jaso beharko lukete.”

Halaber, kuotak ezartzeaz gain horiek beteko direla bermatzeko mekanismoak ere abian jarri behar direla berretsi du Kontseiluko idazkari nagusiak: “Lurreko Telebista Digitalean kuotak ezarri ziren, eta egun ez dira betetzen.

Beldur gara ez ote den gertatuko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Dekretuarekin bezala, alegia, euskara-kuotak betetzen direla egiaztatzeko denbora agortzen denean, araudia aldatzeko tentazioa izatea eta moratoriak luzatzea. Hori iruzurra izateaz gain, euskaldunon aurkako bereizkeria larria eragingo luke. Horrexegatik irratien lizentzia-esleipenean ere kuotak ez ezik, horien bermerako mekanismoak ere txertatu beharko lituzkete” erantsi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Kontseiluko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak aukera garrantzitsu bat galdu dutela ondorioztatu du eta, horren karira, “euskarari irrati-uhinetan espazio berriak ez eskaintzeak euskararen normalizazio-prozesuan aukerak galtzea ekarriko du. Hortaz, herritarrok euskaraz bizitzeko nahiari are determinazio handiagorekin eutsi beharko diogu eta bidegabekeria hauei guztiei erantzun beharko diegu” gaineratu du .

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.